Euskadik I+G arloan aurten egingo duen inbertsioa inoizko handiena izango da, %8,4 haziko baita iazkoarekin alderatuta, eta 2.400euroko langara hurbilduko da. Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea, Imanol Rego, eta zuzendari nagusia, Leire Bilbao, aurreikuspena osatzen lagundu duten enpresen ordezkariekin elkartu dira lana aurkezteko eta berrikuntzaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko. I+Gko enpresa-inbertsioaren % 40 ordezkatzen duten hamazazpi konpainia trakziogilek esku hartu dute aurreikuspenaren lanketan, eta berretsi dute ezinbestekoa dela gastu hori handitzen joatea, testuinguru geopolitiko ezegonkor honetan oparotasuna bermatzeko. Hitzorduan izan dira, orobat, Eusko Jaurlaritzako Zientzia eta Berrikuntza sailburuordea, Adolfo Morais, Berrikuntzako zuzendaria, Maialen Agirre, Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Jaione Ganzarain, eta Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria, Alberto Fernández.
2025erako Euskadiko I+Gko inbertsioaren zenbatespena egiteko, Ikerketa eta Teknologiaren Euskal Aliantzak (BRTA) eta enpresa hauek parte hartu dute: Aernnova, Arteche, Ayesa, CIE Automotive, Dominion, Faes Farma, Gestamp, Iberdrola, Ingeteam, Irizar, ITP Aero, Corporación Mondragón, Sener, Sidenor, Tubacex, Ulma eta Velatia. Konpainia horiek 86.000 milioi euroko fakturazioa dute eta 240.000 pertsona enplegatzen dituzte mundu osoan. I+Gko bere jarduera Euskadin, 500 milioi euro ingurukoa, euskal I+Gko enpresa-finantzaketa guztiaren % 40 inguru da.
AEBetako gobernuak martxan jarritako neurri protekzionistek eta neurri horiek gure industriako sektore giltzarrietan –hala nola automomilgintzan– izan ditzaketen ondorioek kezka sortu badute ere, azterlanean parte hartu duten enpresek azpimarratu dute aurreikuspen baikorrak dituztela, bai negozioen bilakaerari buruz eta bai I+G arloko beren jarduerari buruz. Era berean, Draghi txostenak azpimarratutako moduan, EB desabantaila egoeran dagoela uste dute konpainia horiek, eta, horrenbestez, ezinbestekotzat jotzen dute apustu egiten jarraitzea jasangarritasunaren, eraldaketa digitalaren, Adimen Artifizialaren eta I+G arloa dibertsifikatzearen alde, gaur egun indar hartzen hasi berriak diren teknologien garapenarekin sor daitezkeen aukera berriak aprobetxatzeko. Puntu horretan, Euskadiko berrikuntza ekosistema egiten ari den lana nabarmendu zuten, bai berrikuntza irekiaren sustapenean eta bai jakintza berria eskuratu nahi duten antolakundeen eta hori bideratzeko gai diren ‘startup’ eta eragile zientifiko-teknologikoen arteko lotura lanak egiten.
Innobasquek urtero egiten du I+G arloko inbertsioa aurreikusteko azterlan hau, zazpigarrena da aurtengoa. Aurtengo analisiaren arabera, 2025ean Euskadik beste urrats bat emango du aurrera Europar Batasuneko eskualde berritzaileenetako bat izateko bidean, eta 2.395 milioi euro inbertituko ditu I+G arloan. Neurriaz ohartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinaren %2,37 da kopuru hori. Estimazio horren arabera, 2024an 2.210 milioi eurokoa izango da inbertsioa. Aurreikuspen horien arabera, 2025ean hazkundea %8,4koa izango da, eta 2024an, %10,4koa, 2023ko inbertsioen inguruan Eustatek emandako datu ofizialak aintzat hartuta (datu horien arabera, 2023an 2.002 milioi eurokoa izan zen inbertsioa).
Hazkunde hori jarraitua da 2016tik, eta horren oinarrian eragile ekonomiko guztien engaiamendua dago, baina batez ere enpresa sektorearena. Innobasquek eginiko aurreikuspenaren arabera, euskal enpresek 1.389 milioi inbertituko dituzte I+Gn, 2024an baino %10,3 gehiago. I+G arloan gehien inbertitzen duten herrialdeetan gertatzen den moduan, enpresen inbertsioa nabarmen handiagoa izango da administrazio publikoek egingo dutena baino, nazioarteko finantzaketaren eskutik iritsiko dena baino eta beste iturri batzuetatik –unibertsitate-funtsetatik eta irabazi asmorik gabeko erakundeen dohaintzetatik, adibidez– etorriko dena baino. 2025eko aurreikuspen horien arabera, EAEko administrazio publiko guztiek 777 milioi inbertituko dituzte (aurreko urtean baino %6,7 gehiago); nazioarteko finantzaketaren eskutik 178 milioi iritsiko dira, eta beste iturrietatik, 51 milioi.