Gaur San Tomas da, baserri-kutsu nabariko jaieguna, oso berezia Euskadin eta Eguberrien hasiera adierazten duena. Donostia, Bilbo, Hondarribia edo Arrasate (hemen bihar ospatuko dira Santamasak) herriek artisau edo eskulangileen azokak antolatzen dituzte, abereekin eta delicatessen-ekin, eta milaka lagun biltzen da leku horietan euskal nekazaritzaren kalitatezko produktuak dastatzeko: taloa, txistorra, gazta, txakolina, erroskilak, eztia edo ortuariak, eta hori guztia oso giro alaian.

Ohikoaz eta betikoaz gain, euskal elikagaien industriak berrikuntzaren alde egin du eta horri esker, sektoreak balio ukiezin batzuk eskaintzen ditu: Euskadi gastronomiarekin identifikatzea, gaurkoa bezalako tradizioak, paisaia edo landa-ingurune biziari eta lurralde-orekari egiten dion ekarpena.

“Elikadura, berrikuntzarako aukera-eremua”  jardunaldian zuzen-zuzenean egiaztatu zen hori bere protagonistekin. Berrikuntza posible da oso produktu ohikoetan ere, adibidez arrautza, ogi edo gaztagintzan.

Iratxe baserriak Bizkaiko landa-oiloen lehen etxaldea erakutsi zuen, non erdi askatasunean bizi diren oiloak, kalitate handiko arrautza ekologikoak errunez. Euskaber elkartekoa da.  

Bizkarra Okindegi eta Gozotegian produktuak egiteko era tradizionala osasun-iturritzat hartzen dute. Honela, Tecnalia bezalako teknologia-zentroetatik iristen zaien teknologia erabiltzen dute, tradizioa hobetzeko eta kalitatezko ogi osasungarria egiteko: Panekol, ogia betaglukanoarekin, kolesterola murrizteko aukera ematen duena. Une honetan, ardatza nutrizio-irizpideetan jarrita eta aldaketa demografikoak kontuan harturik, kontsumitzaileei esperientzia berriak ari da eskaintzen.

 

Eta azkenik, gauza sortu berri bat aurkeztu zen. Azaro Fundazioak eta Leartiker-ek Gaxure  esne-gazura ekarri zuten, gazta egiteko prozesuan lortzen den likidoa, lehen ingurumen-eragina zeukana bota egiten baitzen, baina une honetan gazta-barietate berri baten –hots, gazta marroiaren– osagai nagusi bihurtua.

Elikagai hauek eta beste batzuk egiteko era berezia euskal gastronomiaren parte da, Euskadira etortzen diren turisten %21 mugiarazten duena, eta turismo honek Euskadi marka kalitatearekin eta berrikuntzarekin lotzen du.

 

 

 

 

 

 

 

Partekatu albiste hau