Dagoeneko teknologiak ahalbidetzen du hegazkinak robotek pilotatzea, baita robotek lurretik pilotatzea ere. Joan zen martxoaren 24an Airbus 320 Alpeen kontra birrindu zuen zoritxarreko gertakizunak eztabaida ireki du segurtasunaz merkataritza-hegaldietan.

Zergatik uzten ditugu oraindik hegazkinak pertsonen eskuetan? galdetzen du Motherboard aldizkari digitalak, eta argudiatzen du gaur egun posible dela hegazkinaren kontrola lurretik hartzea, pilotatu eta seguru lurreratzea pilotu automatikoa berrezarriz; hain zuzen ere, horixe da Andreas Lubitz-ek deskonektatu zuena hegazkina mendien kontra suntsitzeko.

Estatu Batuetan Dukeko Unibertsitatearen txosten  batek adierazten du pilotuek ia ez dituztela hegazkinaren aginteak ukitzen hegaldietan. “Batez beste Boeing-en pilotuek 7 minutu ematen dituzte kontrol-aginteekin” eta “Airbusen pilotuek denbora horren erdia, batez ere aireratzerakoan”. Horrek pentsarazten du hegazkin komertziala eta dron bat ez direla hain ezberdinak.

Egia da pilotu automatikoak ezin duela erreakzionatu ezusteko baten aurrean eta %100 automatizaturiko hegazkinak ez direla %100 seguruak, baina ezta ere pertsonek pilotaturikoak, 11S edo Germanwings-eko erasoek erakusten duten bezala.

Airbusak urrutiko agintez gida daitezke aldaketa erraz batzuk eginez, “fly by wire” deituriko sistemaren bidez, horren arabera aginduak lurreko kontrol-estaziotik ematen direlarik. Orduan komunikazioen segurtasunari buruzko zalantza sortzen da. MIT Missy Cummings-eko Humans and Automation Lab-eko pilotu militar ohi eta ikertzaileak dio seinaleak enkriptatzeak konpontzen duela arazo hau, defentsan erabilitako dronetan gertatzen den bezala. Dena den, hegazkineko ordenagailuek lurreratu ahal izango lukete hegazkina seinalea galduko balitz. Egia esateko, Boeing-ek dagoeneko patentatu du pilotu automatikoko sistema bat hegazkina aireratzeko.

Hala ere, nahiz eta argudio hauek ez diren ongi hartuak industria aeronautikoaren aldetik, Motherboard-ek biak uztartzea proposatzen du: giza pilotua kabinan eta robota lurrean. Horrek bi onura nagusi ditu: hegazkin-bahitzaileek edo pilotu suizidek eragindako hondamendiak saihestea eta aurrezki nabarmena giza kopilotuen soldatetan.

Hala ere, badirudi joera dela salgaiak garraiatzeko hegazkinak barruan piloturik gabe hega egitea etorkizunean, baina giza pilotuak beharrezkoa izaten jarraituko du hegaldi komertzialetan, batez ere, bidaiariekin elkarri eraginez jarduteko. Dena den, Astraea britainiar agentzia lanean ari da piloturik gabeko merkataritza-hegaldiak gauzatu daitezen.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago