Zientzia eta Teknologiako Euskal Kontseiluak hitzartutakoaren arabera, 446 milioi euroko inbertsioa egingo dute euskal erakunde guztiek datorren urterako, 2015erako eginikoa baino % 5 gehiago. Lehendakaria buru dela, bilera egin dute Garapen Adimendunaren RIS3 Euskadi euskal estrategia gauzatzeko lehen urte honetako jarduerei buruzko balantzea egiteko eta joan den urteko abenduan onartutako Zientzia eta Teknologia eta Berrikuntza Planak (ZTBP) oro har zer aurrerabide egin duen ere aztertu dute.

Kontseilu horretako kide dira Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako, hiru euskal unibertsitateetako eta berrikuntzari lotutako entitate publiko eta pribatuetako ordezkariak. I+G+b estrategia sustatzeko, 446 milioi euro inbertituko dituzte euskal erakundeek 2016an, iaz baino 20 milioi gehiago. Eusko Jaurlaritzak 385 milioiko inbertsioa egingo du, eta foru aldundiek, 61 milioikoa.

Horri gehitu behar zaizkio estatuko administrazio nagusiko programetatik etorriko diren 80 milioi euroak. Euskadin 2016rako I+G+b-n egingo den inbertsioa, guztira, 526 milioi eurokoa izango da; hain zuzen, Zientzia eta Teknologiaren Euskal Planak aldi horretarako aurrez ikusitakoa baino 20 milioi gehiagokoa. Zenbateko horrek “erakusten du euskal industria garatzeko eta lehiakor bihurtzeko motorra ikerketa izatearen aldeko apustu garbia egin dela.”

Balantzea eta etorkizuna

Datorren urterako inbertsioa finkatzeaz gain, Garapen Adimendunaren RIS3 Euskadi estrategiaren eta ZTBPren garapenaren balantzea ere egin dute bileran. Estrategia gauzatzeko lehen urte honetan bete dira Euskadin, 2020ra begira Euskadiren hiru lehentasun estrategikoak ezartzeari lotutako helburuak: fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak-osasuna. Hiru lehentasun horiez gain, sustatu dituzte “aukeren lau lurraldeak” esaten dietenak ere: elikadura, ingurumeneko ekosistemak, hiriko habitata eta kulturaren zein sormenaren industriak.

Gai horiek garatzeko, 2015ean, 7 talde pilotu jarri dira abian eta “berrikuntzaren helizea” esaten zaion hori osatzen duten hiru alorretako ordezkariek hartu dute parte taldeetan: euskal administrazioak, enpresak eta klusterrak, eta zientzia-teknologiaren arloko eragileak. Talde pilotu horiek hasi dira jada lanean. Hiru arlotan ari dira:

– Euskadirentzako etorkizun hurbilean estrategikoak izango diren arloak eta teknologiak hautatzea

– Abian diren proiektuetatik garrantzitsuenak identifikatzea

– Lantalde espezifikoak abian jartzea ezarritako arlo bakoitzean, euskal eragile guztien artean, sustapenerako eta elkarlanerako estrategia gara dezaten.

Azken helburua garatutako ikerketa-proiektuen bikaintasuna areagotzea eta RIS3ren harira finkatutako lehentasunetan, Euskadi Europan erreferentzia izatea da.

Partekatu albiste hau