Abadiño, 2025eko urtarrilaren 23a. Jarduera-sektore guztiak pixkanaka ari dira teknologia berriak sartzen, industria jasangarri eta eraginkorragoak bultzatzeko, eta gero eta ohikoagoa da, halaber, tresna berri horiek kaleetan ere ikustea. Hala gertatu da TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak eraikuntzaren sektorerako garatu duen azken tresnarekin: obrak monitorizatzeko eta errepideetako mantentze-lanak kudeatzeko balio du, eta Abadiñon probatzen dihardute aste honetan.  

Beeyonders partzuergoak (TECNALIA da kideetariko bat) garatutako soluzio teknologiko batez ari gara, eta elementu hauek osatzen dute: Teknologia Aeroespazialen Zentro Aurreratuak (CATEC) garatutako drone bat, tokiaren lehen ikuskatze autonomoa egiten duena; biki digital bat, informazio hori jasotzen duena aztertzeko; eta lurreko ibilgailu autonomo bat. Azken bi elementuak TECNALIAk garatu ditu. Soluzio teknologiko honek ikuskatze-lanak indartzen ditu behar denean, eta mantentze-lanak egin ditzake aukerako beso robotiko integratu baten bidez.  

Konbinatu teknologiko hori Mendiolako (Abadiño) bigarren mailako errepidean zehar ibili da aste honetan, aireko eta lurreko droneek, biki digitalek eta lurreko robotek, sentsore eta hautemate-teknika aurreratuak erabiliz, errepideetako mantentze-lanei buruzko erabakietan eman dezaketen laguntza bultzatzeko.  

TECNALIAko José Carlos Jiménezek adierazi duenez, “lurreko robotika mugikorrak ingurune industrial eta egituratuetatik harago erabiltzeko dituen aukerak nabarmentzen ditu erakusle honek. Errepideetako mantentze-lanetan erabilita ikusten dugu mota horretako ibilgailu autonomoak arrakastaz erabil daitezkeela prozesuak hobetzeko eta langileen arriskuak murrizteko”. Erabili diren kanpoko lokalizazio-teknologiak eta nabigazio autonomoko teknologiak kanpo-ingurune erdiegituratu eta desegituratuetan ere erabil daitezke, hala nola nekazaritzaren sektorean, eraikuntzan, etab. 

Marco Montes CATECeko garapenetako teknikari arduradunak azaldu du zer-nolako onurak dituen droneak mantentze-lanetan erabiltzeak. “Teknologia autonomo berri horiei esker, lanaren eraginkortasuna eta langileen segurtasuna hobetzen dira, errepide-tarte handiagoak ikuska baitaitezke denbora-tarte laburrean. Gainera, adimen artifizialeko tresnak erabilita, bizkorrago eta modu seguruagoan detektatu ahal izango dira errepidean gerta daitezkeen arazoak, eta horrek pertsonen segurtasuna areagotuko du”. 

Abangoardiako teknologiak eraikuntzarako  

Garapen- eta ebaluazio-prozesuan dago teknologia hau, eta azken prototipoa Italian probatuko da hiruhileko honen amaieran. Europako Beeyonders proiektuan txertatzen da ekimena; 9 herrialdetako hainbat sektoretako 22 enpresak eta zentro teknologikok osatzen dute proiektua. Espainiari dagokionez, TECNALIA, CATEC eta Acciona Construcción proiektuaren koordinatzaileak dira, Aragoiko Teknologia Institutua eraikuntza zibilerako pala kargatzaile autonomo bat garatzen ari da, eta PNO Innovation emaitzak ustiatzeaz eta zabaltzeaz arduratzen da. 

Ekimenaren helburua da abangoardiako eraikuntza-teknologiak garatzea, eraginkorragoak izan daitezen tresna sofistikatuagoei esker, prozesuen kalitatea hobetzeko, enpresen produktibitatea areagotzeko, ingurumena errespetatzen duten jarduera jasangarriak bultzatzeko eta, aldi berean, sektoreko talentu berriari egokitutako industria berritzaile eta digitalizatua sustatzeko. Zehazki, aurreikusten da eraikuntzaren sektoreko CO2-emisioak % 11 murriztea ekoizpenaren sektorean eta ekoizpenaren eraginkortasuna % 14 inguru hobetzea. Gainera, sektoreko lanen segurtasuna eta ergonomia hobetuko dira tresna horiei esker.  

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago