Euskal Herriko Berrikuntzaren 2014ko Gidaliburuaren VIII. edizioa Innobasqueko presidenteak, Alberto García Erauzkinek, eta Estrategia Empresarial-eko presidenteak, Jose  Ignacio Arrietak, aurkeztu dute aurtengo azken “Innobasqueren Astearteak” saioan; Guggenheim Bilbao museoan izan da ekitaldia, eta Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak, eman dio amaiera. Dokumentuan 2014. urteko berrikuntza-gertaerarik garrantzitsuenak jasotzen dira: azken egoera (state of the art), zientzia eta profesional teknologikoak, pertsona bideratzaileak eta enpresaburu berritzaileak, baita hezkuntza-, ekonomia- erakunde- eta gizarte-eremuetako aditu talde ospetsu baten iritzia ere, besteak beste.

Editoriala: Helize laukoitza hedatzen: erabiltzaileak, berrikuntzarako gakoa      

Alberto Garcia Erauzkin. Innobasqueko burua

Aho batez onartuta dago berrikuntza ezinbestekoa dela gizarteak eta enpresek aurrera egin dezaten. Adostasun hori zabaltzen den heinean, gero eta behar handiagoa dago modu berrietara hurbiltzeko berrikuntza gauzatzeko. Europa osoan berrikusten ari dira berrikuntzako sistemak eta ereduak, zalantzarik gabe, gure kontinentearen egoera dela-eta. Arrazoia begi-bistakoa da: Einsteinek esaten zuenez, “ezin izango ditugu arazoak konpondu sortu genituenean pentsatzen genuen era berean pentsatuta”.

Pentsaera-aldaketa horren ondoriorik nabarmenetako bat helize laukoitzaren eredua da: gizarteak (bezeroek eta erabiltzaileek) bat egiten du ikerketa- eta teknologia-zentroekin, enpresekin eta erakundeekin, berrikuntzaren helize laukoitzaren laugarren osagaia izateko. 2011n, ELGAk arlo horretako erakunde aitzindaritzat hartu zuen Innobasque. Orain dela gutxi, Europar Batasuna eredu hori bultzatzen hasi da RIS3 zabaltzeko, espezializazio adimendunaren estrategia. Urrats hori eginda, Batzordeak berak tradiziozko noziotik harantz jotzea erabaki du, eta era askotako berrikuntzak sustatu ditu, ez soilik I+G arloan oinarritutakoak. RIS3 estrategiak onartzen du oso garrantzitsua eta beharrezkoa dela gizartea –zibila– barne hartzea, berrikuntzaren erabiltzailea delako, eta, era horretan, eskaria hartzen du prozesuaren ardatz gisa, eta erabiltzaileentzat beharrezkoak izan daitezkeen berrikuntzak egitea sustatzen du. Hortaz, prozesuetan lidergokideak izateko eginkizuna ematen die.

Hori guztia, jarduera-sorta zabalean eragina izateko itxaropenez, hala B2B-ko enpresa-inguruneetan, berrikuntzako transakzio ugari izaten baitira hor, edo azken bezeroentzako produktua duten enpresen arteko harremanetan, nola sektore publikoan edo espazio sozialean, hor izango baitira gure bizimodua aldatuko duten erronkarik handienetako batzuk.

Oraintsuko azterlan batean (The Global Innovation 1000, PwC), mundu-mailan liderrak diren enpresek esaten dute orain duela 10 urte baino hobeak direla berrikuntza-arloan, bezeroen, erabiltzaileen ikuspegia aintzat hartzen ikasi dutelako. Izan ere, hori erabakigarria da beraien emaitzei eusteko. Enpresa horien arabera, negozioko estrategiak berrikuntzako estrategiekin egokitzea da arrakasta lortzeko osagairik garrantzitsuena. Ikuspegi horretatik, funtsezkoa da bezeroak aintzat hartzea “hain argi” ez dauden eskaeraren beharrak zehazteko, eta behar horiei erantzuna emango dieten jatorrizko produktuak eta zerbitzuak aukeratzea eta merkaturatzea.

Ikusten dugunez, berrikuntzaren kontzeptua zabaltzen ari da, baina zabaltzeko prozesu horretan itxaropen “magikoak” sortu dira, berrikuntzaren txinparta distiratsuak “abrakadabra” baten ondoren piztuko balira bezala. Alabaina, albistea –albiste ona– da berrikuntza ez dela magiako truko bat. Prozesu bat eratzen duten urrats txiki batzuen bilduma bat baizik ez da. Prozesu hori, oro har, ez da lineala, ustekabeko ondorioak ditu, eta erregulartasun handia izatea eskatzen du. Magiak eta berrikuntzak ez dute elkarren antzik. Benetako miraria hauxe izango litzateke: osagaiak ondo nahastea eta norabidea, asmoa eta fokua ondo ezagutzea. Erronka baten aurrean, diagnostikoa egin, irtenbide “desberdin” bat diseinatu, eta arrakastaz ezarri behar dugu. Eta horra hor berrikuntza gauzatuta.

Berrikuntzak funtsezko eskakizun bat du: pertsonen arteko eragin-trukea. Era berean, eragin-trukeak ezinbesteko beste eskakizun bat du: ingurunea. Ezin dugu berrikuntza egitera behartu, ezta eragin-trukea bortxaz ezarri ere, baina, zalantzarik gabe, ingurune emankorrak diseinatu ahal ditugu, pertsonen arteko eragin-trukearen kalitatea handitu eta berrikuntza sorrarazteko. Lan hori ezin da beti planifikatu, baina ingurune batzuk beste batzuk baino emankorragoak eta aldekoagoak dira eragin-trukeari begira.

Horregatik, funtsezkoa da aukerak izateko baldintzak ugalduko dituzten inguruneak sorraraztea. Ildo horretan, eskaerako agenteak berrikuntzako prozesuetan sartzea oso onuragarria da, eta bidea azkartzen du behar diren emaitzetara hurbiltzeko. Erakunde batek berrikuntzak egiten ari dela esaten duenean, hauxe da funtsezko galdera: “zertan?”. Gogoeta pizten duen galdera horrek garrantzia izan behar du elkarlana egituratzeko, aukera eman behar du konfiantza egoteko, eta bidea zabaldu behar du aukera berriak izateko. Horixe da Innobasquen helize laukoitza hedatzea. Zatoz eta proba ezazu.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago