Eusko Jaurlaritzak euskal erakunde teknologiko berri bat sortuko du herrialde-marka indartzeko, sinergiez baliatzeko, zientzia eta teknologiaren eskaintza koordinatzeko eta Euskadin elkarlaneko ikerketa eraginkorragoa lortzeko helburuaz. Hori iragarri zuen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, Arantxa Tapiak, Quebecera egin berri duen bidaian.

“Kontua ez da berdintzea, baizik eta oreka bilatzea zentro bakoitzaren autonomiaren eta multzoaren kudeaketarik onenaren artean. Eragile bakoitza bere borondatez sartuko da erakunde honetan eta sistema osoa Euskadiren eta bere enpresen zerbitzura jarriko da, are gehiago atzerrian lan egiten denean”. “Kontua da erakunde bat sortzea; horren figura juridikoa oraindik definizio-prozesuan dago, baina Europan dauden erreferentziazko ereduen antzekoa izango da”, esan zuen Tapiak.  

Erakunde honetan teknologia eta ikerketa kooperatiboko zentroak, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa basala dutenak, sartuko dira, eta horien artean daude Tecnalia Research & Innovation, Azti, Neiker, IK4-n elkarturiko 9 zentroak (Cidetec, Gaiker,  CEIT,  Ikerlan, Lortek, Tekniker, Vicomtech, Ideko), eta CIC Biomagune, CIC BioGune, CIC Energigune eta CIC Nanogune, Ikerketa Kooperatiboko Zentro gisa.

Antolaketa formula honek aukera emango du sistema osoaren presentzia eta aintzatespena sendotzeko nazioarte mailan, talentua erakartzea erraztuko du eta Europako ekimenetatik finantzaketa handiagoa erakartzeko aukerak haziko dira. Azken batean, zerbitzu hobea suposatuko du Euskadiko enpresa-ehunarentzat, emaitza handiagoak, herrialde-irudiaren eta munduan duen kokapenaren aukerak hobeto ustiatzea.

“Euskadiko gure teknologia-eragileak txikiak dira tamainaz baina handiak beren gaitasunetan; horregatik uste dugu, eragileen atomizazioa kontuan izanda, bai Zentro Teknologiko gisa edo bai  CIC-Ikerketa Kooperatiboko Zentro gisa, nazioarteko presentzia eta kokapen handiagoa behar dutela”, azpimarratu du sailburuak.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago