Euskal berrikuntza nazioartean kokatu da berriro, M-ERA.NETen azken deialdian euskal enpresek parte hartuko duten bi proiekturen hautaketari esker. Material aurreratuetan ikertzeko lankidetzaren Europako sarea da M-ERA.NET.
Alde batetik, PARACELSis proiektuak finantzaketa lortu du deialdian. Proiektu horren helburua da silizioan eta kalkopiritan oinarritutako tandemeko eguzki zelulen garapenean aurrera egitea, energia sorkuntza fotovoltaikoan efizientzia energetikoa hobetzeko ahalmen handia duen teknologia bat baita. Turkia, Frantzia eta Espainiako erakundeek osatutako nazioarteko partzuergoak Mondragon Assembly euskal enpresaren parte hartzea du, modulu fotovoltaikoak ekoizteko automatizazio soluzioetan erreferentea eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako bazkidea.

Hautatutako bigarren proiektua, CERMIC, egitura konplexuetako berrikuntzetan oinarritzen da, 3Dko mikrobiloak dituzten materialak eta estaldura aktiboak erabiliz, gaitasun handiko iragazte sistemak hobetzeko. Partzuergo horretan Danimarkako, Espainiako eta Esloveniako erakundeek parte hartzen dute, eta euskal bazkidea Biosnar Consulting SLU da, bioteknologia aplikatuko soluzioetan espezializatua.

Innobasqueren parte-hartzea M-ERA.NET webgunean

M-ERA.NET 35 herrialdetako nazioko eta eskualdeko 49 finantzaketa-agentzia biltzen dituen funtsezko ekimena da, Europar Batasuneko herrialdeak eta nazioarteko bazkideak (Hego Korea, Brasil, Kanada edo Hegoafrika, besteak beste) barne hartzen dituena, materialen eta fabrikazio-prozesuen arloan sortzen ari diren teknologien garapena laguntzeko. Europako industriaren lehiakortasuna indartzea du helburu, eragin handiko proiektuetan ikerketa-zentroen eta enpresen arteko lankidetza erraztuz.

Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasque, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan ari da, euskal enpresek M-ERA.NET deialdietan parte har dezaten errazteko. Hazitek programaren bidez, Eusko Jaurlaritzak Europako sare horren deialdiekin bat egin dezaketen I+G proiektuak finantzatzen ditu. Bestalde, Innobasquek aholkularitza espezializatua, prestakuntza eta informazioa eskaintzen ditu, euskal enpresek eta erakundeek programa horietan duten parte-hartzea maximizatzeko.

Laster irekiko da 2025eko deialdia, eta euskal enpresek parte hartzeko beste aukera bat izango dute. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak informazio-webinar bat deituko du estatuko gainerako finantzaketa-agentziekin lankidetzan, deialdi honen xehetasunak interesa duten erakunde guztiei hurbiltzeko. …

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago