Innobasquen gauzak egiteko modu berezia daukagu. Lauko helizea esaten diogu, hau da, Administrazioko, akademia eta jakintzaren munduko, enpresetako eta, noski, gizarteko eragileekin lankidetzan egiten dugu lan. Eta guztiak behar bezala funtziona dezan, lidergo estrategikoa behar da, eta Euskadiko kasuan hori Jaurlaritzako lehendakariak hartzen du bere gain.

Ondoren, berrikuntzari buruzko beste bi irakaspen Innobasqueren esperientziatik: 

-Lauko helizea, berrikuntza-prozesuen higiarazle

Guretzat berrikuntzaren dimentsioak batzeko eta lankidetzari ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko erarik onena lauko helizea osatzen dutenen (enpresen, zientzia eta teknologia eragileen, gizartearen eta administrazioaren) arteko lankidetza sustatzea da. Horren ahalmenean sinesten dugu lan egiteko eta herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko era bezala, askotariko ahalmen, gaitasun, profil eta esperientziak dituzten baina helburu komunean baturik dauden lantaldeekin.

Guztiok egin dezakegu berrikuntza gizarte-harreman berriak eta lankidetza-ereduak sortzeko, gizarte osoan eragin eta eralda dezaketenak. Aniztasunak sinergiak sortzea ahalbidetzen digu, baita hasieran aurreikusi gabeak eta, batzuetan, hasierako helburuarekin zuzenean lotu gabeak ere.

Publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren bidez aurkitzen dute eraldaketa-proiektuek oinarri sendo eta etorkizun handikoa, aukera handiagoekin emaitzek era iraunkorrean transferitu ahal izateko merkatura eta sozietatera. Hau da Innobasquek bultzatzen duen eredua. Horregatik, lankidetza-bide berrietan sakontzen jarraituko dugu, eta lauko helizea osatzen dutenekin itunak ehuntzen, Euskadi barruan eta kanpoan.

 

-Berrikuntzaren Euskal Sistemak lidergo estrategikoa behar du maila gorenean

Azken urteotan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren gobernantza-ereduaren bilakaera eman da, maila gorenean lidergo estrategikoa lortzera bideratua.

Zientzia, teknologia eta berrikuntza-ikerketako politika Jaurlaritzako lehendakariak zuzentzen du, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluaren aholkularitzarekin. Organo honetan daude Jaurlaritzako Lehendakaritza; Eusko Jaurlaritzako Ogasun, Hezkuntza, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak; hiru euskal unibertsitateetako errektoreak; hiru foru-aldundietako ahaldun nagusiak; Tecnalia; IK4 Research Alliance; Idom; CAF; CIE Automotive; Iberdrola; Ikerbasque; Jakiunde eta Innobasque.

Honela, sistemaren ikuspegi orokorra lortu da, ikuspegi zatikatu edo sailez sailekoaren gainetik, zientzia, teknologia, enpresa eta gizartearen arteko lankidetza sustatuz Euskadiren erronkak elkarrekin konpontzeko.

Zehazturiko estrategia sistema osoaren eraginkortasuna, bikaintasuna eta merkatu-hurbiltasuna hobetzera zuzenduta dago, eragileen arteko lankidetza sustatuz, gure lurraldearen barruan eta kanpoan.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago