Europako Batzordeak urrea, urrezko pipitak, bilatzen ditu, edo beste era batera esanda, oso berritzaileak diren ETEak, denbora laburrean hazteko ahalmen handia eta presentzia globala dutenak. Eta pipita hauek egoerarik onenean hazten direla ziurtatzeko, ETE Tresna sortu du, finantzaketa-metodo berria. Oraingoz, 16 euskal enpresa aukeratu dituzte talde hautatu honetan sartzeko: Biolan, Deusto Sistemas, Sapa Operaciones, Instant Sport, Nesplora, Fresmark, Farsens, Iline Microsystems, Neosurgery, Arime, Graphenea, Artinvet, Lointek, GTZ Microlab, Lancor eta Bioftalmik. 

Horizon(te) 2020 asmo handiko programaren parte den ekinbide honen helburua Europako lehiakortasuna hobetzea da. Honela, ETE Tresnaren bidez, finantzaketa ematen zaie enpresa hauei, eskaintzen duten produktu edo zerbitzua lehenbailehen merkatura irits dadin.

Programak 3 fase ditu:

1.  Sei hilabete irauten du eta Batzordeak 50.000 euro injektatzen ditu ETEan, itzuli beharrik gabekoak, eta estres-proba egiten dio enpresari, ea aurkeztu duen negozio-planak erresistitzen duen egiaztatzeko. Fase honetan proiektuaren bideragarritasun teknikoa erakutsi behar da.

2. Fasea: Produktu edo zerbitzua froga eta test bidez aztertzekoa. Bi urtera arteko iraupena. Merkatura iristeko behar den guztia jartzen da. Diru-ekarpena 0,5 eta 2,5 milioi euro artekoa da.

3. Fasea:  Inbertitzaile pribatuengana eta berrikuntza eman diezaioketen bazkideengana iristea erraztuko dioten inguruneetan jartzen da ETEa. ETEak hainbat laguntza-neurriz baliatzen dira: sareak, aholkularitza, prestakuntza eta abar.

Programa honetan sartzeko, esteka hau kontsultatzea edo Innobasquerekin harremanetan (T. 944 209 488) jartzea komeni da, non Nazioartekotzeko taldeak aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen baitu. 

Enterprise Europe Network (EEN) sareak, eta horren parte da Innobasque, hiru faseetan laguntzen die ETEei. Kasu honetan, hautaturiko 16 ETEetako 13ri laguntzen ari dira espezialistak, eta business coach-ekin harremanetan jartzen dituzte. Hauen eginkizuna ETEa ahalduntzea da bere ahaleginetan eta planteaturiko erronketan, era arrakastatsuan merkaturatzeko bere berrikuntza. Coach izan nahi dutenek urriaren 23an Vascoc Coaching Euskal Kongresuaren esparruan emango den tailer batean har dezakete parte. 

Baina, zer egiten dute zehazki 16 euskal “urrezko pipitek”?

Biolanek ekipo baten miniaturizazioan lan egiten du, itsaskietan in situ toxikoak detektatzeko gai izango dena analisiak laborategietan egin ordez.

Sapa Operaciones ibilgailu astunaren transmisio-teknologia berrien arloan lan egiten du

Deusto Sistemasek geolokalizazioko plataforma eskaintzen du arlo publikorako.

Instant Sportek surf egiteko olatu artifizialak sortzeko teknologia garatu du, eta gainera aholkularitza-zerbitzu adituak eskaintzen ditu, kirolarekin eta turismoarekin lotuak. Une honetan 2 gune ari dira eraikitzen teknologia honekin: bat Galesen eta bestea Austin-en (AEB).

Nesplora neurozientzietako enpresak errealitate birtualeko test bat sortu du, Arreta Defizitaren eta Hiperaktibitatearen Sindromea diagnostikatzeko.

Fresmakek amarratzeko soluzioak eskaintzen ditu.

Farsens CEIT-IK4-ren spin off-a da, harigabeko sentsoreak egiten dituena, autoen pneumatikoak neurtzeko energiarik behar ez dutenak.

Iline Microsystems e-health-eko enpresa da.

Neo Surgeryk diskoko hernietarako inplantea garatu du.

Arimak zibererasoen aurka babesteko software berritzailea garatu du.

Grapheneak grafenoa, etorkizuneko materiala, garatu eta merkaturatzen du.

Artinvet aintzindari da animalien medikuntza birsortzailearen sektorean.

Lointekek teknologia, trinkoa eta garraiagarria, garatu du eguzki-energia termikoko instalazioetan erabilitako olioa lehengoratzeko.

GTZ Microlab elikagaietako mikroorganismo patogenoen analisi bizkor eta erraza garatzen ari da.

Lancor kostu apaleko turbina sortzen ari da haize-sorgailuentzat.

Bioftalmik begiak zaintzeko biomarkatzaileetan oinarrituriko diagnosi ekipamendua lantzen ari da.

ETE Tresnari edo Europako Batzordearen beste finantzaketa-tresna bat den Fast Track to Innovation-i buruz gehiago jakin nahi dutenak Bizkaiko Zientzia  eta Teknologia Parkean azaroaren 5ean izango den jardunaldira etor daitezke, eta xehetasun gehiago eman eta zalantzak argituko dira bertan.

 

Partekatu albiste hau