Europako Ikerketa eta Berrikuntza Jardunaldien hirugarren edizioak Horizon Europe programaren hasiera ekarriko du berekin, EBren ikerketa- eta berrikuntza-programa berria (2021-2027). Europako Batzordearen Ikerketa eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi du jardunaldiak online egingo direla 2021eko ekainaren 23an eta 24an.

Aurten emango zaio hasiera Horizon Europe programari, EBren historiako ikerketa- eta berrikuntza-programa handinahienari, eta une erabakigarria izango da Europako Ikerketa Espazioa indartzeko. Ikerketa- eta berrikuntza-arloko lankidetza funtsezkoa da COVID-19aren pandemiaren ondorengo susperraldirako, eta etorkizun ekologiko eta digitalerako bidea erraztuko du.

Ekitaldiaren gaia lankidetza da; beraz, arlo guztietako profesional adituak bilduko dira konexioak ezartzeko eta etorkizun argiago bati bide emateko. Konferentziek bi eguneko iraupena izango dute, eta horietan politikariak, ikertzaileak, enpresariak eta herritarrak harremanetan jarriko dira, eztabaidatzeko eta Europako ikerketa eta berrikuntzaren etorkizunari forma emateko.

Berrikuntza, Ikerketa, Kultura, Hezkuntza eta Gazteria Saileko komisario Mariya Gabrielek adierazi duenez, “Europako Ikerketa eta Berrikuntza Jardunaldien 2021eko edizioa une ezin hobean iritsi da. Elkarrekin indarrak berrituko ditugu koronabirusaren pandemiaren ondoren, eta guztiontzako etorkizun berde eta digitala bermatu ahalko dugu. Hartu parte ekainaren 23ko eta 24ko elkarrizketan, partekatu zuen ideiak eta adierazi nola lagundu ahal diguten Horizon Europek eta Europako Ikerketa Espazioak helburu horiek lortzen”.

2019ko lehen edizioaz geroztik, Europako Ikerketa eta Berrikuntza Jardunaldiak Europako Batzordearen urteko ekitaldi publiko garrantzitsuenak dira ikerketa eta berrikuntzaren etorkizunari dagokionez. Konferentziek aukera ematen dute harremanetan jartzeko, ikerketaren eta berrikuntzaren arloko lorpenen balantzea egiteko eta arduradun politikoen, interesdunen eta gizartearen ekarpenak jasotzeko, guztion artean erabakitzeko politikak eta ikerketaren eta berrikuntzaren finantzaketak nola erantzun diezaieketen Europaren lehentasunei.

Joan den urtean, online ekitaldiak 188 herrialdetako 35.000 parte-hartzaile baino gehiago erakarri zituen, 146 taldetan banatuta.

 

Partekatu albiste hau