Hannover Messe munduko industria-azokarik garrantzitsuena da eta azoka nagusia puntako teknologia, material aurreratu eta industria-berrikuntzentzat. Erakusketa honek zortzi azoka garrantzitsu batzen ditu gune bakar batean: I+G, industria-automatizazio eta IT, industria-hornikuntzak, ingeniaritza, zerbitzuak, energia eta ingurumen-teknologia. Aurten 6.500 erakusketari bilduko dituen munduko erakusleiho handi honetan, Euskadik bere fabrikazio-estrategia aurreratua, Basque Industry 4.0, aurkeztu du, Europan erreferentziazkoa den industria-ekosistema berritzaile bat bezala kokatzeko nazioartean. Gainera, 26 euskal erakunde ere izango dira topaketa honetan euskal industriaren ahalmena erakusteko: Betico Compressors, Xubi Engranajes, Jaure, Goizper, Grindel, NBI Bearings Europe, Iraundi, Stern Hidráulica, Desarrollos de Proyectos Hidráulicos, Niasa Neff y Asociados, Merytronic 2012, Pronutec, Fanox Electronics, Uriarte Safybox, Electrotécnica Arteche, Bilboko Merkataritza Ganbera, Lesol, Gurelan, Fundigex, Fundiciones Aizpurua, Lazpiur, Laminados Losal, Forging Products Trading, Fastenex, Egondo.

Azokari hasiera gaur goizean eman dio Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta apirilaren 28ra arte luzatuko da. Edizio honetan Polonia izango da herrialde gonbidatua.  Zehazki esanda, edizio honetan 1.700 hitzaldi eta panel baino gehiago izango dira, eta gaur egungo industriaren giltzarri edo funtsezko puntuak ezagutu ahal izango dira horietan. Alemaniako azokaren bisitarien %95 negozioak egiteko interesa duten profesionalak izaten dira, eta %64 enpresetako goi-zuzendariak. Gainera, akreditaturiko 2.500 kazetari baino gehiago eta 2016an erregistraturiko ia 200.000 bisitariak abagune handia dira euskal enpresentzat. Merkelek iragarri du industria 4.0-n elkarlaneko robotak (cobot-ak) gero eta garrantzitsuagoak izango direla adimen artifizialaren ondoan eta eremu honetan “teoria apokaliptikoetatik” ihes egiteko aholkua eman du.

Basque Industry 4.0

Bestalde, Basque Industry 4.0 estrategiak gaur eguerdian ireki du bere gunea. Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburua den Arantxa Tapiaren eskutik, Euskadi inbertitzeko leku erakargarria dela esan du, eta jarraian Alemaniak Euskadin duen inbertitzaile handienaren esperientziari eman dio hitza: Mercedes.

Basque Industry 4.0 standean euskal Fabrikazio Aurreratua dago ikusgai, Basque Industry 4.0 estrategia berezia garatu duen arlo estrategikoetako bat. Bere esparruan honako hauen aldeko apustua egin da: ekoizpen-bide eta sistemetan adimena txertatzea; gora egiten ari diren gaitasun eta teknologiak produktu eta prozesu berrietan ustiatzea; material aurreratuak balio erantsi handiagoko edo prozesu hobetuetan sartzea; erabilitako baliabideen eraginkortasuna eta iraunkortasuna; eta balio erantsi handiko zerbitzuen integrazioa.

Halaber, unibertsitateek, Lanbide Heziketak, teknologia-zentroek, cluster eta enpresek euskal 4.0 eremuan garatu dituzten eta garatzen ari diren proiekturik garrantzitsuenak eta esanguratsuenak aurkeztuko dira. Gainera, jarduera-programa trinkoa aurkeztu da euskal eskaintza munduari ezagutzera emateko.

Honela, apirilaren 24tik 27ra Basque Enterprise Europe Network-ek Brokerage Event trinko bat antolatu du honako hauek ardatz hartuta: Industria 4.0 eta fabrika adimendunari buruzko teknologiak; fabrikazio energetikoki eraginkorra; energia eta mugikortasun iraunkorrak. Topaketa hauetan aukera izango da arlo honetako industrian lider direnekin harremanetan jartzeko.

 Bi hitzaldi izango dira:

Apirilaren 24an: Industry 4.0 meets the Industrial Internet Forum zikloaren barruan pilotatze-taldearen ordezkariak, José Esmoris-ek, eta SPRIko zuzendari nagusiak, Alexander Arriolak, honetaz hitz egingo dute: Euskadi, berrikuntza digitalaren nodoa.

Apirilaren 26an: Young Tech Enterprises foroan BIND 4.0 ekinbidea aurkeztuko da, Spri, Danobat eta Innovae-ren eskutik.

Standeko programazioa, apirilaren 24tik 28ra, astelehenetik ostiralera, honako hau izango da:

Apirilaren 25a, asteartea

10:00 Big Data – IK4-Ikerlan & Tecnalia

10:30 Ziber-segurtasuna – Mondragon Unibertsitatea & IK4-Ikerlan

11:00 CFAA: Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroa – EHU

15:00 MDI4.0: Industria 4.0 ebaluazio-ereduak ETEetarako – Tecnalia

15:30 HARS & WINDBOX  Fabrikazio Aurreratu Eolikoko Zentroa – Energia Klusterra

Apirilaren 26a, asteazkena

10:00 MANTIS  – Mondragon Unibertsitatea

10:30 Ikusizko Konputazioa – Vicomtech-IK4

11:00 Digitalizazio-kasuak – Innovae-AgLa4D

14:00 Zero akatseko fabrikazioa – Vicomtech-IK4

Apirilaren 27a, osteguna

10:00 Material aurreratuak – UPV/EHU

10:30 Serious Games Industria 4.0-n aplikatuak  – Ludus & Binary Soul

14:00 Petroloc – Tecnalia

Apirilaren 28a, ostirala

10:00 Gamifikazioa – Virtualware Group

Invest in the Basque Country jardunaldia

Euskal presentzia Alemaniako azoka honetan Nazioartean Kokatzeko Ekimen Estrategikoaren parte da; Innobasquek bultzatzen du eta beste hauek ere parte-hartzaileak dira: Acicae, AFM, Gaia eta Energia klusterrak; Tecnalia, IK4 Research Alliance, Mondragon Unibertsitatea, Spri taldea, foru-aldundiak eta Eusko Jaurlaritza, estrategiaren liderra.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago