Inspiring blog de Tecnalia”n argitaraturiko “No es país para impacientes” artikuluan, Euskampus Fundazioaren zuzendari betearazlea den Igor Campillok lankidetzaren ahalmen eraldatzailea aztertzen du. Emaitzek haren analisia abalatzen dute: izan ere Hezkuntza Ministerioak kalifikaziorik handiena eman dio EHUko Nazioarteko Bikaintasun Campusari, lankidetza-proiektu enblematikoa euskal unibertsitatearen, Tecnalia eta Donostia International Physics Center-en (DIPC) artean.

Campillok uste du lankidetza-proiektuak arrakastaz planteatzeko 5 gako edo giltzarri daudela: 

  1. Ikuspegi partekatua izatea
  2. ‘T-shaped’ (T erako) ikertzaileak garatzea
  3. Elkarrizketa konstruktiboak elikatzea.
  4. Erakundeen laguntza eskaintzea
  5. Ikerketa, politikak eta industria-praktika konektatzea.

 

Ondoren, hona hemen artikulua osorik:

“Badira banbu-barietate batzuk 25 metroko altuera har dezaketenak 30 zentimetro lodi den diametroarekin. Hala ere, harrigarriena zera da: sortu eta oso epe laburrean iristen dela neurri horietaraino.

Belarren salbuespenarekin, ez dago landarerik banbua bezain azkar garatzen denik, metro beteraino 24 orduan. Hain azkar hazten da banbua, ezen planetako leku batzuetan zementuari edo altzairuari baino ere garrantzi handiagoa ematen hasita baitaude. Baina bada besterik! Nahiz eta banbua hainbat aldiz moztu, honek ernetzen eta eboluzionatzen jarraituko du 30 metro horietaraino behin eta berriro hainbat ziklotan.

Portaera liluragarri honek ez gaitu engainatu behar, zeren eta, deduzitu dezakegunaren aurka, banbua ez baita egokia egonarri gutxikoentzat: ongarri ona eskatzen du eta etengabe ureztatzeaz arduratu behar da, eta ez bakarrik erne eta hazten den aste bakan horietan.

Egia esateko, banbu-haziak ereindako landa batean ez da ezer ikusgarririk gertatzen lehenengo hilabeteetan. Ezta lehen urtean, ez bigarrenean, ez bosgarrenean ere… Egia esateko, badirudi ez dela ezer gertatzen lehenengo zazpi urteetan! Zazpigarrenean gertatzen da lehen deskribatu dugun zera miragarri hori. Orduan, zenbat denbora behar izan du banbuak hazteko? Aste batzuk? Bai zera! Urteak behar izan ditu. Lehenengo zazpi urteetan, banbuak, lurpean eta gure begietarako ezkutuan, sustrai-sare konplexua sortu du, eta horrek ahalbidetzen dio gero hainbat uzta ematea.

2015. urtearen bukaeran amaitu zuen Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) Nazioarteko Bikaintasun Campusaren proiektua, CEI Euskampus, eta hori Tecnalia Korporazioarekin eta Donostia International Physics Center-ekin (DIPC) bat egite elkartze estrategikoaren bidez egin zuen.

2015eko abenduaren 11ko ebazpenak, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioarenak, den eta kalifikaziorik handiena eman zion ekinbide honi, eta hirugarren lekuan kokatu zuen Espainiako Estatuan. Albiste bikaina da, hiru bazkideen zorionerako. Hala ere, lorturiko kalifikazioa emaitza bikaina izan arren, are garrantzitsuagoa da oraindik lehen urratsak baizik egin ez dituen erlazio-eredu baten aitortza. Egia esateko, ausartuko naiz esatera, banbua bezala, oraindik lurpean dagoela eta ernamuin bakan batzuk baizik ez direla azaleratu. Euskampus, banbua bezala, ez da pazientzia gutxikoentzako egokia. Ebaluatu duen Nazioarteko Batzordeak lurpean mugitzen ari diren sustraien pultsua sentitu du. Aldatu egin gaituzte; ondo doa, baina ureztatzen jarraitu behar da, ongarritzen, espero dituzuen emaitza horiek ernetzen hastea nahi baduzue!

Euskampus ikuspegi partekatua da lankidetza-gune iraunkor eta egonkorra bilatzen duten izaera ezberdineko eta kultura askotariko erakundeen artean. Eraldaketazko programa da, horren emaitza ezagutza- eta berrikuntza-ekosistema delarik Euskal Herrian sustraitua eta mundu osora irekia. Eta ekosistema gisa, sinkroniaz dinamizatu eta ─beren artean, eta munduaren gainerakoarekin─ konektatu behar diren elementu-multzo batez eratuta dago.

Zein dira lankidetza katalizatzen duten eta ekosistema hau azaleratzea eragin dezaketen gakoak?

Joan zen irailaren 17an, Nature aldizkariak ale berezi bat argitaratu zuen diziplinartekotasunari buruz. Artikulu ezberdinen artean, bat nabarmendu nahi nuke eta bertan, egileen esperientziaren arabera, I+G lankidetza planteatzeko beharrezko bost faktore azaltzen ziren. Luzatzeko asmorik gabe, horiek azpimarratu nahi ditut (eta irakurtzea gomendatzen dizuet); Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusaren garapenean zuzenean inplikatuta egon garenok puntuz puntu berresten ditugu, beraz, agiri-kategoriara jaso ditzakegu.

  1. Eginkizun partekatua izatea. Eginkizun edo misio partekatua nahitaezko baldintza da denboran mantendu eta prozesuan sortuko diren erasoak jasateko lankidetza garatzeko, jendearen joan-etorriak, abaguneen agertze eta desagertzeak eta abar. Ikuspegi partekatua, alde bakoitzaren interes partikularren gainetik, lankidetza horren mobilizazio-elementu (driver) izan behar du.
  1. ‘T-shaped’ (T erako) ikertzaileak garatzea. Beren jakintza-arloa lantzeko gai direnak, baina aldi berean haratago joan eta beste diziplina batzuekin konektatzeko, beste kultura eta egiteko era batzuekin, erakundeen artean zubiarena egiteko, harremanak sendotzeko eta, batez ere, konfiantza sortzeko.
  1. Elkarrizketa konstruktiboak elikatzea. Beharrezkoa da ahalegin garrantzitsua inguruneak sortzeko, hainbat eremutatik sorturiko ikertzaileak ahalduntzea sustatuko dutenak, honela beren ikuspegi, metodologia, askotariko teknika eta kulturen ekarpena egin dezaten. Enpatia eta begirunea sustatzen duten inguruneak, lankidetzan funtzionatzen ari denaren eta ez denaren jarraipen etengabea egiteko gai izango direnak.
  1. Erakundeen babesa eskaintzea. Diziplinarteko lasterketa akademikoa garatzeko, talentua erakarri eta atxikitzeko, metrika konbentzionalek ezartzen dituztenez gain beste meritu batzuk aitortzeko, erakundezko hesiak hausten jakiteko eta egitura ezberdinen artean zubiak eraikitzeko, lankidetzak sarituko dituzten pizgarri bereziak sartzeko, eta lankidetzaren ─eta ez eragileen─ finantzaketara zuzenduko diren programak sortzeko. Erronka handia zientzia, teknologia eta berrikuntza sistementzat oro har, eta euskal sistemarentzat bereziki.
  1. Ikerketa, politikak eta industria-praktika konektatzea. Azkenik, ikertzaile, policymaker eta industrialarien artean konexio iraunkorrak ezartzeak diziplinarteko lankidetza indartzen du. Horren haritik, eskualdeetako espezializazio adimenduneko estrategiek (RIS3), EB-k sustatuek, lurraldearen garapenean Unibertsitatearen papera eta presentzia indartzen dutenek, I+G-n lankidetza benetakoena garatzeko agertoki ideala ematen dute.

 

Artikulu honen egileek adierazten duten bezala, jakintza-arlo ezberdinak nahasten dituen lankidetza-prozesu orok denbora asko eskatzen du finkatzeko. Adibidez, batez beste bost urte, eragin edo inpaktu handiko aldizkarietan diziplinarteko lankidetzaren emaitzak argitaratzen hasteko.

Lankidetza on orok, banbuak bezala, iraunaldi luzea eskatzen du beharrezko gaitasunak  ‘josi eta konektatzeko’, planteatzen diren erronkei koherentziaz erantzutea ahalbidetzen dutenak, emaitza garrantzitsuak sor daitezen.

Ikertzaileak eta erakundeak etengabe ureztatzen eta ongarritzen aritu behar dugu, harreman eta konfiantzazko sare sendo hau finka dadin, hortik sortzen baita gainerako guztia. Eta itxaroten jakin behar da: urtebete, bi urte, hiru, lau,bost…

I+G lankidetza ez da egokia pazientzia gutxikoentzat!

 

Partekatu albiste hau