Bukatu da urte zaharra, eta 2015ak zer ekarriko digun ikusten hasteko ordua da. Berrikuntzaren munduak erronka sorta bat du negozioen eta enpresaren munduarentzat. Aurten berrikuntzak gero eta lasterrago egingo du aurrera, eta ideiak eta prototipoak errealitate komertzial bihurtuko dira.

Ezagutu ditzagun, beraz, 2015eko urte honetan gure agendan kontuan izan beharreko ekitaldi garrantzitsu batzuk:

World Economic Forum 2015

Aurten, urtarrilaren 21etik 24ra bitartean, Suitzako Davos-Klosters-en izango den 2015eko Munduko Ekonomia Foroaren Urteko Bileran gai nagusia “Testuinguru global berria” izango da, non joera kritikoen berehalako eta epe luzerako inplikazioak ebaluatuko baitira, adibidez, tirabira geopolitikoen areagotzea, politika ekonomikoaren normalizazio aurreikusia, eta murriztu ez diren klima-aldaketak, gazte-langabeziak eta diru-sarreren desberdintasunak ekonomian eta gizartean dituzten ondorioak.

Icot 2015

ICOT (International Conference on Thinking) nazioarteko biltzarraren XVII. edizioa Bilbon izango da ekain bukaeran, eta pentsamendua Hezkuntza, Enpresa, Arte eta Kirolera aplikatzea izango da aztergai, eta gaiarekin erlazionaturiko munduko adituak izango dira bertan.

Bilbao Bizkaia Entrepreneur Meetup

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) delakoak 2015eko urtarrilaren 22an, ostegunean, Bilbao Bizkaia Entrepreneur Meetup antolatuko dute; ekintzaileentzako nazioarteko ekitaldi honetan negozio berrien sorkuntzan munduan adituak direnek beren esperientziez hitz egingo dute.  

Nanoteknologiak ere zeresan handia emango du datozen hamabi hilabeteotan:

ImagineNano

Europan Nanoteknologia eta Nanozientzia arloko ekitaldirik handiena den ImagineNano-ren 3. edizioa 2015eko martxoaren 10 eta 13 artean izango da aurten.   ImagineNano-ren 2015eko edizioan nanoteknologiaren garapenean izandako azken nobedadeak aztertuko dira eta Grapheno,  Biomedikuntza eta abarri buruzko hitzaldiak entzungo dira.

Psi-k 2015

Irailaren 6 eta 10 bitartean Donostian Psi-k Conference 2015 izango da, materia kondentsatuaren propietate eta egitura elektrikoaren inguruan ikertzen duen komunitate zientifikoarentzat izaten da ekitaldi handi hau bost urtean behin.

2015ean energia berriztagarriak renovables izango dira euskal ekonomiaren poloetako bat:

Marine Energy week

Bilboko Itsas Energiaren Astea 2015eko apirilaren 20tik 24ra izango da, eta bertan egingo diren saio, mintegi eta jardueretan teknologia berriak, zientzia-ikerketak eta mundu osoan esperimentaturiko azken aurrerapenak azalduko dira zientzia- eta industria-arloko kongresu honetan; itsas energien arloko erakusketa profesionala ere izango da bertan.

2015ean ere monitorizazioa garrantzitsua izango da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemarako:

Indizea

2015ean Indizea eguneratuko da, hau da, Berrikuntzaren Euskal Indizea, euskal enpresek kapital ukiezinean (I+G+b) egindako inbertsioak produktibitatean duen eragina jasotzen duena.

GEM 2015

Global Entrepreneurship Monitor GEM CAPV 2013 azterketak Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekintzailearen diagnostikoa egiten du. Alde batetik, txosten honek eskualde baten jarduera ekintzailea aztertzen du, beste herrialde batzuenarekin eta estatuko beste eskualdeenarekin alderatuz eta, bestetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru lurralde historikoetan bizi diren ekintzaileen errealitatea aztertzen da barrura begira.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Agenteak Egiaztatzeko Dekretu Berria

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Agenteak Egiaztatzeko Dekretu Berriari esker ─eta horren helburua Sare hori egokitzea, antolatzea eta eguneratzea da─, eragile bakoitzaren helburuak eta kokapena zehaztuko dira I+G+b-ren balio-katean espezializazio, bikaintasun eta egoerari dagokionez.

Hori guztia Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteen eraginkortasuna areagotu eta emaitzetara bideratzeko, eta beraiek EAEko produkzio- eta gizarte-ehunera  egiten duten balio-ekarpena hobetzeko, lankidetzaren eta osagarritasunaren bidez.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago