Datorren asteburuan lau euskal taldek parte hartuko dute FIRST LEGO Leagueren Espainiako Final Handian Logroñon. Innobasquek bultzatzen duen FIRST LEGO League Euskadi-n sailkatu ondoren, Gasteizko Urkide ikastetxeko Legokide, Donostiako Axular Lizeoko Overclock Axular, Tecnoclub Elburgoko Landederros Gamberros arabarrak, eta Portugaleteko (Bizkaia) Santa María Ikastetxeko Edurobotic 2003 taldeek lortu dute Espainiako finalera iristea. Martxoaren 10ean, larunbatean, eta 11n, igandean, Espainiako estatu osoko 78 talde lehiatuko dira uraren giza zikloari buruzko zientzia-proiektuekin eta beren robotekin FIRST LEGO Leagueren nazioarteko torneoetan postu bat lortzeko, Europan eta Estatu Batuetan.

FIRST LEGO League Junior kategorian, non 6 eta 9 urte arteko neska-mutikoek hartzen duten parte, euskal ordezkaritza ere izango da: Bilboko Begoñazpi ikastolako 4 taldek, Elburgoko (Arabako) Tecnoclub Elburgoko batek, eta Calahorrako ikastetxeko beste batek beren zientzia-posterrak eta maketak erakutsiko dituzte.

FIRST LEGO League Euskadi

Innobasquek parte-hartzearen marka hautsi du aurten FIRST LEGO League Euskadin. EAEko hiru lurraldeetako 37 ikastetxetako 1.200 ikaslek, 81 taldetan banatuta, parte hartu zuten otsailean Gasteizen, Espainiako estatuan egiten diren 33 lehiaketetako handienean.

FIRST LEGO League Euskadi, Innobasquek bultzatua, kirol-ekitaldiaren formatuko lehiaketa da, 6 eta 16 urte arteko ikasleen artean zientzia eta teknologia munduarekiko interesa pizteko helburua duena, baita zehar-gaitasunak garatu eta gizartean funtsezkoak diren balioetan (inklusio, lankidetza, aurkikuntza eta jarrera berritzailean) heztekoa ere.

Berrikuntzaren Euskal Agentziak gogo gutxi sumatu zuen gazteen artean ikasketa teknikoak egiteko, eta erronka horrekiko erantzun berritzailea iruditu zitzaion FIRST LEGO League. Honela, Euskadiko lehiaketa aurretiko prestakuntza-programa zabal batez osatzen du Innobasquek, enpresen eta I+G+b Euskal Sistemako zientzia- eta teknologia-erakundeen errealitatea gazteengana hurbiltzeko.

FIRST LEGO League Espainia

Scientia Fundazioak sustatzen du Espainiako FIRST LEGO League, Lego Education Robotix-en, Princesa de Girona Fundazioaren eta Aquarbe-ren laguntza estrategikoaz, azken hau aurtengo edizioko erronkaren (HydroDynamics) kolaboratzaile tematiko gisa. Oraingo hau Espainiako finalaren hamabigarren edizioa da. Aurten 33 sailkapen-lehiaketa egin dira 25 hiritan, eta guztira 15.000 gaztek baino gehiagok eta 2.700 boluntariok baino gehiagok parte hartu dute. Horien artean FIRST LEGO League Euskadi dago, non 200 boluntariok ahalbidetu zuten 1.200 ikasleren parte-hartzea, 37 ikastetxetako 81 taldetan banatuta, estatuko lehiaketarik handiena izanik hemengoa.

Datorren asteburuko programa

FIRST LEGO LEAGUE  Final Handia larunbatean 10:00etan irekiko da hasiera-ekitaldiarekin eta 19:00ak arte luzatuko da. Igandean 10:00etan hasiko da eta 13:30ean amaituko da bukaerako ekitaldi eta sari-ematearen ondoren. Sarrera libre eta doakoa izango da. Argibide guztiak webgune honetan ikus ditzake jendeak: www.fllgranfinal.org.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago