Hamabi ikaslek, beste 120 ikasle baino gehiago ordezkatuz, Bilboko Arte Ederren eskultura baten lapurreta ebazten parte hartu dute. Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Buruzagitzak Miguel de Unamunoren bustoaren (Victorio Machok egina) lapurreta irudikatu du, eta “agente” gazteek krimena ebatzi dute. Horretarako, ikasgeletan ikasitako diziplina zientifiko eta teknikoei buruzko ezagutzak praktikan jarri dituzte. Horrela, polizia zientifikoak nola lan egiten duen ezagutu dute, eta ikusi dute lanbide horrek prestakuntza zientifiko-teknologikoa beharrezko duela.

Ikerketa Forensic Science proiektuaren parte da. Proiektu hori Ertzaintzak eta Gaztelueta ikastetxeak sustatzen dute, eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren lankidetza dauka. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren STEAM (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikaren ingelesezko akronimoa) Euskadi Estrategiaren parte da, eskolako etapa guztietan prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzeko eta esparru horretan bokazio profesionalak inspiratzeko xedea duena.

“Polizia zientifiko” berriek krimenaren eszenan gertatutako ebidentzia zientifikoak bildu eta Ertzaintzako profesionalen aurrean beren ondorioak defendatu dituzte. Halaber, prozesuan zehar zenbait gaitasun landu dituzte, hala nola talde-lana, ikerketarako gaitasuna eta pentsamendu kritiko eta sortzailea.

9 ikastetxetako ikasleek parte hartu dute: Artxandape ikastola, Somorrostro heziketa-zentroa, Gaztelueta ikastetxea, El Regato ikastetxea, JM Barandiaran Bigarren Hezkuntzako Institutua, Irlandesas eskola, Lauro ikastola, Urdaneta ikastetxea eta Urretxindorra ikastola.

Izen handiko 16 profesionalez osatutako batzorde zientifiko batek aholkularitza eman dio proiektuari:

  • Juan Vicente Bilbao, Ertzaintzako Polizia Zientifikoko burua.
  • Ana Barrilero, Bizkaiko fiskalburua.
  • Francisco Etxebarria, UPV/EHUko Lege eta Auzitegi Medikuntzako irakaslea.
  • Fernando Plazaola, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa.
  • Concepción de la Rúa, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailekoa.
  • Esther Rebato, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailekoa.
  • Elena Vecino, UPV/EHUko Medikuntza Fakultateko Zelulen Biologia eta Histologiako irakaslea.
  • Pilar González, Kimikari eta Ingeniari Kimikoen Elkargo Ofizialeko dekanoa.
  • Luciano Azpiazu, Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargoko dekanoa.
  • Victor de la Peña, UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolako irakaslea.
  • Santiago de Pablo, UPV/EHUko Letren Fakultateko Historia Garaikideko irakaslea eta Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako kidea.
  • Andere Larrinaga, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Artearen Historia eta Musika Sailekoa.

Forensic Sciencek euskal gazteriaren zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzen du, eta arrakastaz txertatu da honako herrialde hauetan: Finlandia, Polonia, Frantzia, Italia, India, Australia, Mexiko, Kanada eta Filipinak.

Informazio gehiago hemen.

 

Partekatu albiste hau