Espazioan urtebetez bizitzea zer izango ote litzatekeen irudikatzea: erronka horri erantzun beharko diote ia 900 ikaslek datorren larunbatean, otsailaren 16an, FIRST Lego League Euskadiko Finalaren hamargarren edizioan; Gasteizko Europa jauregian izango da Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta.

FIRST LEGO League Euskadik 10 urte betetzen ditu aurtengo edizioan, eta erreferentziazko programa da Euskadin STEAM (ingelesezko siglen arabera, Science, Technology, Engineering, Art and Mathematics) hezkuntzan. Bere helburua zientzia eta teknologia euskal gazteengana hurbiltzea da era dibertigarrian eta zirraragarrian.

Horrela nabarmendu du gaur Innobasqueko zuzendari nagusiak, Leire Bilbaok, berak aurkeztu baitu prentsaurrekoan euskal final handia, kirol-ekitaldi formatua duena. Berarekin izan dira Arabako Ekonomia Garapenerako foru-diputatua, Pilar García de Salazar; Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Saileko zinegotzia, Nerea Melgosa; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikerketa zuzendaria, Amaia Eskisabel; eta Legokide taldea, aurreko edizioa irabazi zuen Gasteizko Urkide ikastetxekoa.

Gaur aurkeztu den lehiaketaren hamargarren edizioan EAEko hiru lurraldeetako 44 ikastetxetako 100 talde baino gehiago izango dira eta ia 900 ikasle lehiatuko dira. Parte hartzen duten ikastetxeetako %64 Bizkaikoa da, %20 Arabakoa eta gainerako %16 Gipuzkoakoa.

Guztiek defendatuko dituzte irailetik garatu dituzten zientzia-proiektuak, edizio honetako erronka tematikoari aurre egiteko: INTO ORBIT. 102 taldeetako bakoitzak irudikatu du zer izango ote den espaziora joan eta han urtebetez bizitzea, eta irtenbide berritzaileak proposatu ditu han sortzen diren arazo eta premietarako: nola elikatu, zelan sasoian egon eta nola konpondu espazio-ontziaren arazo tekniko bat, edo zelan entretenitu, Lurrean geratu diren senitartekoekin komunikatu edo espazioan sorturiko zaborra birziklatu. Azken batean, kanpoko espazioan bizirik, osasuntsu eta zoriontsu mantentzen laguntzeko proposamenak egin behar dituzte.

Taldeek robotaren jokoan ere parte hartuko dute, eta LEGO MINDSTORMS robota, zenbait misio osatzeko diseinatu eta programatu dutena, aurkeztuko dute, eta FIRST LEGO League balioen alde egingo dute, proiektuak aurkikuntza, berrikuntza, inklusio eta talde-lan espirituarekin garatu dituztela erakutsiz.

Finala zabalik dago publiko guztientzat. Egun horretan edonor joan daiteke Europa Jauregira lehiaketa jarraitzeko, junior taldeen erakustaldiez gozatzeko eta doakoak izango diren zientzia- eta teknologia-tailerretan parte hartzeko. Bertaratzen den jendeak OpenGUNEaz ere gozatu ahal izango du, jarduerak eginez drone eta auto elektrikoekin edo matematikako lehiaketan parte hartuz.

18 sari daude eta lau talde onenak martxoaren 23an eta 24an Tenerifen izango den Espainiako FIRST LEGO League finalerako sailkatuko dira.

FIRST LEGO League Euskadin, Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin elkarlanean dabiltza Gasteizko Udala,  Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta konpainia hauek: Azti-Tecnalia, Iberdrola, Euskaltel Konekta Fundazioa, Mondragon Korporazioa, Petronor Berrikuntza eta Sener

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago