Berrikuntzako agentzia bat gobernuak sorturiko edo berak kudeaturiko erakunde bat da, finantza-laguntza edo bestelako laguntza ematen diolarik arlo pribatuan berrikuntzak katalizatu edo bultzatzeko. Hori da Nesta britainiar agentziak ematen duen definizioa; hain zuzen ere, gaur aurkeztu du Nola funtzionatzen du berrikuntza-agentziak: nazioarteko irakaspenak estrategia nazionalak inspiratu eta informatzeko txostena, maiatzaren 24tik gaur arte Londresen egin den Innovation Growth Lab (IGL) delakoaren esparruan. Topaketa honetan lankidetza globala ari dira aztertzen, hainbat hurbilketa garatu eta probatzen dituena berrikuntza, ekintzailetza eta hazkundea sustatzeko. 

Txostenak hamar berrikuntza-agentzia nazional aztertu ditu, Singapur, Erresuma Batu, Suitza, Suedia, Estatu Batu, Taiwan, Finlandia, Austria, Txile eta  Brasilgoak, eta hortik ondorioztatu ditu berrikuntza-agentzia batek bete behar dituen 5 ezaugarriak:

  1. Ez dago berrikuntza-agentziaren eredu arrakastatsu bat bakarra
    Lurralde batzuetako eredu arrakastatsuak beste batzuetan errepikatzeak ez du agentzien arrakasta ziurtatzen, zeren eta gizarte-, ekonomia- eta politika-testuinguruak ezberdinak baitira batean edo bestean. Gainera, erakunde horien aurrekontua eta eginkizuna aldatu egin daiteke; beraz, dagokien ingurunearen heterogeneotasunaren ispilu da ereduetan dagoen aniztasuna.
  2. Berrikuntza-agentziek bete ditzaketen eginkizunak askotarikoak dira
    Ez dago eredu bakarra eta, beraz, agentzien misio edo egitekoak ere askotarikoak dira. Azterketak 3 identifikatu ditu eta laugarrena proposatzen du.
    1. Merkatuaren eta sistemaren konpontzaileak: negozio berritzaileak garatzea eragozten duten sistemaren hutsegiteak eta gabeziak konpontzen dituzte eta I+G-n inbertitzen dute, sarri sektore edo teknologia zehatz baten lehentasunik gabe.
    2. Industria-eraikitzaileak: ekonomia eraldatzea edo lehiakortasun ekonomikorako iturri berriak sortzea dute ardatz, zenbait sektore edo teknologia berriren garapenean inbertituz.
    3. Xede baten bideratzaileak: gizarte-erronkak konpontzeko eta lehiakortasun ekonomikorako berrikuntzak eragiten dituzte, sarritan I+G-n inbertsio handieneko arloetan ─defentsa, energia, ingurumen edo osasunean─ politikak diseinatzeko arloetan.
    4. Azterlanak laugarren aukera bat proposatzen du:
      Sistemaren optimizatzaileak: lehiakortasun global etengabea ziurtatzeko lan egiten dute, berrikuntza-sistema eraginkorrago eta bideratzaileagoak sortuz, hainbat politikaren esperimentazioaren bidez eta programa-nahasketarekin.
  3. Agentziek ez dituzte aldi berean funtzio gehiegi bete behar, baina egokitzeko eta premia eta aukera berriei erantzuteko gai izan behar dute.
    Zaila da agentzien programa-zorroaren helburu eta koherentzien zentzu argia ezartzea. Aldi berean, arrakastatsua denaz epe luzerako ikuspegia izateak ezin du eragotzi berrikuntza-agentzia batek esperimentatzea, berrikuntza-sistemaren premia eta aukera berrien aurrean hurbilketa berriekin eta erantzun lasterrekin.

 

  1. Agentzien eragina termino kuantitatibo eta kualitatiboetan neurtu behar da

Berrikuntza-agentzien eragina ulertzea eta egoztea bereziki zaila da, sistema aldakor eta zalantzazkoetan lan egiten baitute, esku-hartze konplexuekin, berez aurreikusi ezinezko emaitzak ekartzen dituztenak. Beraz, eragina neurtzeak kudeaketari, arrisku estrategikoak hartzeko trebetasunari eta bere programak inplementatzeko eskumenei buruzko alderdi kuantitatiboak, baita kualitatiboak ere, sartzea behar du.

  1. Agentzien helburuek handinahikoak eta errealistak izan behar dute aldi berean

Agentziek garrantzi handiko eragina izan dezakete. Agentziek mapa politikoan duten eginkizuna ulertzea eta, dauzkaten baliabideekin lor dezaketena kontuan izanda, itxaropen errealista eta handinahikoak ezartzea: hori gobernu batek egin dezakeen gauzarik garrantzitsuenetakoa da, bere berrikuntza-agentziak bere ahalmen guztia garatuko duela ziurtatzeko.

Partekatu albiste hau