FIRST LEGO League Euskadi programaren 14. edizioaren finala jokatu da gaur Bilbon, Donostian eta Arrasaten, jolas eta dibertsio giro bete-betean. Guztira 128 talde eta 1.000 ikasle inguru bildu dira zientziaren, teknologiaren eta dibertsioaren hitzordu handi honetan. Torneoa Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatzen du, Deustuko Unibertsitatearekin, Donostia Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean.

Aurtengo erronka etorkizuneko energia jasangarria izan da. Hala, erronka horretatik abiatuta, STEAM hezkuntzako erreferentziazko programa honek ikertzera bultzatzen ditu gazteak, ideia baten hainbat aldaera ikertu, probak egin, baztertu beharrekoak baztertu, balio dutenak balioztatu, aldaketak egin eta beren ondorioak atera ditzaten. Energiaren gaiari buruzko berrikuntza-proiektu bat aurkezteaz gain, denboraldi honetan parte hartu duten 2.000 ikasleek taldean egin dute lan, eta robot bat diseinatu, eraiki eta programatu dute; hala, robot horrek ahalik eta misio gehien gainditzen saiatu beharko du, beste robotekin lehian.

FIRST LEGO League Euskadi programaren 14. edizio honetan irabazi duten sei taldeek Espainiako finalean hartuko dute parte martxoaren 25 eta 26an, Cartagenan (Murtzia). Han, beren berrikuntza-proiektuak aurkeztuko dituzte, eta lantalde irabazleen robotek lehian jardungo dute Houstonen (AEB) egingo den munduko finalerako txartela lortzeko. Apirilaren 19tik 22ra izango mundu mailako final hori. Irabazleak Bizkaiko San Fidel Ikastola eta Stem Toki-Edurobotic; Gipuzkoako Axular Lizeoa eta Santo Tomas Lizeoa eta Arabako Urkide ikastetxeak izan dira. Egoitza bakoitzeko (Bilbo, Donostia eta Arrasate) bi talde onenak izan dira, eta gaur goizean torneoan parte hartu duten 128 taldeen artean nabarmendu dira, proiektu osoena aurkeztuta.

Talde irabazleen berrikuntza-proiektuek irtenbide paregabeak proposatu dizkiote edizio honetako erronkari: adinekoentzako parke autosufiziente bat, egunean zehar lortzen den energiari esker gauez erabili ahal izango den makina elektrifikatuak dituen haur-parke bat, zikinkeriarekin eta antzigarrarekin amaitzen duten ureztatze-putzuetan eguzki-panelak jartzea, argiaren erabilera desegokia kontrolatzen duen robot bat, modulu piezoelektronikoen bidez energia sortzen duen koska bat eta ariketa fisikoa egiten den bitartean energia lortzen duten kirol-makina batzuk, ondoren biltegiratu eta beste une batean erabiltzeko.

Hainbat agintari bertaratu dira Donostiako egoitzara, aurkeztutako lanak bertatik bertara ezagutzera: Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea; Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisarioa; Jabier Larrañaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Marisol Garmendia, Donostiako Udaleko Ekonomiaren Garapeneko zinegotzia; Iñigo Olaizola, Donostiako Sustapeneko zuzendari gerentea; Manuel Salaverria, Berrikuntzaren Euskal Agentziako (Innobasque) presidentea; Leire Bilbao, Berrikuntzaren Euskal Agentziako (Innobasque) zuzendari nagusia eta Javier.

Antolatzaileek torneo honetan lagundu duten 240 boluntarioen parte-hartzea eskertu dute, haiek gabe ezingo baitzen egin, baita babesleen konpromisoa ere. Aurten Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Ingeniera Soy Elkarteak eta egoitza bakoitzeko eragileek babestu eta lagundu dute ekimena. 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago