Global Innovation Day euskal berrikuntzaren foro handia da, eta laugarren edizioa Bilboko Euskalduna Jauregian izango da datorren ekainaren 3an. Topaketa hau Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako ehun bat erakunderen parte-hartze eta ekarpenen emaitza da; zenbait hilabetetako elkarlan-prozesuaren ondoren, programa bat sortu dute 6 hitzaldi-panel eta nazioartean erreferente diren 27 hizlari edo txostengilerekin, 41 txoko topaketa-gune izango dira eskaintza eskariarekin konektatzeko, 38 tailerretan 1.220 lagunek berrikuntza egiten ikasiko dute, eta showcase batek ekinbide berritzaileak erakutsiko ditu. Aurkezpenean izan dira gaur goizean Bilbao Berrikuntza Faktoria-n Pedro Martínez Cid, Iberdrolako Berrikuntza Zuzendaritzako albokoa; Nerea Lupardo, Euskalteleko Erakunde Harremanetako zuzendaria eta Euskaltel Konektako arduraduna; Lander Beloki, Mondragon Unibertsitateko (MU) Enpresa Fakultateko dekanoa; Joxean Sáez de Ocariz, Grupo init-eko zuzendari nagusia; Ander Pomposo, Ikashuben sortzailekidea; Alex Bengoa, Iñaki Goenaga Teknologia Zentroen Fundazioko lehendakaria, eta Alberto García Erauzkin,  Innobasqueko presidentea.

“Global Innovation Day-n Innobasque sareak bere gaitasunak batu eta ikusgai egiten ditu egun horretan Euskadin dugun ahalmen berritzailea erakutsiz, erakunde eta enpresa berritzaile askoko eta batez ere berrikuntza gehiago nahi duten pertsonen herrialdea baikara. Horregatik, gure indar-guneak erakutsiko ditugu, gure lurraldea erreferentzia-gune gisa kokatzen laguntzeko” adierazi du García Erauzkinek. Baita ere, foro honekin batera, Innobasquek bazkideen Batzar Nagusia egingo duela iragarri da, eta bertan izango dela ohorezko presidentea, Iñigo Urkullu lehendakaria.

Jarduera-programa zabala

Ekainaren 3an, Bilboko Euskalduna jauregian euskal berrikuntzaren jaialdi handia izango da, doako sarrerarekin. Nazioarteko erreferentziazko 27 hizlari edo txostengile izango dira bertan, besteak beste Andy Ridley, Holandako Circle Economy-ren zuzendaria; Elkin Echeverri, Medellingo (Kolonbia) Ruta N Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren zuzendaria, hiri hau berrikuntzaren hiriburu ari delarik bihurtzen Latinoamerikan; Fran Chuan, Kalitatearen Espainiako Elkartearen (AEC) Berrikuntza Batzordeko kidea da eta berrikuntzaren kulturan aditua; Albert Cañigueral, Ouishare-ren konektorea Latinoamerika eta Iberiarako, eta elkarlaneko ekonomiaren sustatzaile entzutetsua; Pilar Jericó, Be Up-en zuzendari orokorra, jendearen ahalmena emaitzetara bideratzen espezializatua. Australiatik Josie Gibson dator, The Catalyst Network-en sortzailekidea, lider eraldatzaileak bultzatzen dituen proiektua; Alex Preukschat, aditua eta bitcoin-en sustatzailea; Diego Soroa, arkitekto bilbotarra eta Erakunde Esponentzialetan (ExO deituetan) aditua; Loredana Ghinea, SPIREren zuzendaria Belgikan, Europako industria lehiakorragoaren alde lan egiten duen erakundea; Sam Turner, Advanced Manufacturing Park-ekoa Erresuma Batuan, manufaktura aurreratua bultzatzeko ekinbide publiko-pribatua; Daniela Couto, Cell2B-ren sortzailekidea eta zuzendari nagusia Portugalen, ildo terapeutiko berria garatzen duena transplanteetan errefusa prebenitzeko; edo Ángeles Barrio, Philips Ibéricako Komunikazio eta Harreman Publikoko zuzendaria, bere eginkizuna delarik Phillips-en irudia sendotzea osasun eta ongizateko enpresa gisa.

Berrikuntza disruptiboaz hitz egingo dute, eta nola ari den mundua eraldatzen eta zein diren joerarik abangoardistenak, adibidez ekonomia zirkularra, lurralde marjinal bat gune berritzaile bihurtzea, berrikuntzaren kultura, elkarlaneko ekonomia, lidergo eraldatzailea, eragin handiko jendea, bitcoin edo erakunde esponentzialak.

Ikashub-eko Ander Pomposo-k aletu duen bezala, “txosten edo hitzaldi teknikoak ere izango dira, eta horietan euskal berrikuntzaren indar-guneak aztertuko dira sakon: fabrikazio aurreratua, osasuna edo energia. Basque Project Management euskal komunitate profesionala ere aurkeztuko da”.

Aldi berean, 1.220 pertsonak aukera izango dute berrikuntzan lehen urratsak egiteko edota maila aurreratuagoan egiteko Innobasque sareak guztion eskura jarriko dituen 38 tailerretan; gai garrantzitsuei buruzkoak izango dira: teknologia, osasuna, ikaskuntza, marketina eta berrikuntzarako tresnak. Halaber, 41 txokoak topaketa-gune izango dira berrikuntzaren eskaintza eta eskaria konektatzeko. Berrikuntza egiteko konektatu egin behar da. Eta Euskaltelen zeregina konexio hori erraztea da. Teknologiaren ikuspuntutik konektatzea, foro eta ekinbide berritzaileekin bultzatuz eta lagunduz, kasu honetan Global Innovation Day-rekin, baina baita ere pertsonak elkarrekin lotuz. Pertsonak dira prozesu berritzailearen erdigune zerbitzu berrien eta produktu berrien bilaketan gizartearen mesedetan. Euskaltelen pertsonengandik, pertsonengatik eta pertsonentzat egiten dugu berrikuntza”, esan du Nerea Lupardok, Euskalteleko Erakunde Harremanetako zuzendariak.

Ildo berean hitz egin du Iberdrolako Pedro Martínez Cid-ek, bere enpresak berretsi egin duelarik euskal berrikuntzarekiko konpromisoa foro honetan duen parte-hartzearen bidez: “Iberdrolarentzat berrikuntza tresna nagusia da, iraunkortasuna, eraginkortasuna eta lehiakortasuna bermatzeko. Teknologiaren trakzio-enpresa gisa ikusten dugu geure burua, eta hor geure hornitzaile teknologikoekiko lankidetza da nagusi. Gaur egun 32 proiektu ditugu martxan Euskal Herrian, sare adimendunen, itsas energien eta ibilgailu elektrikoaren garapen eta ezarpenera bideratuta. Azken urteetan Euskal Herrian berrikuntza-jardueretara bideratutako inbertsioak 300 milioi euro baino gehiagokoak izan dira”. Bestalde, joera bihurtuko diren proiektu eta ekimenik berritzaileenak ezagutaraziko dira showcase-n.

Lankidetzaren balioa

Aurkezpenean, bozeramaileek Global Innovation Day-ren edizio honetan aktiboki parte hartzen duten erakundeen ordezkari ugarien babesa jaso dute; ekitaldia diseinatu eta gauzatu batzorde antolatzaile baten gainbegirada eta parte-hartze aktiboarekin egin da, eta batzorde horretan Eroski, Euskaltel, Lantegi Batuak, Ikashub, Begoñazpi ikastola, Protón Electrónica, Suuma, Tecnalia eta IK4 Research Alliance egon dira.

“Global Innovation Day honen elementu bereizgarrietako bat da lankidetza-prozesu baten emaitza izatea bere alderdi guztietan: topaketaren diseinua, finantzaketa, jardueretan izandako ekarpenak… sekula baino aktiboagoa den Innobasque sarearen egiten jakitetik (know-how) eta gaitasunetatik sortuak”, azpimarratu du Pomposok guztien izenean, eta ondoren, nahi duten guztiak gonbidatu ditu berrikuntzaren topaketa handi honekin bat egitera.

Azkenik, Alex Bengoak, Iñaki Goenaga Teknologia Zentroen Fundazioko lehendakariak, esan du: “milaka euskal ikertzaile gazteren ibilbidean lagundu ondoren, berrikuntza eragiteko gai den talentua ere bultzatu nahi dugu Fundaziotik”.

 “#Global2015 naiz ni” networking jardunaldia.

Beste nobedade bat, aurten, prentsaurrekoaren ondoren, “#Global2015 naiz ni” jardunaldia izan da, eta Global Innovation Day abiarazteko balio izan du; bertan  erakunde eta pertsona parte-hartzaile guztien arteko networking eta truke aukerak haztatu edo zundatu dira. Ekitaldia Bilbao Berrikuntza Faktoria-n izan da; izan ere, MUko Belokik eta Grupo Init-eko Sáez de Ocáriz-ek esan duten bezala, “berrikuntza eta ekintzailetzako hiri-ekosistema bat da Bilbon, unibertsitateko irakaskuntza-jarduerak, berrikuntza- eta ekintzailetza-zentroak, eta zenbait enpresa berritzailek osatua”.

Global Innovation day 2015ean parte hartzen dute:

Abogacía Artesana, Addimen Bizkaia, ADN Desing, Advanced Manufacturing Park; Espainiako Kalitatearen Elkartea (AEC), Altran, Euskadiko Elkarlaneko Zuzenbide Elkartea; ATE-Informatika; Atelei Engineering, Azti Tecnalia; Banpro; BBK Fundazioa; Be Up; Begoñazpi ikastola; Bikonsulting; Bilbao Berrikuntza Faktoria; Binary Soul; Bitcoin Comic; CDE-Adimen Lehiakorra; San José de Calasanz ikastetxea; CIC Energigune; CIE Automotive; Circle Economy; E4 xake-elkartea; Elikadurako Clusterra; Coach and Play; Coaching Factory; Jesusen Bihotza Karmeldarren Ikastetxea; Cuantics, Digipen; Bizkaiko Foru Aldundia; Durero Estudios; Eide, Enerbide Energia; EQA-European Quality Assurance Spaina; Eroski; Mondragon Eskola Politeknikoa (Mondragon Unibertsitatea); “Bilbao Cowork” Coworking Gunea; Estrategia Empresarial; Etorkintza Elkargoa; Eurest Euskadi; Eus Domeinuak; Euskaltel; Energiaren Euskal Erakundea (EVE); Evolus, Hezkuntzako Administratzaileen Europako Foruma (FEAE); Iñaki Goenaga Teknologia Zentroen Fundazioa; Esklerosi Anizkuneko Euskal Fundazioa; Eusko Jaurlaritza; Guillermo Matía; Grupo init; San Carlos Unibertsitateko Ospitale Klinikoa; Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea; Iberdrola; Ideable Solutions; IK4 Research Alliance; Ikashub; Innobide; Interempresas; Inuntji; Jema Energy; Katilu; Kutxabank; Lantegi Batuak; Manahmana; Mercurio Media; Mondragon Unibertsitatea; Myruns Engineering Sports; Negobide, Círculo Empresarial; Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua; Ormazabal; Ouishare; Philips Iberica; PR4 Gizarte Teknologia; Protón Electrónica; Ruta N Medellin; Serendipity; SGSMap; Social Innovation Park; Spire; Spri Taldea; Suuma; Tecnalia; The Catalyst Network; Thospsh, Ongizatearen Teknologiak; TZBZ; Universal Health Services; Deustuko Unibertsitatea; Uno Consulting Corporate; Vicomtech-IK4; Wattiocorp.

 

Partekatu albiste hau