ERA-NET izenekoak herrialde eta eskualdeen sareak dira ikerketa- eta berrikuntza-politikak koordinatzeko. Helburua da baterako deialdiak eskaintzea I+G+b arloko proiektu kolaboratiboak aurkezte aldera. Hurrengoa apirilean egingo da eta karbono-isuri baxuko material, bateria eta teknologia energetikoetarako izango da.

Europak potentzia lider bihurtu nahi du eta, gainera, bihurtu behar du abangoardiako bikaintasun eta berrikuntza disruptiboaren zientzia-ikerketan, eta hori lortzeko tresna nagusia Europako Ikerketa Espazioa (EIE) finkatzea da. Horrenbestez, EBren lehentasun bat da estatu kideen artean “ikertzaileak, zientzia-ezagutzak eta teknologiak aske zirkulatzea”.

Europako Batzordeak ia 20 urte daramatza herrialde eta eskualdeekin formula desberdinetan lanean Europako Ikerketa Espazioaren zatikatzea konpontzeko. Ildo horri eutsiz, ikerketa eta berrikuntza babesteari begira, herrialde kide edo bazkide bakoitzak ezin ditu bere estrategiak ardaztu Europako Batasunak adierazten dituen lehentasunekin bat etorri gabe. Batzordeak abiarazitako lehenengo lankidetza-eskemetako bat izan ziren ERA-NET sareak.

 

Nola iristen zaie gobernuen arteko kooperazioa ETE-ei?

ERA-NET ekimenak ikerketaren arlo zehatzetan interes partekatuak zituzten herrialde edo eskualdeen artean elkarlana sustatzeko sortu ziren. Hau da, saiatzen da ez daitezela sakabana baliabideak EBren barruan (nazionalak edo eskualdekoak izan arren) antzeko helburuak dituzten ikerketa-proiektuen artean. Nola? Helburuak aldatu gabe, proiektu horiek finantzatzen dituzten programek herrialde edo eskualde baten banakako ekimenak izateari utzita eta nazioarteko programetan sartuta, ibilbide-orri partekatua dela bide. 

Estatu edo eskualde kide bateko erakunde publikoek bakarrik abian jarri dituzten ekimen horiek nazioz haraindiko lankidetza-programetan txertatzeari esker, ikerketa edo berrikuntzaren finantzaketa deszentralizatzen da, eta, ondorioz, gastuak partekatzeaz gain, arrisku ekonomikoak murrizten dira. Ildo horri eutsiz, esan dezakegu ERA-NET ekintzak erdibidean daudela nazioetako eta Europako deialdien artean, nazioetako eta eskualdeetako programa eta funtsekin finantzatzen baitira (hortaz, tartean dauden lurralde bakoitzeko ETE-etarako eskuragarriagoak dira). EBk, ordea, bere gain hartzen ditu kide diren gobernuen arteko koordinazioaren ondoriozko gastuak. Batzuetan, Batzordeak proiektuak batera finantzatzen ditu. ERA-NET deialdietan finantzatzen diren proiektuak Europako esparru-programen (Horizon Europe) ohiko deialdietan finantzatutakoak baino txikiagoak izan ohi dira, merkatutik hurbilago daude, 2 edo 3 urte irauten dute, enpresek hobe ezagutzen dituzte, eta kudeatu eta prestatzeko prozesuak ere errazagoak dira. Gainera, ERA-NET deialdietan arrakasta-tasa esparru-programetakoa baino handiagoa da (% 30-35 ERA-NET deialdietan eta % 14 Horizon 2020 deialdietan). 

Batzordeak ERA-NET ekimenak VI. Esparru Programan abiarazi zituenetik, Eusko Jaurlaritzak eraginkortasunez parte hartu du 18 sareetan, Euskadin I+G arloa, bereziki ETE-ena, nazioartekotzeko xedez. Parte hartzeko orduan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planetan deskribatutako arlo estrategikoekin estuki lotutako gaietako ERA-NET ekimenak aukeratu ditu, beren helburu nagusia bazen nazioz haraindiko I+G proiektuetarako urteko deialdiak batera abian jartzea. Bestalde, Innobasquek ERA-NET “agendaren” berri ematen die euskal enpresei. Hala, badakite zer deialdi irekitzen diren euskal partaidetzarekin, eta enpresa interesdunei beren proposamenak behar bezala aurkezteko aholkatzen die. 

Estatuan, IGTZk ere helburutzat du I+G+b arlorako deialdien bidez enpresek Europako beste erakunde batzuekin elkarlanean jardutea ahalbidetzen duten ERA-NET sareetan kokatzea. Gaur egun 29 ERA-NET ekimenetan parte hartzen du oso eremu anitzetan, hala nola medikuntza pertsonalizatua, ekonomia zirkularrerako lehengaiak, bioekonomia urdina, itsas teknologiak, nanomedikuntza, animalia-ekoizpen iraunkorra, bioenergia, uraren kudeaketa iraunkorra edo hiri adimentsuak. 

ERA-NET deialdietan parte hartu duten euskal enpresek azpimarratu dute halako proiektuetan parte hartzeak ezagutza berriak lortzen laguntzen duela, nazioarteko partzuergo txikietan beste herrialde batzuetako erakundeekin eta bestelako arloetako ikertzaileekin elkarrekintzan jarduteaz gain. Beste ekarpen batzuk dira enpresen nazioarteko irudia hobetzen laguntzen dela, proiektuak nahiko erraz egin eta kudeatzen direla eta abiapuntu paregabea dela nazioarteko proiektuetan hasteko.

 

2021eko M-ERA.NET, euskal enpresek parte har dezaketen hurrengo deialdia

Berrikuntza babesten duten euskal erakundeen partaidetzarekin, ERA-NET deialdirik berrienak joan den astelehenean, martxoaren 15ean, ireki zuen proposamenak aurkezteko epea. Hain zuzen, M-ERA.NET 3 da, Europako Itun Berde eta Garapen Iraunkorrerako Helburuen alde dagoen karbono-isuri baxuko materialen, baterien eta teknologia energetikoen ikerketa-sarea, alegia. 

M-ERA.NET 2012an hasi zen zazpigarren esparru-programapean Europako 25 herrialdetako 37 bazkiderekin eta M-ERA.NET 2 modura jarraitu zuen 2016tik 2020ra 29 herrialdetako 43 bazkiderekin. Hautaketa-prozesuaren azken fasea gainditu zuten 144 proposamenetatik, hamaikan euskal presentzia zegoen eta horietatik 10ek lortu zuten beren proiektu batzuk lankidetza-sare honetan sartzea. Oso enpresa anitzak dira: Ruimoldes, Branka Solutions, Shuton, CIE Legazpi, Gescrap, Fagor Arrasate, Mugape, Azolgas, Delaser eta Stern.

 

Deialdia irekita dago ekainaren 15era arte

2021eko M-ERA.NET deialdia martxoaren 15ean hasi zen eta I+G arloa babesteko 36 herrialdetako 49 erakunde publikok parte hartu zuten. Guztira 57 milioi euroko aurrekontua dute, EBren finantzaketa barne. Oraingoan lehentasunak honako hauek dira: materialen ingeniaritza, prozesamendu, ezaugarri eta iraunkortasunerako modelaketa; gainazal berritzaileak, estaldurak eta interfazeak; errendimendu handiko konpositeak; material funtzionalak; osasun-aplikazioetan oinarritutako teknologien arloko estrategia berriak eta fabrikazio gehigarrirako materialak. 

Halako arloren batean proiekturik duten enpresek sarean sartu nahi badute jarduera-adar berean diharduten konpainia, ikerketa-zentro eta unibertsitateekin ezagutza partekatzeko, beren eskaerak aurkez ditzakete ekainaren 15era arte. Gainera, martxoaren 24an, online mintegi batean parte har dezakete. Estatuko Ikerketa Agentziak antolatu du, ondorengo erakunde hauekin batera: Eusko Jaurlaritza eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Industria Garapen Teknologikorako Zentroa (IGTZ) eta Asturiasko Printzerriko Ekonomia Garapeneko Institutua.

Informazio guztira eskura dago webgune honetan: M-ERA.NET.

Partekatu albiste hau