Mari Jose Aranguren Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendari nagusiak (Deustuko Unibertsitatea) eta Txema Villate Innobasque-Berrikuntzako Euskal Agentziako zuzendari nagusiak lankidetza hitzarmen estrategikoa sinatu dute gaur, Euskadiko lehiakortasun eta berrikuntza politikak eta politika horiek euskal ekonomian duten eragina ebaluatzeko. Akordioari esker, bi erakundeek zientzia, teknologia eta berrikuntzako politika publikoen eta Berrikuntzako Euskal Sistemaren ebaluazio sistematikoa egitea espero da, Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko helburuen baitan.

Gaur hartutako konpromisoari erantzunez, bi erakundeek elkarrekin egingo dute lan ebaluatzeko metodologiak sustatzeko eta ezartzeko, eragin handiagoko politikak sortzeko helburuarekin gure lurraldean. Lankidetza horren helburua izango da herri administrazioari laguntzea Berrikuntzako Euskal Sistemaren behar nagusiak identifikatzen, Euskadi 2020 ZTBPean zehaztutako helburuak aintzat hartuta.

Ildo horretatik, Innobasquek politikak, programak eta tresnak ebaluatzearen inguruan duen jakitea eskainiko du, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana diseinatzen eta ezartzen eskuratutako esperientzian oinarri hartuta, baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea berrantolatzeko prozesuari egindako ekarpena ere. Bestalde, Orkestrak lurralde estrategiak, espezializazio adimenduneko estrategiak eta eskualdeko lehiakortasunari eta berrikuntzari laguntzera bideratutako politikak eta tresnak ebaluatzerakoan duen esperientzia eskainiko du.

Mari Jose Arangurenek adierazi du hitzarmenak “bi erakundeek ebaluazioaren esparruan dituzten gaitasunak batzen” dituela, “horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak esparru horretan dituen beharrei hobeto erantzuteko eta, bide horretatik, gure lurraldearen lehiakortasuna etengabe hobetzen jarraitzeko”.

Txema Villatek, bestalde, azpimarratu du “aurrera egin behar dela ebaluazioaren kulturan, horrela zientzian, teknologian eta berrikuntzan egindako inbertsioen emaitzak eta benetako eraginak ezagutzera iritsi ahal izateko. Izan ere, neurtzen ez dena ezin da hobetu”.

Orkestra eta Innobasque etengabe aritu dira elkarlanean, bi erakundeak sortu zirenetik, 2006an eta 2007an, hurrenez hurren. 2008an, hitzarmena sinatu zuten modu aktiboan lan egiteko Euskadiren bigarren eraldaketa ekonomikoa bultzatzen eta garatzen.

Partekatu albiste hau