2016ko martxoaren 2a

Ekonomia zirkularra Hezkuntza Fll Euskadi Gazteak ZTbP Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistema  

Begoñazpi ikastola hautatu dute Espainia ordezkatzeko FLL Global Innovation Awardetan, finala ekainaren 21ean eta 22an izango delarik Washington DCn (Estatu Batuetan). X Prize Fundazioak emaniko sari honek zera bilatzen du, hautaturiko FLL taldeek sakon garatzea arazo errealentzako proposatu dituzten konponbide oso berritzaileak. Hau da Bilboko ikastolaren eColors lantaldeak aurkeztu duen zientzia-proiektuaren kasua; lan hau FLL Euskadin ere aitortu zuten lehiaketako konponbiderik berritzaileena zela eta ekonomia zirkularraren printzipioetan oinarriturik dagoela.

DBHko 4. mailako 8 ikaslek osaturiko eColors-ek benetako arazo bat identifikatu zuen: komun-zulotik botatzen diren zapitxoak ez dira biodegradagarriak, eta saneamendu- eta arazketa-sistemak kolapsatzen dituzte. Arazoaren tamaina oso handia da Euskadin, urtero 2.400 tona zabor sortzen baita honela. Horregatik, laster Eusko Jaurlaritzak kontzientziatze-kanpaina abiaraziko du gai honetaz. Ikasleek infografia batean laburbildu zuten gaiaren tamaina eta garrantzia:

Arazo hau konpontzeko,  eColors-ek joan zen abenduan FLL Euskadi-n 2 konponbide berritzaile proposatu zituen, ekonomia zirkularrean oinarrituak:

E colors – Ekonomia zirkularra from Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentzia

Alde batetik, zapitxo %100 biodegradagarriak (Araflush) sortzea; eta bestetik, zapitxoen hondakina material berri bat sortzeko baliabide gisa erabiltzea, ahalmen termoisolatzaile paregabeak dituena, edredoi edo txamarretan erabiltzeko, adibidez. Konponbide hauek enpresa berriak sortuko dituzte, enpleguak sortzeko gaitasunarekin.

Hauxe da proiektuaren defentsa, ikasleek guztiz ingelesez egina:

Robotika, zientzia eta teknologiako txapelketa honen tokian tokiko 25 lehiaketek aurkezturiko taldeen artean, Begoñazpi proiektua hautatu du FIRST Lego League Espainiako antolaketa-batzordeak; Euskadin Innobasquek gidatu eta antolatzen du lehiaketa . Orain, ekonomia zirkularreko ekinbide berritzaile hau mundu osoko 80 herrialdetako beste batzuekin lehiatuko da. Horietako 20 bakarrik lehiatuko dira finalean Estatu Batuetako hiriburuan.

Partekatu albiste hau