Javier Medinak, Qi Europe berrikuntzaren emaitzak ustiatzen espezializatutako aholkularitza-enpresaren zuzendari nagusiak, enpresa batek I+G+Bko proiektu bati ekitean aztertu behar dituen alderdi nagusiak laburbildu zituen, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren “Formakuntza berrikuntzan” ekimenaren barruan emandako “I+G+Bren plangintza estrategikoa” webinarrean.

Edozein enpresak, jarduera edozein izanda ere, jarduera zehatza eta ahalik eta ingurune egonkorrena izan behar ditu. Horrez gain, berritu egin behar dute, lehiakortasunari eusteko, baina berrikuntza ez da zehazki laguntza bat egonkortasuna eta ziurtasuna bilatzen dutenentzat. I+G+b jarduera intentsiboa da baliabideen erabileran, eta ziurgabea emaitzak lortzerakoan.

Hala ere, horrek ez du esan nahi ez denik planifikatu behar. Kontrakoa da; horrek esan nahi du eraginkorra izan behar dela funtsezko faktoreen kudeaketan, besteak beste berrikuntza garatzeko beharko dugun denbora, hori aurrera ateratzeko dugun gaitasun ekonomikoa eta merkatura eta aurkezteko unera egokitzea. Autoazterketa hori egitea baliagarria izango da enpresentzat, alde batetik berrikuntza-prozesua bermeekin jorratzeko gaitasun erreala zehazteko, eta, bestetik, beharrak (bereziki finantzaketarako) eta funts publikoak eskuratzeko aukerak zehazteko, aintzat hartuta bai proiektuaren ezaugarri tekniko eta teknologikoak eta bai enpresaren beraren ezaugarri ekonomiko-finantzarioak eta komertzialak.

“Finantzaketa publikoa bilatzeak baldintzak, epeak eta abalak ondo ezagutzea dakar. Horiek ez dute loturarik berrikuntzarekin eta horretarako baliabideekin, baina ahalegin handiak eskatzen ditu. Hori funtsezkoa da ibilbide-orri bat edukitzeko, eta horri jarraitu beharko diogu funts horiek lortzean. Dena dela, ez da erraza horiek kudeatzea. Planifikazioa beharrezkoa da berrikuntza-prozesuaren fase guztietan”, adierazi du Javier Medina I+G+b-ren emaitzen ustiaketan espezializatutako Qi Europe aholkularitza-enpresako zuzendari nagusiak.

Haren ustez, argi eta garbi jakin behar den lehen gauza gure berrikuntzaren balio erreala da, eta faktore hori aldatu egin daiteke elementu desberdinen eta neurtzeko zailak direnen arabera, besteak beste erabilitako teknologiaren balioa, enpresaren prestigioa edo merkatuan aurkezteko unea. Ondoren, gure gaitasunen analisia egin beharko litzateke. Hau da, ikusi beharko litzateke nola sartzen den proiektua, adibidez, gure antolakuntza-egituraren edo gastu eta diru-sarreren banaketaren barruan.

Hurrengo urratsa gure ibilbidea berrikustea izango litzateke, adibidez, beste kasu batzuetan erabilitako zein jardunbide egokiak izango liratekeen erabilgarriak orain identifikatzeko, edo beste ekimen batzuetako zein bazkide estrategikorekin jar gaitezkeen harremanetan. Jarraian, interesgarritzat jotzen ditugun finantzaketa-programetan epe labur eta ertainean baloratuko diren joeretara (teknologiak, fabrikazio-irizpideak, merkatua, etab.) egokitzeko gaitasuna aztertu behar da. Azkenik, Medinak gomendatzen du erakundearen egungo gaitasunak interesgarritzat jotzen ditugun finantzaketa-joera eta -programekin lotzea.  

Beraz, nondik hasi behar du berrikuntza-proiektu bat aurrera atera nahi duen enpresak, gainera finantzaketa publikoa lortu nahi badu? Ibilbide-orri hori finkatu aurretik, Medinak bereizten ditu dagoeneko I+G+b dutenak (bezeroa bilatzen hasi beharko dute) eta I+G+b horren transferentzia-prozesua abiarazi behar dutenak. Dena dela, bi kasuetan barneko egoeraren analisia egin behar da. “Jakin behar da, adibidez, ea proiektutik ateratako berrikuntza lerrokatuta dagoen enpresaren estrategia komertzialarekin, lanaren banaketan edo erantzukizunetan aldaketak egin behar diren edo langileek prestakuntza gehigarria beharko duten”, azpimarratu du.

Barneko egoeraren analisi horrekin batera gure mikroingurunearen eta makroingurunearen analisia egin behar da. “Ez da jakin behar soilik zein unetan gauden gu -ohartarazi du adituak-. Kontuan hartu behar da nola dauden hornitzaileak, bezeroak, lehiakideak edo mikroingurunea osatzen duten banaketa-sareak, baita gure negozioaren bilakaera zehaztu dezaketen makroingurunearen faktoreak ere: beharko dugun teknologia, mugituko garen lege-esparrua, bete beharko ditugun ingurumen-baldintzak edo egungo egoera geopolitiko edo soziodemografikoa”, azaldu du. “Merkatu-azterketa” horiek egin daitezke indargune, ahulezia, aukera eta mehatxuen analisiaren bidez (DAFO) edo, makro-faktoreen kasuan, Pestel analisiaren bidez.

Horrela, autoebaluazioetan lortutako emaitzekin, ibilbide-orria egiteko eta bertan gure lan‑plana finkatzeko unea iritsi da, eta, amaitzeko, berrikuntza balioztatu behar da.

Partekatu albiste hau