Uztailaren 29tik abenduaren 12ra Ekintzaile laguntza eskatzeko aukera egongo da. Programa horrek 2,1 milioi euroko zuzkidura du. Aurten, Eusko Jaurlaritzak enpresa berritzaileak, ahal dela industriakoak, sortzen lagunduko du SPRI Taldearen bidez. Dirulaguntza itzuli beharrik gabekoa eta gehienez 30.000 eurokoa izango da. 2021ean, ekintzailetzako 124 proiektu onratu ziren programaren bidez.

Programa honek laguntza ematen die enpresa berriei aurrera egin dezaten euren bideragarritasun-azterketa, martxan jartze eta umotze prozesu osoan. Horretaz gain, enpresei aholkularitza eta azpiegiturak emango zaizkie, bertan koka daitezen. Gainera, finantzaketa eskuratzen laguntzen du lehen fasean garatutako enpresa-plana gauzatzeko egin beharreko inbertsioetarako.

Diru-laguntza jasotzen duten proiektuek BICen babesa behar dute. Horiek Euskadiko enpresak berritzeko zentroak dira, eta enpresako proiektu berriak ekoizpen sarean sartzeko bitarteko dinamizatzaile gisa ari dira. Helburua da proiektua aurrera eramatea arrakasta lortzeko berme onenekin, konpromisoa hartuta berrikuntzarekin eta lehiakortasunarekin.

Programara aurkezten diren enpresak 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera sortuak izan behar dira. Hala ere, salbuespen gisa, laguntza argitaratzen denetik bi hilabeteko epean, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutakoak ere aurkeztu ahal izango dira. Horretaz gain, enpresek gutxienez hiru lanpostu sortu beharko dituzte hiru urteko epean.

Negozio berriak sortzeko planentzako dirulaguntzak aholkularitza tekniko aditua ordaintzeko erabiliko dira. Enpresak sortzeko laguntza horietan honako gastu hauek sartzen dira: enpresa arloko prestakuntza, kanpoko aholkularitza eta laguntza teknikoa, prospekzio-azterketak, azoketara joatea eta merkataritza-prospekzioak egiteko bidaiak egitea edo maketak eta prototipoak sortzea. Bi kasuetan, proiektu bakoitzerako itzuli beharrik gabeko gehieneko dirulaguntza 30.000 eurokoa izango da.

Finantzaketa Luzaro erakundearekin sinatuko den hitzarmen baten bidez izapidetuko da, eta honako hauetarako erabiliko da: lokalak berritu eta egokitzeko, makineria eta ekipamendua erosteko, industria-ibilgailu edo altzarietarako, informatika-aplikazioetarako, industria-jabetza eta jabetza intelektualerako, eta administrazio-pizgarrien edo frankizien kanonetarako.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago