EIT Food europar ekimenak, eta honen parte dira Azti eta Angulas Aguinaga, elikadura-sektorearen ekosistema eraldatu nahi du Europan, eta horretarako startup-en azelerazio-prozesu bat jarri du martxan, EIT Food Accelerator Network (EIT FAN) deitua. Hautagaitzak aurkezteko epea datorren martxoaren 13an bukatuko da.

EIT FAN programak, 16 asteko iraupenekoa, Europako 50 startup aukeratuko ditu, eta horietako 10 gutxienez Bilbon azeleratuko dira eta gainerakoak Alemania, Israel, Suitza eta Erresuma Batuan. Azeleratzaileen sare honek hasierako faseetan dauden enpresak bilatzen ditu, elikaduraren balio-katearen ekosistema eraldatzeko aski ahalmen eta gaitasun izango dutenak, balio-kate hori seguruagoa, iraunkorragoa eta fidagarriagoa izateko helburuarekin. 

Hautaturiko startup-ek coaching eta mentoring jasoko dute espezialista akademikoen eta enpresa-munduaren aldetik, eta horrek sektore honetan esperientziak garatzea eta ekintzailetza-curriculuma aberastea ahalbidetuko die nazioarteko mugarriekin. Co-working gune bat ere jarriko da beraien esku, baita nazioarteko teknologia, tresna eta merkatuetara sarbidea ere, programako bazkide-sareak emango duena. Prozesua amaitzean, hiru startup onenek finantza-sari erakargarriak jasoko dituzte. 

EIT Food Europako partzuergo bat da, Berrikuntzako eta Teknologiako Europako Institutua (EIT) buru duena; bertan daude 50 enpresa, unibertsitate eta ikerketa-zentro, beren arloan liderrak eta elikaduraren balio-kate osoa hartzen dutenak, eta horien artean Azti eta Angulas Aguinaga, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako bazkideak.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago