Europako Batzordeak ‘Gaitasunen Batasuna’ delakoa aurkeztu berri du, hezkuntza, prestakuntza eta mugikortasuna hobetuz EBren lehiakortasuna indartzeko bere ibilbide-orria. Dokumentu honekin batera, beste neurri batzuen artean, STEM prestakuntzarako plan estrategiko bat dator. Hau da, zientzietan, teknologietan, ingeniaritzetan eta matematiketan prestatzeko. Dokumentu hau STEAM Euskadi estrategiarekin lerrokatuta dago, eta, izan ere, EU STEM Coalitionen duen esperientziari eta parte hartzeari esker, autonomia erkidegoak aukera izango du Batzordeari laguntzeko plan berri honen hedapenean.

Europako plan estrategikoak Erasmus+ eta Horizonte Europa programen finantzaketa izango du, eta 2018an ezarritako helburuen antzekoak lortu nahi ditu, euskal estrategia abian jarrita; talentu eskasiari eta genero arrakalari heltzea lehiakortasuna eta berrikuntza bermatzeko funtsezko sektoreetan. Horretarako, hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa bultzatu nahi ditu hezkuntza-etapa guztietan, eta neurri zehatzak ezartzen ditu irakaskuntza modernizatzeko, irakasleen prestakuntza hobetzeko eta unibertsitateen, enpresen eta ikerketa-institutuen arteko lankidetza sustatzeko.

‘Gaitasunen Batasuna’, STEM prestakuntzarako plan estrategikoaren parte den bide orria, 2030erako da, eta lau zutaberen inguruan hedatzen da: oinarrizko gaitasunak eta gaitasun aurreratuak indartzea; etengabeko ikaskuntza sustatzea; langileen zirkulazio askea erraztea; eta nazioarteko talentua erakartzea. Estrategia integrala da, Europako langileen gaitasunak hobetzeko, prestakuntza etengabeko bilakaeran dagoen lan-merkatuaren eskaeretara egokitzeko eta Europar Batasunaren lehiakortasuna indartzeko.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago