Aysén biztanle-dentsitate txikieneko eskualdea da Txilen. Pablo Alarcón da Aysén-go Gobernuan Berrikuntza eta Lehiakortasunerako Funtsen arduraduna eta bere eskualderako berrikuntza-estrategia eraikitzeko ari da lanean. Duela gutxi Euskadin izan da espezializazio adimenduneko estrategiak, RIS3 eta euskal gizarte-berrikuntza ezartzeko esperientziak ezagutu nahirik. “Ez badugu berrikuntzarik egiten, garapena zaila izango da”, esan du.

Aysén Patagonian dago eta 105.000 biztanle baino gehixeago ditu, biztanle bat km2-ko. “Aski bakarturiko eskualdea gara”, esan du Alarcónek, eta berehala erantsi du bere eskualdeak “natura-baliabideen ondare ikusgarria duela, turismorako ahalmen handikoa”.

“Ez badugu berrikuntzarik egiten, garapena zaila izango da”

Alarcónek Euskadi eta Innobasque bisitatu ditu eta berarekin izan dira Claudio Montecino, Txileko Ekoizpenaren Sustapen Korporazioaren (Corfo) arduraduna; Claudio Póveda, Ayséngo Eskualde Liburutegien koordinatzailea; Patricia Calvo Quijada, San Felipe Benicio Lizeoko Pedagogia Unitate Teknikokoa; Verónica Ehijos Muñoz enpresaburua, Álvaro Salín Eskualde Berrikuntzako ahokularia, eta Emilia Pérez ekintzailea.

Aysénerako diseinatzen ari diren eskualde-berrikuntzaren estrategiak talentua erakarri eta ekintzailetza sustatzea ditu helburu, eta horretarako gizarte-berrikuntza lehentasuna da. Egia esateko, Euskadin oso deigarria gertatu zaie “nola ikusten duzuen zuek zeuen burua gizarte gisa, nola balioesten dituzuen prozesu parte-hartzaileak, horietan gizartea ez baita a posteriori balioduntzen duena, baizik eta prozesuan parte hartzen duena”. Zuzenean gizartearekin loturiko berrikuntzan lan egitea, eta ez enpresa-arloa bakarrik kontuan hartuta, hori izan zen beste arreta-guneetako bat; baita ere “ezberdintasuna gainditzeaz hitz egiten duzuela, eta ez pobreziaz”.

Pablo Alarcónk Innobasquerekin ere hitz egin zuen laburki. Elkarrizketa osoa hemen ikus daiteke.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago