Euskadik adimen artifizialaren esparruan erreferentzia izateko duen ahalmena erakutsi du gaur Global Innovation Day 2024 jardunaldiak. Bilboko Azkuna Zentroan egin da urteroko topaketa, Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta.
Euskal Berrikuntzaren hitzordu nagusiaren 13. ekitaldiak aretoaren edukiera osoa bete du, eta berrikuntzaren euskal ekosistemako eragileak, enpresa eta elkarte sareetako ordezkariak, adituak, agintariak eta unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasleak bildu ditu. Topaketaren ardatza AA sortzailea izan da, eta agerian geratu da teknologia horrek euskal industria- eta gizarte-ehunaren eraldaketan duen eragina. Hainbat ekitaldi izan dira gaurko topaketan: euskal erakundeek eta enpresek martxan jarritako berrikuntzako 6 kasu praktikoren aurkezpena; “Global Innovation Dayko solasaldia”, teknologia kuantikoaren eta neurozientziaren arteko bat-egiteari buruz; BCAM eta BAICeko adituek adimen artifizialari buruz eskainitako hitzaldiak, eta 125 ikasleren eta AAn oinarritutako hogeitaka euskal proiektu berritzaileren arteko topaketa.
Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuneko sailburuak, Mikel Jauregik, eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak, Manuel Salaverriak, zabaldu dute ekitaldia; itxi, berriz, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak, eta Leire Bilbaok, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, itxi dute topaketa.
Eusko Jaurlaritzaren aldetik, bertan izan dira Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Jaione Ganzarain, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea, Adolfo Morais, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordea, Andoni Iturbe. Horiez gain, Euskadiko teknologia eta ikerketa zentroetako, enpresen ekosistemako eta hezkuntzako hainbat eta hainbat ordezkari ere bildu dira ekitaldian.
Esteka honen bidez, jardunaldiak utzitako irudiak ikus daitezke: https://flic.kr/s/aHBqjBQ5Nt
Informazio gehiago hemen