“Mundu guztiak prest egon behar du. Teknologien kostuak eta automatizazioa industriak eta lehia nola aldatzen ari diren ulertu behar da. Baita ere beharrezkoa da jendea gaitasun berrietan prestatzen hastea. Datorren iraultza robotikoak birdefinitu egin dezake fabrikazio globalaren panorama”. Hori da robotika aurreratuari buruz BCGek egin berri duen txosten baten ondorioa.

Innobasqueren Asteartean, “Berrikuntza eta ingeniaritzari” eskainitakoan, CEIT-IK4-n Robotikan eta Mekatronikan ikertzailea den Emilio Sánchezek hartu zuen parte. Jardunaldian zehar agerian geratu zen fabrikazio aurreratua dela espezializazio adimendunaren hiru lerroetako bat, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Planean jasotakoa. Industria-aro berri honetan (fabrikazio aurreratu, industria 4.0 edo fabrika adimendunarenean) pertsonak, makinak eta materialak beren artean komunikatuko dira denbora errealean, industria-arloan Interneteko konexioa errazten duten software-sistema kapsulatu (embedded system) berritzaileei esker. Honela elkarlaneko edo lankidetzazko robotika sortzen da: profesionalak bere zeregina robotarekin elkarlanean egiten du, eta horrela robotaren trebetasuna eta zehaztasuna bera diseinatu, programatu eta zuzentzen duen pertsonaren esperientziarekin eta burubidearekin uztartzen da. Sánchezek honako bideo honetan azaltzen du:

 

Ikertzaileak “gaitasunak batzeaz” hitz egiten du, “gizakiekin kolaboratzen duten makinez”, bien artean ekipo ezin hobea osatuz. Eta adibide gisa hauek jarri ditu: Elcano proiektua ─robotika medikoa (bizkarrezurreko) kirurgia transpedikularrerako─ eta Skill proiektua ─giza trebetasunak lortzeari buruzkoa─. Elkarlaneko robotika giza gaitasunen luzapena da, ez da langilea ordezkatzea”, esan du Sanchezek.  

BCGek aurreikusten duenez, 2025erako robot aurreratuek produktibitatea %30 igoaraziko dute industria askotan eta lan-kostuak %18 murriztuko dituzte Hego Korean, Txinan, Amerikako Estatu Batuetan eta Japonian, gaur egun horiek eskuratzen baitituzte robot adimendunen %80.

Roboten erabilera aurreratua laster zabalduko da, produktibitate-olatu berria dator industrietara, eta ekonomia esportatzaileen lehiakortasunean eragingo duten aldaketak ekarriko dituzte. Industria-robotetan inbertitzea ikaragarri areagotuko da datorren hamarkadan.

Esku-lanaren kostua industria-fabrikazioaren arloan %16 txikiagoa izango da munduko 25 ekonomia handienetan. 2025erako proiekzioa da %18 eta %33 txikiagoa izatea.

Beste ekonomia batzuetan, robotika mota hau sartzea kostatu eta dagoeneko produktibitatea benetako arazoa den lekuetan, larriki hondatuko da horien industria-lehiakortasuna datozen 10 urteetan. Brasil, Frantzia, Italia edo Belgika daude herrialde horien artean. Ekonomia asko samar daude, azken horiek bezala, lan-indarraren kostu handiak dituztenak, eta uzkur agertzen dira robotika industrian sartzeko, batez ere, ataza edo zereginen automatizazioa zailtzen duten lan-legeriak dituztelako. Azken hamarkadan aaaskok beren esportazioetan jaisten ikusi dute lehiakortasuna produktibitate apalagatik. “Ironikoa da”, esaten da azterketan. 

Nahiz eta industria-robotak hamarkada askotan erabili izan diren fabriketan, gaur egun robotek industria-zereginen %10 bakarrik egiten dute batez beste. 2025erako, BCGek kalkulatu du ehuneko hori %25eraino igoko dela mundu osoan.

Gainera, sistema robotikoen jarduera (beste ezaugarri batzuen artean, horien lastertasuna eta malgutasuna) badirudi %5 hobetuko dela urtero. Ikuspen-sentsoreetan, oratze-sistemetan eta informazioaren teknologian ematen diren aurrerapenak hobetzen ari dira etengabe beren prezioa eta portaera, robot adimendunagoak, oso konektatuak eta gero eta aplikazio-gama zabalagoan askoz ere erabilgarriagoak egiten baitituzte. 10 urtean era guztietako industriek, baita ETEek ere, erabiliko dituzte.

Dena den, robotikaren onarpena sektore eta herrialdeka aldatzen da. Espero da garraioan, elektronikan, ordenagailuetan eta ekipamendu elektrikoan, baita industria-makinetan ere, instalazioen %75 robotika aurreratukoa izatea 2025ean. Ordurako zereginen %40-45 makina horiek egingo dute.

  “Enpresak robotikaren eta fabrikazio aurreratuko beste teknologia batzuen onurak aurkitzen ari dira, eta horretan aukera handiak ikusten dituzte produktibitatea nabarmen hobetzeko”, bukatzen du estatubatuar aholku-enpresak.

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago