Euskadiko ikertzaileek 6.000 zientzia-argitalpen baino gehiago egin zituzten lehen aldiz 2017an, eta horrek esan nahi du zientzia-ekoizpena % 50 gehitu dela azken 6 urteotan. Datu hauek Euskadiko Zientziari buruzko 2018ko Txostena delakoan agertzen dira; txosten hau Ikerbasquek egiten du eta zientzia- eta ikerketa-ekoizpenaren eremuan 2007-2017 artean izandako emaitzak jasotzen ditu, Euskadin martxan jarri diren zientzia, teknologia eta berrikuntzako azken planen eragin edo ondorioak barne direla.

Txostenaren arabera, Euskadik Espainiako estatuan eta munduan duen pisua hazi egin da iraunkortasunez azken hamarkada honetan. 2017an, Euskadiko zientzia-ekoizpena Estatuko guztiaren % 6,5 izan zen.

Euskal zientziaren eragin edo inpaktu normalizatua ere (arlo bakoitzean batez bestekoari buruzko aipu-kopuruaren arabera neurtua) gehitu egin da azken hamarkadan, eta eremu honetan lider diren autonomia-erkidegoen artean kokatu da.

Halaber, Euskadi izan zen I+G jardueretan 2016. urtean bere BPGaren % 1,8 baino gehiago inbertitu zuen erkidego bakarra. Gastu horretatik % 16 oinarrizko ikerketara bideratu zen.

Bestalde, Euskadiko Zientziari buruzko Txostenak euskal lidergoa nabarmentzen du I+G+b finantzatzeko Europako ‘Horizon(te) 2020’ programaren per capita itzulkin edo erretornuan, milioi bat biztanleko 188 milioi euro gureganatu zirelarik 2014tik 2017ra bitartean.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago