Europako Batzordeak azaldu du nolakoak izango diren ikerketa eta berrikuntzaren arloko lehenengo bost misioen lan-programak. Aste honetan, hidrosfera babesteko programa nolakoa izango den azalduko dizuegu.

 

Erreportaje hauek hizpide dituzten misioetan hirugarrenak (dagoeneko hitz egin dizugu klima-aldaketara egokitzeko eta minbiziari aurre egiteko misioei buruz) gure uren, itsasoen eta ozeanoen osasuna babestea du ardatz. Europako Batzordeak onartzen du ezinezkoa dela Itun Berdeko helburuak betetzea baldin eta hidrosferari jaramonik egiten ez bazaio; hortaz, misioaren helburua da ekosistema urtarraren berreskuratzea bizkortzea, eta, horretarako, zenbait faktore (kutsadura, arrantza ez jasangarria, garraioa edo turismoa, besteak beste) ekidin eta horiei aurre egin behar zaie, eta uren narriaduraren ondorioak, klima-aldaketa eta gobernantza hobetu beharra azpimarratu behar dira.

Misio hori bi fasetan hedatuko da, eta fase horietan, uren mugaz gaindiko izaera dela eta, ekimenen koordinazioa eta eskualdeko lankidetza arro hidrografikoen arabera antolatuko dira; hortaz, estatu kideek eta elkartuek lankidetzarako konpromisoa hartu beharko dute. Lehenengo fasean, garapena eta gidaritza jorratuko dira eta 2021 eta 2025 urteen artean gauzatuko da. Jarduketa-oinarriak eta gauzatuko diren jarduketa zehatzak ezarriko dira. Zehazki, biodibertsitatearen kartografia hobetzeko proiektuak gidatu eta probatuko dira, bai eta ekosistemak berreskuratzeko, kutsadura murrizteko eta ekonomia urdin, zirkular eta karbono aldetik neutroaren ekintzak garatzeko irtenbide eraldatzaile berriak ere. Bigarren fasea (hedatzeko eta zabaltzeko fasea) 2026 eta 2030 urteen artean egingo da. Fase horretan, lehenengo fasean esperimentatutako irtenbideak garatzen jarraituko dira eta zabaldu egingo dira, beste arro batzuetan gauzatzen diren bitartean. Irtenbide horiek hedatzen eta merkatuan sartzen laguntzeko, misioak inbertsio-ekosistema dinamikoa sortuko du, eragile publiko zein pribatuak tartean sar daitezen.

Misio honen helburu espezifikoei heldu baino lehen, gomendagarria da ustez hura betetzea ahalbidetuko duen elementu bat martxan jartzeari arreta eskaintzea, hau da, ozeanoei eta urari buruzko ezagutzak trukatzeko plataforma digital baten sorrera. Plataforma horrek zaintza-zerbitzuak izango ditu, eta bertan bat egingo dute lehendik dauden azpiegiturek (hala nola Copernicus, EMODnet Itsas Behaketaren eta Datuen Europako Sarea, Destination Earth edo ERIC). Bestalde, misioak emango duen lehen urratsetako bat izango da Europako itsas eta ibai-arro nagusietan hainbat egoitza (faroak) jartzea. Egoitza horiek misioaren helburu espezifikoak lortzeko berrikuntza eraldatzaileak garatu, erakutsi eta hedatzeko zentro eta plataformak izango dira. Faro horiek sortutako ezagutza guztia bilduko dute eta herritarrak eta tokiko enpresak misioan sartzea ahalbidetuko dute.

Halaber, garrantzitsua da azpimarratzea espero dela bi faktorek zeregin garrantzitsua izatea misio honetan. Batetik, administrazio publikoen mobilizazioan eta konpromisoan oinarritutako gobernantza parte-hartzailea sustatzea, eta, era berean, herritarrak gaitzea parte har dezaten eta ekimenak eta sentsibilizazio-kanpainak bultza ditzaten. Bestetik, oso garrantzitsua izango da teknologia berrien ekarpena, hala zaintza- eta prebentzio-tresnak ezartzeko, nola herritarren kontzientziazioa eta partaidetza ahalbidetzeko. EBk “trantsizio digital urdinaz” ere hitz egiten du, eta hori hamarkada digitala izenekoaren baitan garatuko da. Bigarrenik, administrazio publikoen mobilizazioan eta konpromisoan oinarritutako gobernantza parte-hartzailea sustatuko du, eta, era berean, herritarrak gaituko ditu parte har dezaten eta ekimenak eta sentsibilizazio-kanpainak bultza ditzaten.

 

Misioaren hiru helburu espezifikoak

Babesa hiru helburu betetzeko xedearekin gauzatuko da:

–           IItsaso eta ur gezako ekosistemak eta biodibertsitatea babestea eta berreskuratzea, bat etorriz Europako 2030erako Biodibertsitate Estrategiarekin. Lehenengo helburu honen jomugak dira EBko itsas azaleraren gutxienez % 30 babestea (% 10 gutxienez oso zorrotz), korridore ekologikoak integratzea Europa barneko benetako sare natural baten zati gisa, eta gutxienez emari askeko 25.000 kilometro berreskuratzea (presarik, urtegirik edo gizakiak egindako beste eraikuntza batzuk gabe). Helburu horren barruan, misioak aurreikusten du bi berreskuratze-faro jarriko direla abian (bat Danubio ibaiaren arroan eta beste bat Atlantikoaren eta Artikoaren kostaldean), bai eta “parke urdinen” plataforma bat ere. Bi faroek erakutsiko dute ekosistema urtarrak eskala handian berreskuratu daitezkeela arrantza, kutsadura eta antzeko faktoreen presioa murriztuta, bai eta ekosistemetan oinarritutako kudeaketa eraginkorraren bidez eta basoberritze urdinaren bidez ere; izan ere, horiek areagotu egingo dute kostaldeen erresistentzia klima-aldaketaren inpaktuen aurrean. Bestalde, “parke urdinek” biodibertsitatearen kartografia kudeatuko dute, presio garrantzitsuenen inpaktua baloratuko dute, eta misioaren helburuekin lerrokatutako tokiko eta eskualdeko ekimenak babestuko dituzte.

 

–           Gure ozeano, itsaso eta uren kutsadura prebenitzea eta ezabatzea, bat etorriz Airearen, uraren eta lurzoruaren zero kutsadurarako ekintza-planarekin. Bigarren helburu honen barruan sartzen da itsasoan hondakin plastikoak gutxienez % 50 murriztea, ingurumenean askatutako mikroplastikoak % 30 murriztea eta pestizida kimikoek erabilera gutxienez % 50 murriztea. Gainera, ozeanoen eta uren kutsadura prebenitzeko eta minimizatzeko irtenbide berritzaile eta errepikagarriak ezartzean estatu kide, eskualde eta alderdi interesdun guztien parte-hartzearen barruan, aurreikusten da % 50 areagotzea kostu eta ingurumen-inpaktu txikiko neurketa-sentsoreen ekoizpena eta hedapena.

 

 

–           Ekonomia urdin jasangarria karbono aldetik neutroa eta zirkularra izan dadila ahalegintzea, bat etorriz Europako Klima Legearekin eta Ekonomia urdin jasangarriaren Estrategietan bildutako ikuspegi holistikoarekin. Helburu honetan erronka hauek sartzen dira: EBko itsasoko jarduera ekonomikoen berotegi-efektuko gasen isuriak ezabatzea eta saihestezinak harrapatzea (itsas isuri garbirik ez); karbono-isuririk gabeko eta inpaktu txikiko akuikultura garatzea, eta itsasoko espazioaren eta ur-espazioaren erabilera zirkular eta balioaniztuna sustatzea, karbono-isuri txikikoa.

Partekatu albiste hau