Ideiak sortzea ez da aski, horiek proiektu bihurtzen jakin behar da. Berrikuntzaren kudeaketa-ereduak prozesu eta tresnen multzo bat dira, erakunde bateko pertsonek berrikuntza aplikatzeko erabil ditzaten. Datorren asteartean, urtarrilaren 27an, UPV/EHUko Psikologia Sozialeko katedradun emeritua den Sabino Ayestaranek bere azterlanaren emaitzak jakinaraziko ditu: “Equipos de innovación como instrumentos para el desarrollo organizacional” (Berrikuntza taldeak erakunde-garapenerako tresna gisa). Erakundearen kultura, parte-hartzea, pertsonak, eraginkortasuna, talde-lana, lidergo eraldatzailea, talde-lan irekiak edo aldaketaren kudeaketa dira bere ondorioetako kontzeptu kritiko batzuk.

Ayestaran Innobasquek argitaraturiko liburu hauen egile-kidea da: “Dinámicas de Gestión basadas en las personas” (Pertsonengan oinarrituriko Kudeaketa Dinamikak), baita ere “Equipos de Innovación: motores de transformación social y económica en las organizaciones” (Berrikuntza taldeak: gizarte- eta ekonomia-eraldaketaren motorrak erakundeetan).

Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru-aldundien ekinbide bateratua den “Innobideak-Kudeabide” kudeaketa aurreratuko programaren emaitzak erakutsiko dira Euskalitetik.

Honela, “Innobasqueren Astearteak” programaren barruan “Berrikuntzaren kudeaketa” jardunaldian berrikuntza kudeatzeko metodologiak eta programak ezagutuko dira, erabakiak hartzen, kultura parte-hartzailea bultzatzen, lidergo mota eraldatzen eta aukerak identifikatzen lagun dezaketen tresna gisa.

Azkenik, tresna hauek ezarri ondoren beren erakundeek zer emaitza lortu duten kontatuko dute Etorkintza Fundazioak, Virtualware Groupek eta Tazebaezek. Hobetu dute beren lehiakortasuna?

 Jardunaldi hau Bilbao Berrikuntza Faktory-rekin lankidetzan egingo da, honek Uribitarte, 6-n duen egoitzan. Bertaratzeko aski da hemen izena ematea.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago