Elkargi 64 bis web-plataforma berri bat da I+G+b proiektuak garatu nahi dituzten startup-ak eta enpresa txiki eta ertainak, batetik, eta haien finantzaketan parte hartzeko interesa duten enpresak, bestetik, harremanetan jartzeko. Hala, finantzaketa bideratzen duten enpresek Bizkaiko Sozietateen gaineko Zergari buruzko arauaren 64 bis artikuluan zehazten diren onura fiskalak eskuratzen dituzte.

Elkargi 64 plataforma Elkargik landu du, eta Bizkaiko Foru Aldundiak berrikuntza eta ekintzailetza finantzatzea helburu duten bide eta formula berriak esploratzeko eginiko apustua sendotzera dator.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak “berreraikuntzarako tresna” gisa definitu du, eta Zenón Vázquez Elkargiko zuzendari nagusiak, berriz, “finantzaketarako eta enpresa-proiektu desberdinen arteko lankidetzarako aukera berriak” zabaltzen dituela nabarmendu du: “Finantza-arloko beste topagune bat da, finantza aldetik eta zerga aldetik onuragarria bai finkatuta dauden proiektuentzat bai abiatzen ari direnentzat. Eredu berritzaile horretan, gainera, aukera izango da Elkargik eragiketen arriskua bere gain hartzeko eta transakzioak bermatzeko”.

Elkargi 64 bis formularen bidez, enpresek eta startup-ek aukera izango dute I+G+b proiektuak ezagutzera emateko horiek finantzatzeko gaitasuna duten beste enpresa batzuei. Plataformaren eskutik, bi aldeek lehen hartu-emana egin ahal izango dute, eta, horren ondotik, finantzaketa-kontratuaren baldintzak negoziatu beharko dituzte.

Plataforman argitaratzen diren proiektu guztiak behar den moduan berrikusiko dira, eta I+G+b proiektu gisa kalifikatzeko dagokion txostenarekin ziurtatuko dira; Beaz foru erakundea edo Spri Taldea arduratuko da txosten hori lantzeaz. Kalifikazio-txosten hori ezingo dute bistaratu erakunde finantzatzaileek, baina segurtasun juridikoaren bermea izango da bai proiektua garatzen duen enpresarentzat, bai finantzaketan parte hartzen duenarentzat.

Elkargik konpromiso aktiboa izango du prozesu horretan, eta, horrela badagokio, jarritako zenbatekoak bermatuko dizkio finantzatzaileari, eragiketen arriskua ezabatuz.

64 bis artikulua

Aipatutako 64 bis artikulua 2017ko eta 2018ko zerga-ekitaldietan jarri zen martxan, eta pizgarri eta lagungarri izan da I+G+b arloko 56 proiektu sustatzeko, 23 milioi euroko balioarekin. 

64 bis artikuluak zehazten duenez, etekinak dituzten eta Sozietateen gaineko zerga ordaindu behar duten enpresek beste enpresa edo startup baten proiektua finantza dezakete, eta trukean, egitasmo horrek sortzen dituen I+G+b kenkariak jaso ditzakete. Hala, eskema horren arabera, proiektuaren finantzaketan parte hartzen duen enpresak itzuli beharrik gabeko beharrezko zenbatekoak jartzen ditu egitasmoaren zati bat finantzatzeko, eta horren truke, Sozietateen gaineko Zergaren bere kuotatik proiektuak sortzen duen I+G+b zerga-kreditua deduzitzen du, emandako kopuruaren %120ko mugarekin. Beren berrikuntza-proiektua garatu nahi duten startup eta enpresek, berriz, doako finantzaketa eskuratzen dute.

COVID-19aren pandemia dela-eta, Bizkaiko Foru Aldundiak malgutu egin ditu 64 bis artikulua erabiltzeko epeak.  Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 64 bis artikuluan zehazten diren ikerketa eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuetan parte hartzeari dagokionez, zabaldu egin dira finantzaketa-kontratu berriak hitzartu ahal izateko gaur egungo epeak (hala, proiektuak gauzatzen diren lehen bederatzi hilabeteetan hitzartu ahal izango dira, edo 2020ko lehen bederatzi hilabeteetan, lehendik hasita dauden zenbait urtetatarako proiektuak baldin badira); lehendik hitzartutako kontratuak aldatzeko aukera ere onartu da, ordainketen, gastuen eta inbertsioen egutegiak berregokitzeko; eta, salbuespen moduan, finantzatzaile batzuk beste batzuen ordez subrogatzeko aukera eman da, ekitaldiko lehen bederatzi hilabeteen barruan.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago