CIC energiGUNEk ─energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzeko erreferentziazko ikerketa-zentroak, Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kideak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako bazkideak─ “Ikerketa Erronkak 2019” deialdira aurkeztutako hiru proiektu finantzatzea onartu du Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak.

Hautatutako proposamenek material eta teknologia berriak bilatzea planteatzen dute, ikuspegi disruptibo eta jasangarritik energia epe ertainean biltegiratzeko erronkei erantzungo dietenak.

Zehazki, hauek dira hautatutako hiru proiektuak: NIB MOVE, sodio-ionezko baterien lehiakortasuna hobetuko duten material berriak identifikatzera bideratua; 3DACCESS, kobaltorik gabeko dentsitate handiko egoera solidoko bateria sortzea helburu duena; eta ION SELF, material berriekin esperimentatzeko prozesua erraztera bideratua.

CIC EnergiGUNE Europan erreferentziazko ikerketa-zentroa da energia biltegiratzeari dagokionez. Zentroa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailaren ekimen estrategikoa den zentro honek Arabako Foru Aldundiaren eta Energiaren Euskal Erakundearen babesa du gainera, eta Euskadiko energiaren sektoreko enpresa nagusiak biltzen ditu patronatuan: Iberdrola, Cegasa Portable Energy, Sener, Siemens-Gamesa, Ormazabal, idom, Solarpack, Mondragon Korporazioa eta Nortegas.

Gainera, CIC EnergiGUNE Europako hegoaldean energia biltegiratzeko erreferentziazko laborategia da; izan ere, instalazio paregabeak ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira biltegiratze elektrikorako prototipatze- eta testatze-azpiegiturak (automobilgintzan egoera solidorako bateriak barne) eta biltegiratze termikoa.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago