Atzo aurkeztu zen 2015eko Lehiakortasun Txostena, bi urtean behin Orkestrak, Lehiakortasuneko Euskal Institutuak, egiten duena. Lehiakortasunari buruzko diagnosi orokorrak “argi-ilunak dituen panorama” aurkezten du. Euskal ekonomiaren lehiakortasun-maila handia da krisia hasi zenetik 8 urte igaro ondoren, BPG per capita, errentagarritasun ekonomiko eta produktibitatearen ikuspegitik. Honela, euskal enpresek oro har finantza-egoera saneatu samarra daukate. Hala ere, txostenak ohartarazten du krisia bereziki nabaritu dela izaera sozialena duten adierazleetan: ongizateak eta langabeziak okerrera egin dute. Egia esateko, gaur egun Euskadik duen “erronka nagusietako bat enplegua sortzea da”. Baita ere ohartarazten du 2 errealitate ekonomiko daudela, ezkutuko txapeldunak, eta espezializazio-estrategia adimendunaren eremuen indar-gune eta erronkak aztertzen dira.

Txostenak nabarmentzen du Euskadik aurrera egin duela bere ekoizpenaren eraldaketa-prozesuan, eta une honetan “ekonomia aurreratu bati dagokion profila” duela. Espezializazio adimendunaren hiru arloei loturiko sektore ekonomikoei dagokienez (biozientziak, energia eta fabrikazio aurreratua), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2020 Planean ezarritako RIS3 estrategian zehaztuak, bakoitza kokapen edo egoera batean dagoela nabarmendu da.

Biozientzien kasuan, Orkestra-ren azterketak “epe luzerako apustutzat jotzen ditu, oinarri zientifiko eta apurtzaile handiagoarekin”, hor “bai baitaude zientzia- eta teknologia-gaitasunak eta neurri txikiagoan enpresa-oinarriak, eta horiei euskal osasun-sistemak eskaintzen duen ahalmena gehitu behar zaie”. Estrategia honek aurrean dituen erronken artean, osagai guztiek elkarri eragitea eta sistema gisa funtzionatzea agertzen da. Lankidetza hori beharrezkoa da I+G+b azpiegituren eta bio enpresen artean, baina baita Herri Administrazioko sailen eta agentzien artean ere. Ahulune nagusiak negozioa kudeatu eta garatzeko eta kapital pribatua erakartzeko gaitasunei buruzkoak dira.

Energiaren kasuan, azterketak energia, zientzia eta teknologia arloetako azpiegiturak nabarmendu ditu, baita sektorean jarduera bereziak dituzten prestakuntza-zentroak ere. Euskadik industria-ondarea du, tradizio elektrikoari lotua eta trakzio-enpresekin. Energiaren sektorea balio-kate heldu samarrez eta gora egiten ari diren beste batzuez osaturik dago, dibertsifikatzeko aukerak eskaintzen dituztelarik. Hemen ere koordinazio handiagoa gomendatzen da erakundeen eta agentzien artean. Energia-enpresa batzuek ez dute aski finantza-muskulu eta bai erronka tamaina aldetik. Tokian tokiko hornitzaileak integratzea eta euskal enpresen kokapena balio-kateetan indartzea, oso positibotzat jotzen dira.

Ondo kasu ezberdina fabrikazio aurreratuarena da, edozein industria-sektoreri aplika dakioke-eta, bere teknologia-edukiaz aparte.  “Jarduera kritikoa da Euskadirentzat”, euskal Balio Erantsi Gordinean pisu handieneko lehentasuna baita. Lehiarako bere kokapenak argi-itzal handiak ditu. Gainerakoen artean nabarmentzekoak dira I+G+b-ri buruzkoak: enpresa kopuru txikia produktu propioarekin eta gehiegi bideratuta prozesuetara; teknologikoa ez den berrikuntza gutxiegi garatua; estandarizazio apala; eta gaitasun mugatuak enpresetan IKTak beren balio-proposamenean sartu eta txertatzeko eta honela zerbitzu berriak produktuei atxikiak (zerbitizazio-prozesuak) eskaintzeko edo negozio-eredu berriak planteatzeko. Euskal enpresen batez besteko tamaina txikiak eta finantzaketa-mekanismo espezifiko urri samarrek zaildu egiten dute, gainera, enpresek beren kabuz erronka horiei aurre egitea, horregatik da hain garrantzitsua enpresen arteko lankidetza.

Azterketak hiru euskal lurraldeen artean dagoen kohesioaren maila handia azpimarratzen du eta lehiakortasunaren arloan diharduten eragile nagusien artean “ikuspegi partekatua” sortzeko lan egitearen garrantzia.

2 errealitate

Bestalde, Orkestraren lanak gomendatzen du herri-politikek kontuan izatea Euskal Autonomia Erkidegoan batera dauden bi errealitate:  finantza-egoera onean dauden enpresak etorkizun oparoarekin, eta ahultasun handiko egoeran dauden erakundeak.

Gainera, azpimarratu da euskal enpresa ertainek oso ongi eutsi diotela krisiari, hobea baita horien kokapen erlatiboa, konpainia handien batere inbidiarik gabea. Enpresa txikiak dira lehiakortasun-arazo handienak dituztenak. Horregatik, nabarmendu du “politika publikoen beharra, tamainaren erronkari aurre egin eta enpresa txikien behar edo premiei arreta berezia jartzeko”.

Ezkutuko txapeldunak

Orkestra-ren argitalpenak lehenengo aldiz detektatu du 30 “ezkutuko txapeldun” daudela euskal ekonomian, hau da, “nazioarteko merkatu-nitxoetan buru diren enpresak”, erakutsiz gure herrialdea lur emankorra dela honelako erakundeentzat. “Enpresa hauek hazkunde-tasa egonkorrak izan dituzte azken urteotan, jarduera berritzaile etengabea dute, jarduera patentatzaile handia eta nazioartekotze maila handia. Enpresa hauen jardunbide egokiak ezagutarazi eta bultzatu egin beharko lirateke, zeren eta ekoizpen-eraldaketa gauzatzeko modu adimentsua —eta orain arte ezkutua— erakusten baitute. Halaz guztiz, kasu honetan ere euskal ezkutuko txapeldunek tamainaren erronka dute aurrean (gutxi gorabehera beste herrialde batzuetan baino 10 aldiz txikiagoak dira), baita finantzaketa-mekanismo egokiez baliatzeko eta mota jakin bateko giza baliabideak lortzeko erronkak ere.”

Partekatu albiste hau