Mugaritzek eta Basque Center on Cognition, Brain and Languagek (BCBL) elkarlana hasi dute profesionalki sukaldaritzan dabiltzanen garunean sormenaren misterioak ikertzeko eta horren oinarrian dauden prozesuak hobeto ulertzeko. 

Sormena gutxi azterturiko eremua da ezagutzaren neurozientzian, eta bai Donostiako ikerketa-zentroak eta bai Innobasqueko Zuzendaritza Batzordeko kidea den Andoni Luis Adurizek eta bere I+G lantaldeak zientzia-azterketa bati ekingo diote fenomeno horrek nola funtzionatzen duen hobeto ulertzeko.

Bi azterketaren bidez aztertuko da ea lanbide-ibilbidea hasten ari diren sukaldarien garunak aldaketaren bat jasaten duen edo ez hiru hilabeteko sormen-aldi trinko edo intentsiboa bizi izan ondoren, eta 20 sukaldari esperimentatu baino gehiagoren, besteak beste Mugaritzekoen, garun-guneak mapatuko dira, irtenbide sortzaileak garatzen diren bitartean aktibatzen direnak. Hirugarren esperimentuak abangoardiako sukaldaritzaren balio estetikoaren pertzepzioan sakonduko du, bai gastronomiako profesionalen eta bai amateurren kasuan.

BCBLek erresonantzia magnetikoa egingo die sukaldariei zehazteko ea sormen-aldi trinko honek aldaketa funtzional eta egiturazkoak eragiten dizkien garun edo burmuinetan. Dagoeneko aztertu da parte-hartzaileen hasierako talde bat ikusteko nolakoak diren beraien garun edo burmuinak tailerra hasi aurretik, eta gauza bera egingo da bukatu ondoren ere.  Beraien garunetan zein gune aktibatzen diren mapatuko da eta nola erlazionatzen diren beren artean hainbat neurona-sare, pertsona hauek elikagai-konbinazioak eta prozesu sortzaileak inplikatzen dituzten irtenbideak asmatzen ari direnean. Erresonantzia egin bitartean, zenbait osagai eta teknika aipatuko zaizkie, adibidez, alga eta egosketa mota batzuk, eta sukaldaritzako irtenbide sortzaileak garatzeko eskatuko zaie.

Zientziak ezagutza gutxi du metatuta sormenean inplikaturiko garun-guneei buruz, eta funts gutxi samarrekoa da puntu honetan: nola erlazionatzen diren beren artean neurona-sareak sorkuntza-prozesuetan.

Oro har, uste da kortex prefrontala plangintzarekin eta jokabidearen kontrolarekin elkarturik dagoela, eta sistema linbikoa, berriz, afektibitate-prozesuetan nahasturik dagoela. Horregatik, uste da, neurri batean, lehenengoa inhibitzen denean eta bigarrena estimulatzen denean sor daitekeela sormena. Hala ere, beste faktore batzuek (ezagutza espezifikoa eremu berezi batean…) eginkizun erabakigarria izan dezakete sortzeko gaitasunean, horrek elementu ezagunen artean konbinazio berriak egitea ahalbidetu dezake eta.

Urtero, Mugaritz-ek ateak ixten ditu hiru hilabetez sormenera dedikatzeko. Denboraldi honetan, bere lantaldeak kontzeptu berritzaileak sortzen ditu esperientzia multisentsoriala sortzeko, osagaien ezohiko konbinazioetan, aurkezpen deigarrietan eta abangoardiako tekniketan oinarritua. Prozesu horretan sorturiko jaki onenak hurrengo denboraldiko kartan sartzen dira.

“Sortze-lan berrietan oso-osorik sartzen dugun denboraren eta I-G lantaldeak urtean zehar egiten duen lanaren artean, urtean 12.000 ordu eskaintzen dizkiogu sormenari”, azpimarratu du Andoni Luis Adurizek. Mugaritzek hasieratik lan egin du zientzia-erakundeekin teknika berriak eta kontzeptuak sortzen aurrera egiteko. Halaber, neurozientzialariekin batera lan egiten du pertzepzioa eta zentzumenen arteko erlazioa gobernatzen duten printzipioak ulertzeko. Hala ere, orain lehenengo aldiz Andoni Luis Aduriz eta Mugaritzeko lantaldea dira aztergaiak.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago