KSI Berritzaile 2017  Euskal Kultura eta Sorkuntza Industrien eremuko enpresentzako berrikuntza-programa bat da, helburua proiektu berrientzako aukera-guneak sortzea eta garatzea delarik hiru jarduera-ardatzetan: teknologia-berrikuntza, antolaketa-ereduaren berrikuntza eta enpresen finantza-prestakuntza.

“Teknologia-berrikuntza” ardatza Tecnalia eta Vicomtech-IK4 teknologia-zentroetatik Kultura eta Sorkuntza Industrietara (KSI/ICC) teknologiaren transferentzia sustatzeko da, merkatu globalenetarako produktu eta zerbitzu berritzaileak eratzeko, eta sinergiak eta abaguneetarako eta berrikuntza-garapenerako gune berriak sortzeko.

“Antolaketa-ereduaren berrikuntza” ardatza antolaketa-ereduen berrikuntzari buruzkoa da, baita Kultura eta Sorkuntza Industrien eremuko enpresen kudeaketa-sistemen hobekuntzari buruzkoa ere, hauek lehiakorragoak izan daitezen, horretarako Euskalit-en laguntza izango dutelarik.

Azkenik, Kultura eta Sorkuntza Industriek Elkargi-ren laguntza izango dute “finantza-prestakuntzarako”, Ekonomia eta Finantza Kudeaketako oinarrizko kontzeptuetan trebakuntza emanez. 

Programako ardatzen garapenean parte hartzen dutenak hauek dira: Tecnalia, IK4-Vicomtech, Euskalit, Elkargi eta Innobasque. Programaren nodo bideratzaile gisa parte hartzen dutenak beste hauek: Eiken, Eide, Habic, Ehmbe, Langune, Basquemoda, Karraskan, Eskena, Arbaso, Liburuaren Ganbera, Gaia-Basquegame, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala eta Bizkaiko Publizitate Agentzien Elkartea.

Programa Kultura eta Hizkuntza Politika, Lehendakaritza eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailen lankidetzaren emaitza da, eta Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren ingurunean dago. Bere ebaluazioa eta jarraipena Kultura eta Sorkuntza Industrien Pilotatze Taldearen bidez egingo da, RIS3 espezializazio-estrategia adimendunean sartutako lau aukera-lurraldeetako bat, elikadura, ekosistemak eta hiri-habitatarekin batera. 

Kultura- eta sorkuntza-industrien sektorean 14.459 enpresa daude Euskadin (guztien %9), 70.000 pertsonari enplegua ematen dietenak (enpleguaren %8). Euskal BPGri egiten dioten ekarpena, azterketen arabera, %3 eta %5 artekoa da; Europan, berriz, sektore hau BPGren %6,9 da eta enpleguaren %6,5 sortzen du. 15 azpi-arlok osatua, horien artean daude arkitektura, diseinua, moda, ikus-entzunezkoak eta eduki digitalak, zinema, bideojokoak, musika, arte eszenikoak, ikus arteak, publizitatea eta marketina, kultura-ondarea, eskulangintza, argitalpena eta hizkuntzaren industriak.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago