Europako elikadura-industriak 44 milioi pertsona enplegatzen ditu Europa osoan.  Datozen 7 urteetan Europak 1.700 milioi euro inbertituko ditu berrikuntza eta hezkuntzan ekimen aitzindariak garatzen, elikagaien hornikuntza-kate iraunkor berriak bultzatzeko, non kontsumitzaileak zeregin protagonista izango duen. Horretarako, Europan partzuergo berria sortu da, Europako Berrikuntzaren eta Teknologiaren Institutua (EIT) eta 50 enpresa, unibertsitate eta ikerketa-zentro, beren eremuan liderrak eta balio-kate osoa hartzen dutenak, gidari direla. Horien artean Innobasqueren bi bazkide daude: Azti eta Angulas Aguinaga. Kontsumitzaileak aldaketaren eragile gisa direla, kontua da biraketa bat ematea gaur egun elikagaiak ekoitzi, banatu eta kontsumitzen diren moduari. Datozen zazpi urteetan, ia 1.200 milioi euro inbertituko dira, eta horiei beste 400 milioi euro gehitu behar zaizkie EITk finantzatuta.

Elikagaien etorkizuna Europako Batzordearentzat lehentasuna da. “Ezagutzaren hirukia”, ikerketan, hezkuntzan eta enpresa-espirituan oinarritua, funtsezkoa izango da Europako ekonomiaren lehiakortasun globala bultzatzeko. Peter van Bladeren-ek ─Nestec-eko lehendakariorde, Nestléko araudi- eta zientzia-gaietarako zuzendari global eta EIT Food-eko lehendakariak─ uste du “EIT Food ikasketa-planak garatzera konprometitu dela bai ikasle gazteentzat eta bai elikadurako profesionalentzat, sektorean berrikuntzaren eta enpresa-sorkuntzaren indar bultzatzaile gisa jardungo dutelarik. Ekimen honek lehiarako onura paregabea emango dio Europako elikadura-industriari”.

Ekimen honen helburuen artean daude Europako kontsumitzaileen %60 gutxienez iritsi dadila fruta, barazki, labore eta proteina maila egokiak hartzera, baita gatz, azukre eta koipe saturatuen nutrizio-maila onenetara ere, OMEk (OMS) 2030erako gomendatzen duen bezala. Halaber, elikagaien egungo galera %50 murrizten ere lagunduko du datozen 10 urteetan.

EIT Food-ek 4 berrikuntza-programa jarriko ditu martxan:

1.- Food Connects Assistant: elikadura osasungarri pertsonalizatua.

2.- Your Fork2Farm: kontsumitzailea ardatz duen hornikuntza-katearen garapena, eta teknologia berriak onartzea elikagaien lanketa, prozesaketa eta banaketan. 

3.- The Web of Food: elikadura-sistemaren digitalizatzea.

 4.- The Zero Waste Agenda: prozesu eraginkorrak baliabideekin, elikadura-sektorea aitzindari bihurtuz egungo eredu lineala (ekoitzi-erabili-ezabatu) bioekonomia zirkularreko eredu bilakatzeko.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago