Euskadiko enpresa-elkarteen eta klusterren erradiografia jasotzen duen Industria Abagunearen Behatokiak kaleratutako azken txostenak Euskadiko ekonomia hobetu egin dela baieztatu du. Aztertutako 17 erakundeen artean gehienek igoerak izan zituzten 2016ko azken seihilekoan I+G+b-en erabilerarekin, eskariekin, fakturazioekin eta enpleguarekin lotuta. Aurtengorako, haiek guztiek fakturazioa, eskariak, enplegua eta esportazioak areagotzea edo mantentzea aurrez ikusi dute.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazitakoaren arabera, jarduera industrialaren igoera bereziki sektore hauetan gertatu da: bio-osasuna, automobilgintza, elikadura, energia eta fabrikazioko teknologia aurreratuak. Sektore horietako enpresen % 80k jarduera hobetzea aurrez ikusi du. Horiexek dira, hain zuzen ere, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jasotako RIS3 espezializazio adimentsuko Euskadiko estrategiaren Euskadiko lehentasun estrategikoak.

Industria Abagunearen Behatokia Bilbon elkartu da ostiral honetan datuak aztertu eta etorkizuneko aurreikuspenak azaltzeko. Txostenaren emaitzak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak, Arantxa Tapiak, aurkeztu zituen eta datuekiko oraindik ere zuhur agertu zen arren, Euskadiko ekonomiaren bilakaerarekin lotuta “sentsazio onak” zituela esan zuen.

Lanak sektore hauen egoera nabarmendu du batez ere: automobilgintza, bio-osasuna eta tren-ekipamenduak. Sektore horietako enpresen % 80-% 100ek adierazi du haien egoera hobetu egin dela 2016ko azken seihilekoan. Gainera, beste sektore batzuetan ere (elikadura, eduki digitalak, energia, habitata, ingurumena, siderurgia, fabrikazioko teknologia aurreratuak, EIKTak eta garraioa, mugikortasuna eta logistika), enpresen % 60k adierazi du haien jarduera handitu egin dela azken sei hilabeteetan. 

2017. urterako aurreikuspenei dagokienez, bio-osasuneko enpresen % 100ek eta automobilgintzako, elikadurako, energiako eta EIKTko enpresen % 80k espero du bere jarduera hobetzea. Aztertutako 17 enpresa-elkarte eta kluster horietako bakar batek ere ez du aurrez ikusi bere jardueran jaitsiera gertatzea.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak aurtengorako hazkunde-aurreikuspenak gorantz berrikusi berri ditu; igoera % 2,5 eta % 2,2 artekoa izango da 2018rako.  

Produkzio Industrialeko Indizea % 2,3 hazi zen, eta hortaz, hiru urte daramatza hazten. Gainera, Gizarte Segurantzako afiliazioek 2007tik izandako batez besteko hazkunde handiena lortu zuten 2016an, % 2koa hain zuzen, eta hala, hazkundea erregistratu da hiru urtez jarraian. Industria sektorean bost hiruhilekotan jarraian hazi dira Gizarte Segurantzako afiliazioak. Era berean, enpresen konfiantzaren indizeak % 1,1 egin du gorantz 2017ko lehen hiruhilekoan, 2015eko azken hiru hilabeteekin alderatuta, eta 130,9an kokatu da.

Sektoreka, honako hauek izan dira datuak:

Aeronautika: Hegan elkarteak, 45 konpainia biltzen dituenak eta konpainia horien bidez 2016an 4.225 langile enplegatu zituenak, 906 milioi euro fakturatu zituen aurreko ekitaldian; 2015eko datuekin alderatuta, igoera % 1ekoa izan zen. Aurten esportazioak fakturazioaren proportzio berean haziko dira, besteak beste, aeronautika sektoreko enpresak 4.0 industriari egokitu zaizkiolako. % 5eko hazkundea aurrez ikusten da aurten, eta sektorearen egoera ona da, nahiz eta beharrezkotzat jotzen den prest egotea lehiakortasunari eusteko.

Elikadura: Elikadura klusterrak 5.234 lagun enplegatzen dituen 72 enpresa biltzen ditu, eta 1.639 milioi euroko fakturazioa izan du. Aurreko urteetan sektorea asko ahuldu bazen ere, azken seihilekoan fakturazioa mantendu egin zen, eta hobetu egin ziren esportazioak, enpleguaren eta enpresen sorkuntza, eta I+G+B arloa. Aurten parametro guztiak handitzea espero da: negoziotik hasi eta lanpostuetara arte.

Automobilgintzaren sektorea: Acicae klusterrean 24.102 lagun enplegatzen dituzten 120 enpresa biltzen dira eta 2016an 14.800 milioi euroko fakturazioa izan dute. Aurreikuspenen arabera, aurten ere goranzko joerari eutsiko dio eta hobekuntzak espero dira eskaeretan, esportazioetan, enpleguaren eta enpresen sorkuntzan eta I+G+b arloan.

Bio-osasuna: Basque Health Cluster klusterrak 1.611 lagun enplegatzen dituzten 32 enpresa biltzen ditu eta 361 milioi euroko fakturazioa izan du. Iazko parametro guztiak hobetu ditu, eta aurreikuspen onak ditu 2017rako. Honako hauek haztea aurrez ikusi dute: fakturazioa, eskaerak, esportazioak eta enplegua. Goranzko joera are hobea da esportatzen duten enpresetan. Oso sektore intentsiboa da I+Gn, eta bere lehiakortasuna horrexen mende dago.

Eraikuntza: Eraikune klusterrak 5.500 laguni lana ematen dieten 61 enpresa biltzen ditu, baina sektorean 22.600dik gora enpresa eta 63.000tik gora lanpostu daude. Krisiaren eragin handiena jasan duen sektoreetako bat izan da, baina iaz hobetu egin zituen eskaerak eta fakturazioa. Aurtengo ekitaldirako espero da % 3 igoko direla eskaerak eta fakturazioa hobetuko dela. Aipatzekoa da hazten ari dela klusterreko enpresen esportazio- eta nazioartekotze-jarduera.

Eduki digitalak: Eiken klusterrean 126 enpresa biltzen dira eta 2016an 792 milioi euroko fakturazioa izan dute. Sektore honek ere gogor jasan zuen krisiaren eragina, baina iaz % 4 hazi zen bere fakturazioa. Aurtengo ekitaldirako espero da negozioa % 1 haziko dela.

Energia: Energia klusterrak 13.348 lagun enplegatzen dituzten 352 enpresa biltzen ditu eta ia 44.000 milioi euroko fakturazioa izan dute. Iaz hobetu egin ziren eskaerak eta enplegua, eta mantendu egin ziren fakturazio eta esportazio arloetako datuak. Aurtengo ekitaldirako aurreikuspenen arabera, parametro guztiak hobetuko dira, Estatuan gorantz egingo duelako berriztagarrien merkatuak.

Tren-ekipamenduak: Mafex elkarteak 11.700 enplegu eta 1.800 milioi euroko fakturazioa duten 34 enpresa biltzen ditu. Iaz jarduera hazi eta enplegua % 5 handitu ondoren, sektoreak aurten ere jarduera mantentzea espero du, eta enpresen kanpo-ekintza funtsezkoa izango da horretarako.

Galdaketa: Elkarteak 7.188 enplegu dituzten 55 enpresa jasotzen ditu, eta 1.206 milioi fakturatu ditu 2016an. Iazko ekitaldian jarduera mantendu egin zen, eta aurten espero da fakturazioa, enplegua eta enpresa kopurua hobetzea.

Habitata eta Contract: Habic klusterrean 5.585 langile enplegatzen dituzten 115 enpresa biltzen dira eta 1.320 milioi euroko fakturazioa izan dute. Fakturazioa % 3 hazi zen iaz, eta aurreikuspenak onak dira 2017rako, espero baita negozioa % 2-3 haziko dela.  Enpresek I+Gko inbertsioa mantendu dute, eta baita apur bat handitu ere.

Itsas industria: Euskadiko Itsas Foroa klusterrean 12.720 lagun enplegatzen dituzten 238 enpresa biltzen dira eta 2.645 milioi euroko fakturazioa izan zuten 2016an. Nahiz eta esportazioek eta enpleguak okerrera egin iaz, fakturazioa mantendu egin da eta aurten eskaerak eta negozio-zifra hobetzea espero da. Esportazioek funtsezkoak izaten jarraitzen dute, fakturazioaren % 65 suposatzen baitute, baina sektoreak moteltze-fasea bizi du une honetan.

Ingurumena: Aclima klusterrean 4.700 lagun enplegatzen dituzten 90 enpresa daude eta 1.818 milioi euroko fakturazioa izan dute. Fakturazioa, esportazioak eta I+G hobetu ziren iaz, eta ekitaldi honetan jarduera mantenduko duela aurrez ikusten da. Azpimarratzekoa da atzerriko fakturazioak hazten jarraitzen duela.

Papera: 2.190 lagun enplegatzen dituzten 33 enpresa biltzen ditu sektoreak eta 1.043 milioi euroko fakturazioa izan dute. Azken seihilekoan eskaerak eta fakturazioa jaitsi ondoren, aurten negozioa hobetzea espero da.

Produktu eta instalazio siderurgikoak: Siderex klusterrean 13.313 lagun enplegatzen dituzten 49 enpresa biltzen dira eta 2015ean 3.162 milioi euroko fakturazioa izan dute. Lehen seihileko txarraren ostean, aurrez ikusitakoa baino hobetu bukatu zen iazko urtea, fakturazioa hazi egin baitzen azken hilabeteetan. Enpresak inbertsio handiak egiten ari dira I+Gn, eta 2017an jarduera mantenduko dela espero da.

Fabrikazioko teknologia aurreratuak: AFM klusterrak hazkunde moderatua izan du makina-erremintaren fakturazioan, eta eskaera-zorro handia du. Aurtengo ekitaldian negozioa eta enplegua mantentzea espero da.

EIKTak: Gaia klusterrak 11.450 lagun enplegatzen dituzten 247 enpresa biltzen ditu; 3.085 milioi euroko fakturazioa izan zuten iaz. Negozio-zifra % 4 hazi zen, aurrez ikusitakoa baino gutxiago, baina 2017an ere goranzko joera mantentzea espero da. Euskadi, Espainia eta Europako ingurune industrialekin lotutako eskaerak gero eta ugariagoak dira.

Garraioa, mugikortasuna eta logistika: Mugikortasun eta logistika klusterrak 139.629 lagun enplegatzen dituzten 100 enpresa biltzen ditu eta 2016an 22.887 milioi euro fakturatu zituzten guztira. Aurtengo ekitaldian fakturazioa eta enplegua hobetzea espero da.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago