Euskadiko Autonomia Erkidegoko Global Entrepreneurship Monitor (GEM CAPV 2015) argitaratu berriaren harira, Carlos Peñak, Innobasqueko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Politika Arloko zuzendariak, hausnarketa egin du ekintzailetza-fenomenoaz Euskadin:

Global Entrepreneurship Monitor (GEM) metodologia urteetan zehar nazioartean erreferentzia nagusi gisa finkatu da ekintzailetza-fenomenoa neurtzeko, eta 2004. urtetik Euskadin ere ari da garatzen.

Aitortu beharra dago egin duen ahalegina eta lorturiko emaitzak, gure testuinguru sozioekonomiko berezian ekintzailetzaren egoera hobeto ezagutzeko egiten duen ekarpenagatik. Ekinbide honen atzean, lan-kalitatearekin eta emaitza-entregarekin konprometituriko lantaldea dago, Deustuko Unibertsitateko, EHUko eta Mondragon Unibertsitateko jendea.

Ekintzailetza jarduera berritzailearen agerpen nagusietako bat da. Bide edo tresna honek soluziobide, produktu eta teknologia berriak merkatura iristea errazten du. Arriskuak hartu eta ekiteko gaitasun hori gabe, askotan ideia berriak tiraderan geratuko lirateke, aprobetxatu gabe, beraien ahalmen guztia ustiatu gabe.

Pertsona ekintzaileak etorkizun hobea lortu nahi du eta prest dago beraren alde borrokatzeko, ametsen edertasunean sinesten duelako. Innobasquen ere Euskadirentzako etorkizun hobearen ideia gauzatu nahi dugu, gure ustez, elkarlanean gehiago jardunez bakarrik lortuko baita, eta eraldaketa bilatuz ezagutzatik eta berrikuntzatik.

OCDE/ELGE eta Europako Batasuna, azken urteotan, ebaluatu, neurtu eta ikasi beharra ari dira azpimarratzen, bereziki politika publikoei aplikatuta. Bestela, gure baliabideak, mugatuak, oker inbertitzeko arriskua daukagu, beti emaitzarik onenak emango ez dituzten arloetan. Ebaluazio-premia hau ekintzailetari ere aplikatu behar diogu, bere ulerkuntzan eta neurketan aurrera egiten jarraitzeko, eta horretarako GEMek metodologia jada frogatua eta arrakastatsua eskaintzen digu.

Innobasquen jakin badakigu ez dagoela berrikuntza egiteko eredu bakarra: disruptiboa edo inkrementala izan daiteke, norberaren edo besteen garapenetik sor daiteke, indartsu teknologian oinarritu daiteke edo ez izan horren beharrik. Era berean, uste dugu ez dagoela lurralde edo zirkunstantzia guztietarako balio duen ekintzailetza-eredurik ere. Horregatik, txosten honek eskaintzen digun ikuspegi konparatua gure erkidegoaren errealitate sozio-ekonomikoaren esparruan irakurri behar da. 

Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak, EAE osoko estrategia berritzailea biltzen duenak, espezializazio adimenduna eta sistemaren eraginkortasunaren hobekuntza azpimarratzen ditu. RIS3 Euskadi estrategiaren hedapena ekinbide berriak bultzatzen ari da eta baliabideak lehentasunezko zenbait eremutara zuzentzen. Aldi berean trakzio-proiektuak identifikatzen ari gara, merkatu berriak garatzen eta euskal enpresak nazioartean kokatzen lagunduko dutenak.

Espezializazio adimendunaren jokaleku honek aukera berriak identifikatzea eta ustiatzea ekarriko du, eta pentsatzen dugu hor benetan lekua izango dela ekintzailetza-ekinbide berriak sartzeko, horiek arrakastara eraman nahirik arriskatu eta borrokatzeko prest dauden pertsonak eta lantaldeak lider direla.  Adibidez, industria 4.0, energia garraiatzeko sare adimendunak, medikuntza pertsonalizatua, elikadura osasungarria edo Big Data-ren aplikazioa zenbait arlotan (osasunean…), ekintzailetzarako aukera berrien adibide ugarietako batzuk dira, betiere ezagutzan, teknologian eta berrikuntzan oinarrituta.

Beraz, gure sistemak prest egon behar du ekintzailetza-ekinbide berri hauei laguntza emateko, baliabide, gaitasun eta azpiegiturarik egokienak eskaintzeko, hazteko eta aberastasuna eta enplegua sortzeko benetako ahalmena ustiatzen laguntzeko.

Laguntza horren adibide bat BIND 4.0 programa da, hor Jaurlaritzak eta zenbait trakzio-enpresak “startup-en azeleratzaile publiko-pribatua” sortu dute mundu osoko proiektu berritzaileak erakartzeko 4.0 industriaren inguruan.

Jakina, aurreko laguntza espezializatu hori areagotu eta ingurunearen aldaketetara egokitu behar da etengabe, eta ez du eragotzi behar ekintzailetzako beste ekinbide batzuei ere laguntza eskaintzen jarraitzea, nahiz eta apalagoak izan, ez hain berritzaileak, eta sarri behar edo premiak bultzatuak. Zeren eta kategoria askotako ekintzailetza hauek guztiek Euskadin hazkunde iraunkorragoa eta integratzaileagoa lortzen lagundu dezakete eta, benetan, lagundu ere laguntzen dute.”

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago