2024an 433 antolakundek eta 720 profesionalek hartu dute parte ‘Formakuntza Berrikuntzan’ programan. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, diseinatutako programa horretan guztira 46 ikastaro izan dira, eta antolakunde bakoitzak, batez beste, 2 ikastarotan (2,18)hartu du parte 2024an. Euskadiko enpresen eta antolakundeen gaitasun berritzailea bultzatzea da programa horren xedea.
Estaldurari dagokionez, hiru lurraldeetan egin dira programa eta ikastaroak, eta parte-hartzea ere halaxe banatu da Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba artean. Programaren aurrez aurreko eskaintza hori online formakuntzarekin osatu da. Horrek nabarmen erakusten du Innobasqueren konpromisoa Euskadiko enpresa eta antolakunde sarean berrikuntza eta I+G arloa kudeatzeko gaitasuna sendotzeko.
2024ko formakuntza-katalogoa gaikako hiru bloke nagusitan egituratu da, profil desberdinen beharrizan zehatzei erantzuteko: ETEak, beren I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten antolakundeak eta Innobasqueko erakunde bazkideak. Guztira, 21 ikastaro eman dira ETE-ei bideratuta, 7 Europako laguntzen inguruan eta 18 berariaz bazkideei zuzenduak.
Gaika, besteak beste, honako interesguneak jorratu dira formakuntzan: digitalizazioa, negozio-ereduak, merkatu-analisia, Horizon Europe programaren aukerak, eta indar hartzen ari diren joerak, hala nola adimen artifizial sortzailea. Berrikuntzaren ikuspegi praktiko eta erabilgarria eman nahi izan da ikastaro horietan, betiere enpresen beharrizanei eta erronkei loturik.
Berrikuntza-prozesuei aurre egiteko tresna praktikoak eskaintzeaz gain, Innobasqueren formakuntza-eskaintzak zubi lanak egiten ditu antolakunde partaideen eta berrikuntzaren euskal ekosistemaren artean, sinergiak eta lankidetzarako aukerak sustatuz.