2021eko uztailaren 1eko erreportajea

EBren lehiakortasuna Europako ikerkuntzak eta berrikuntzak klima-neutraltasuna eskuratzera bideratutako konponbide berritzaileak lortzeko erritmoaren araberakoa izango da.

 

5. klusterrera iritsi da gaur egun Horizon Europe esparru-programak finantzatuko dituen lehentasunezko arloen errepasoa, eta klimarekin, energiarekin eta garraioarekin lotutako ekimenak biltzen ditu. Serie honetako aurreko artikuluak irakurri badituzu jakingo duzu mundu-mailako helburu nagusietako bat krisi klimatikoa geraraztea dela. EBk erronka horri emandako erantzun zuzena Itun Berdea delakoan jasota dago. Itun horren helburu nagusia da hemendik 2050era Europar Batasuna klimaren aldetik neutroa den lehenengo potentzia bihurtzea.

Europako Batzordeak berak aitortzen du hazkuntza-estrategia bat behar duen mugarria dela, Europar Batasunean honako helburu hauek lortzeko: “gizartea parekidea eta oparoa izatea; ekonomia modernoa, baliabideen erabilera eraginkorra eta lehiakorra lortzea; berotegi-efektuko gasen emisio garbirik ez gertatzea eta hazkunde ekonomikoa baliabideen erabileratik bereizita egotea”. Edo, beste era batera esanda: hain da helburu handia, ezen soilik zeharka landu ahal den, eta iraunkortasunak jarduera ekonomikoaren alderdi guztietan eragina izan dezan lortu behar da.

EBk, gainera, onartzen du “EBk Europako eta munduko merkatuetan gaur egun sortzen ari diren industrietan etorkizunean izango duen lehiakortasuna Europako ikerketa- eta berrikuntza-ekintzek klima-neutraltasun hori lortzera bideratutako konponbide berritzaileak garatu, zabaldu, aplikatu eta merkaturatzea lortzeko erritmoak markatuko duela”. Horregatik, dagoeneko ikusi dugu faktore hori industriarekin lotutako ekimenetan (4. klusterra) txertatu dela, eta orain ikusiko dugu energiaren eta mugikortasunaren sektoreak nola eraldatuko dituen; izan ere, biak dira funtsezkoak 2030erako aurreikusitako berotegi-efektuko gasen emisioa eteteko.

Aurreko esparru-programan (Horizon 2020) gure enpresek eta eragile zientifiko‑teknologikoek egindako ikerketa- eta berrikuntza-ekintzei dagokienez, interesgarria da zenbait datu azaltzea energiaren, garraioaren, klimaren aldeko ekintzaren eta ingurumenaren inguruko proiektuetan izandako parte-hartzeari buruz. Euskal Autonomia Erkidegoak, Innobasqueren I+G+b arloko Europako proiektuetan duen parte-hartzearen Behatokiaren datuen arabera, 150 euskal erakundek lortu dute arlo horiekin lotutako Europako 306 proiektutan parte hartzea 2014tik 2019ra. Batzordeak 267 milioi euro eman dizkie erakunde horiei proiektu horietako jarduera finantzatzeko. Hainbat arlotako proiektuak dira, hala nola teknologiak garatzea gutxiago kutsatzen duten hegazkinak lortzeko, karbono gutxiko energia-iturri lehiakorrak ikertzea, trenbide-sistema iraunkorragoa eta errendimendu handikoa lortzea edo baliabideak hobeto erabiliko dituzten eta emisio gutxiago izango dituzten hiri adimendunak lortzea. Horiek dira garrantzitsuenetako batzuk.

Nola zehazten dira 5. klusterrak sustatuko dituen jarduerak?

Kluster honen lan-programan zehaztutako lehentasunezko arloak eta 2021ean finantzatuko diren gaiak definitzen hasi baino lehen, oroitarazten dizugu Europako Batzordeak dagoeneko argitaratu dituela lehenengo deialdiak; beraz, interesa duten erakundeek Europako funts publikoak lortzeko proiektu-proposamenak aurkeztu ahal dituzte. Hori guztia Europako Batzordeak aurkeztuko du saio informatibo baten, uztailaren 5ean (astelehena), eta zuzenean jarraitu ahalko duzu esteka honen bidez. Gainera, gogora ezazu zure zalantza edo proposamenekin Innobasque-ra ere jo dezakezula, EEN Euskadiko kide baikara, Enterprise Europe Network-eko euskal nodoa, enpresa txiki eta ertainei Europar Batasuneko negozio-aukerak ematen dizkien eta teknologia transferitzeko prozesuetan eta I+G+B finantzatzeko Europako programetan parte hartzen laguntzen dien sarea.

Ikusten duzun moduan, material asko dago testu bakar baterako, baina, ez kezkatu, bi zatitan banatuko dugu eta. Lehenengo biekin hasiko gara, klima-aldaketarekin lotutakoak, eta datorren astean ikusiko ditugu beste lauak, energiarekin eta garraioarekin lotutakoak.

 

1. LEHENTASUNEZKO ARLOA. Klima-zientziak eta klima-neutraltasunerako eraldaketarako erantzunak

Atal honetan egindako jarduerek aukera emango dute gizarte eta ekonomia berde eta erresistenteetarako trantsizioa egiteko, klimaren ezagutza hobetuz eta haren aldaketak aurreikusi eta proiektatuz hainbat faktore natural eta sozioekonomikoren arabera.

Hauek dira urte honetan arlo horretan aurreikusitako deialdiak:

–          Berotegi-efektuko gasen fluxuak eta behatze erradiatiboa hobetu ulertzea, karbono-dioxidoa deuseztatzeko teknologiak barne.

–          Ekonomia zirkularraren rola modelizatzea klima-aldaketa arintzeko.

–          Klima-aldaketaren inguruko Europako ikerketa eta berrikuntzaren eragina eta sinergia maximizatzea.

–          Ebaluazio integratua hobetzea mundu-mailako klima-helburuen alde.

–          Klima-aldaketaren eragin eta arriskuen eta arintzeko eta egokitzeko aukeren arteko interakzioak hobeto ulertzea.

–          Klima-zerbitzuak babestu eta normalizatzea

–          Klima- eta ingurumen-politikei buruzko erabakiak hartzeko metodo ekonomikoak hobetzea.

–          Hezegune naturalak, zohikaztegiak eta lautada alubiakak eraberritzea arintze-onura azkarrak lortzeko estrategia gisa.

–          Baso-kudeaketak klima-ekintzaren alde egitea.

 

2. LEHENTASUNEZKO ARLOA. Klima-trantsiziorako sektore arteko konponbideak

Arlo honek barne hartzen dituen berrikuntzak “oso ezberdinak dira erronkei, interesdunen komunitateei eta aurreikusitako eraginei begira”, eta komunean dutena zera da, zeharkakoak direla eta beraz funtsezkoak izan daitezkeela kluster honen edo beste batzuen ikerketa-ildoetan jasotako ekimenak garatzeko. Hori da, adibidez, baterien edo hidrogenoaren kasua.

–          Lehengaien prozesamendu, fintze eta birziklapen iraunkorra bateriak egiteko.

–          Litio-ioizko 3b belaunaldiko errendimendu handiko bateria aurreratuak (gaitasun handia/tentsio handia), elektromugikortasunerako eta beste aplikazio batzuetarako.

–          Litio-ioizko 4 eta 4b belaunaldietako errendimendu handiko bateria aurreratuak (egoera solidoa), elektromugikortasunerako eta beste aplikazio batzuetarako.

–          Prozesamendu-teknika iraunkorrak ingurumenari begira, elektrodoak eta gelaxkak eskala handian fabrikatzeko, litio-ioizko baterietarako.

–          Egoera solidoko baterietarako fabrikazio-teknologiak garatzea.

–          Baterien birziklapen-prozesu iraunkor, seguru eta efizienteak.

–          I+G ekosistema bat ezartzen laguntzea, orientazio estrategikoak garatuz etorkizunari begira, trebetasunen, ezagutzen eta lidergo teknologikoaren garapena bermatzeko eta teknologia disruptiboen ezagutza eta asimilazioa azkartzeko.

–          Teknologia berriak klimari begira neutrala izango den Europan.

–          Metano-crackinga hidrogeno erabilgarrira eta karbonora-

–          CO2 gabeko berotegi-efektuko gasak deuseztatzeko teknologiak.

–          Karbono atmosferikoa jaso eta zuzenean bihurtzea.

–          Europan bidezko trantsizioa sustatzea.

–          Gizarte Zientzien eta Humanitateen ikerketa-komunitateak indartzea klimaren, energiaren eta mugikortasunaren alorretan.

–          Klima-trantsizioa azkartzea testuinguru zailetan: trantsiziorako superlaborategiak.

–          Klusterraren Kontaktu Puntu Nazionalak (PNC) arteko lankidetza sustatzea.

–          Batera finantzatutako elkartea: etorkizun iraunkorrerako hiri-trantsizioak sustatzea.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago