Gaur, Barakaldoko BECen, Bizkaia Orekan Sakonduz 2020 topaketa egin da. Bertan, Bizkaiko eskualdeetako enpresen lehiakortasuna eta hazkundea modu orekatuan hobetzeko eragileen artean gauzatzen ari diren lankidetza-ekimenak erakutsi dira. Leire Bilbaok, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, parte hartu du ekitaldi horretan, eta Bizkaiko ETEetan Berrikuntza Profilak egiteko Innobasquek tokiko garapen-agentziekin nola lan egiten duen azaldu du. “Innobasquerentzat funtsezkoa da tokiko edo eskualdeko garapen-agentziekin lankidetzan jardutea. Beraiek dira gure bazkide hoberenak Euskal Berrikuntza Sistemaren tresna guztiak ETEei helarazteko”, esan du. “Dagoeneko osatua dugu sare bat, hazten jarraitzen duena: 13 agente laguntzaile eta ETEei beren berrikuntza-profila marrazten eta berrikuntzako ibilbide-orria zehazten laguntzeko 25 pertsona prestatu daude bertan.

Profilak Berrikuntzaren Euskal Agentziak sortutako metodo bat dira, ETEek garatu ditzaten berrikuntza-prozesu eraginkorrak eta efikazak, aldez aurretik Innobasqueko bazkide diren ETEekin ia hiru urtez frogatuak. Europako Batzordearen Enpresa Txiki eta Ertainen Agentzia Exekutiboak baliozkotu du metodologia hori. Profilek laguntza eskaintzen diete enpresa txiki eta ertainei jakin dezaten non egin dezaketen berrikuntza, zer irtenbiderekin (zerbitzuak, produktuak, laguntzak, prestakuntza, etab.) eta zer pertsonarekin jarri behar duten harremanetan horiek eskuratzeko. 

Bilbaorekin batera, mahai-inguruan izan dira Maria Jose Aranguren, Orkestrako zuzendari nagusia, eta Ines Anitua, AICko zuzendari nagusia. Cristina Mugica, Lurralde Lehiakortasun eta Turismoko zuzendari nagusia, eta Olatz Goitia, BEAZeko zuzendaria, ere topaketan izan dira. Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Garapen Ekonomikoko diputatuak, eman dio hasiera topaketari, eta amaiera, berriz, Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusiak.

 

Partekatu albiste hau