Datorren azaroaren 11an abiatuko da FIRST LEGO League Euskadi ekimenaren hamaseigarren edizioari loturiko prestakuntza-programa. Aurten, ““SUBMERGED” erronka izango da ardatz: Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak ozeanoen esplorazioan murgiltzea izango da helburua, itsas ingurunearekin lotura duten arazoei aurre egitera bultzatzeko.

Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, antolaturiko hezkuntza-programa horretan, ikasleek sei bisita egingo dituzte proposatutako erronkaren esparruan lan egiten duten sei euskal enpresa edo erakundetara. Hala, FLL Euskadi ekimenean parte hartzen duten ikastetxeek aukera izango dute, esperientzia praktiko baten bidez, gai horri buruz ikasteko eta sakontzeko eta esperientzia praktiko eta hezitzailea eskaintzen die bisitetan izena eman duten 16 euskal ikastetxeetako 472 ikasleei.

FLL Euskadi hezkuntza-programaren xedea gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea da, modu praktikoan eta dibertigarrian, arazo errealei erantzunez. Ekimena mundu osoan egiten da, eta Euskadin, honako eragile hauek dira antolatzaileak: Deustoko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, EHU eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia. Laguntzaile eta babesle dira, berriz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak. dira. Txapelketa otsailaren 22an izango da, eta aldi berean egingo da Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen.

Hauxe da aurtengo erronkaren abiapuntua: ozeanoaren % 80 baino gehiago esploratu gabe dago, eta horrek aukera handia ematen die jakin-mina duten gaztetxoei espedizioetan murgiltzeko. Hala, denboraldi honetan ikasleek aukera izango dute ozeanoak nola eta zergatik esploratzen diren ikertzeko, ozeanografian egin diren aurrerapausoen berri jakiteko, egitura flotagarrien ingeniaritzari buruz gehiago ikasteko eta ozeanoaren eta espazioaren artean zer erlazio dagoen deskubritzeko. 

Hauek dira azaroaren 11tik abenduaren 17ra ikasleek egingo dituzten sei bisitak:

  • 1386 milioi metro kubiko ur esploratzeko (azaroaren 11n, Sukarrietako AZTI zentroan): ozeanografia operatiboko adituen eskutik, ozeanoaren prozesuak nola neurtzen diren ikasiko dute ikasleek. Horretarako, teknologia tradizionalak (deriba-buiak) eta teknologia aurreratuagoak (urpeko robotak) nola erabiltzen diren ikusiko dute.
  • Ainguratze-lerro adimendunak: ozeanoaren zaindariak (azaroaren 26 eta 27an, Sestaoko Vicinay Marine enpresan): Ozeanoan plataforma eolikoak instalatzeko eta mantentzeko, azpiegitura horien jasangarritasuna bermatzeko eta ingurumen-inpaktua ahalik eta txikiena izateko erabiltzen diren teknologiak eta prozesuak esploratuko dituzte ikasleek.
  • Itsasotik espaziora (azaroaren 27 eta 28an, Areetako Sener enpresan): Itsas ingeniaritzako eta espazio-ingeniaritzako proiektuen artean zer antzekotasun dauden ikasiko dute, eta itsasoko azpiegitura batzuk beste ingurune batzuetara –adibidez, espaziora– nola egokitu daitezkeen ikusiko dute.
  • Errelebo-lasterketa ozeanoan (azaroaren 28 eta 29an, BCAM eta EHUn, Bilbon): itsas hondoaren geologiari buruz ikasiko dute ikasleek, eta itsasoko airesorgailuak ezartzeko hondo hori ondo ezagutzea zein garrantzitsua den aztertuko dute. Maketa eta laginen bidez, hondo motak esploratuko dituzte, eta azpiegituren diseinuan zer eragin duten ikasiko dute.
  • Itsasoan ingurumen-sentsibilizazioa sustatzen (abenduaren 12an, Donostiako Aquariumean): Ibilbide gidatua Aquariumean, eta itsaspeko zinema proiekzioa, Kantauri itsasoko biodibertsitateari buruz eta ekosistemak zaintzeak duen garrantziari buruz ikasleak kontzientziatzeko.
  • Animaliak zergatik geratzen dira hondartuta gure kostaldean? (abenduaren 17 eta 18an, Plentziako Itsas Estazioan, UPV/EHU, Plentzia): itsasoko animaliak zergatik geratzen diren hondartuta aztertuko dute, eta animalia horiek aztertzeko eta kontserbatzeko ikerketen eta protokoloen berri jakingo dute.

Bisitak grabatu egingo dira eta ondoren Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren Youtubeko kanalean argitaratuko dira.

Partekatu albiste hau