Euskadi ari da zuzentzen Manunet-fabrikazio aurreraturako Europako finantzaketa-programa. ERA-NET bat da, Europan nazioz gaindiko lankidetzan I+G+b proiektuak bultzatzeko nazio eta eskualdeetako finantzaketa-programen sarea, fabrikazio aurreratura bideratua, espezializazio adimendunaren ildo estrategikoetako bat Euskadin. Eusko Jaurlaritzak ekinbide hauetan parte hartzen du euskal enpresen, bereziki ETEen, lehiakortasuna hobetzeko.

Manunet eskatzen duten erakundeen %41ek negozio kopurua gehitu egin du eta kasuen %73an negozio-aukerak gehitu zituzten. Hauek ekinbideak dituen hamar urteotan lorturiko emaitzetako batzuk bakarrik dira. 2006an sortu zenetik, Manunet-ek 9 deialdi egin ditu eta horien onuradunak ETEak izan dira kasuen %73an, guztira 2.350, eta 180 milioi euroko balioa duten laguntzak konprometitu dira. Arrakastaren batez bestekoa oso handia da, eta aurkezturiko proiektuen %45 finantzatu dira.

Tartean nahasturiko konpainientzako hamarkada honetako balantzea eztabaidaezina da:

–          Eskatzaileen %75ek produktu edo prozesu berritzaileak lortu ditu

–          Eskatzaileen %61ek beren emaitzak merkaturatu zituen

–          Emaitzen %47 batez beste 2 urteko epean merkaturatu ziren

–           Onuradunen %65ek gehitu egin zituen inbertsioak I+G-n

–          %66k I+G-ra dedikaturiko langileak gehitu zituen

 

Parte hartzen duten ETEentzat bbbeste datu garrantzitsu bat hau izan da: kasuen %87an lankidetza proiektuaz haratago luzatu zen. Gainera, parte-hartzaileek ezagutza-trukearen garrantzia nabarmendu dute, kasuen %92an know how eskuratzea ekarri baitu.

Innobasquek, sare ahaltsu honen koordinatzaile gisa, duela gutxi emaitza hauek aurkezteko aukera izan du NMBP – Horizon(te) 2020 Programaren Batzordean. Batzordeak eta kide diren estatuen eta herrialde elkartuen ordezkariek era positiboan balioetsi dute orain arte egindako lana; horrek egoera pribilegiatuan jarri du Euskadi arlo honetan, ez baita ohikoa eskualde batek hain goi-mailako foro batean parte hartzea, non Horizon(te) 2020 Europako finantzaketa-programaren NMBP (nanomaterialak, materialak, bioteknologia eta fabrikazioa) zatiari buruzko erabakiak hartzen baitira. 

Partekatu albiste hau