Bilboko Begoñazpi ikastolako bi talde eta Donostiako Axular Lizeoko talde bat lehen, bigarren eta hirugarren postuetan geratu dira Innobasquek antolatutako FIRST Lego League Euskadi (FLL Euskadi) zientziaren eta robotikaren nazioarteko txapelketako zortzigarren edizioan. Euskadiko 500 ikasle inguruk, taldeka banatuta, hartu dute parte gaur Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan Euskaltelek duen egoitzan. Haiek animatzera eta Opengune izenekoan antolatutako jarduera paraleloen egitarau zabalean parte hartzera joandako 1.500 pertsona inguru ere bertan izan dira. Besteak beste, droneei buruzko tailerra, dastatzeak edo Ertzaintzaren txakur-unitatearen erakusketa (helikopteroz iritsi da) izan dira ikusgai.

Aipatutako hiru taldeek FLLren Espainiako finalean hartuko dute parte. Martxoaren 18an jokatuko da Logroñon eta Open European Championship txapelketara edo Estatu Batuetan jokatuko den World Festivalera joateko txartela eskuratzeko aukera izango dute. Beren proiektu zientifikoaren kalitatean eta berrikuntzan, diseinatutako eta programatutako robotaren fidagarritasunean eta txapelketa osoan erakutsitako balioetan talde onenak izan direlako eskuratu dute aukera hori.

FLL Euskadiren zortzigarren edizioan 6 eta 9 urte arteko 100 neska-mutil izan dira Junior FLL kategorian, eta 10 eta 16 urte arteko beste 400 gazte FLL kategorian. Guztiek hilabeteak daramatzate beren proiektu zientifikoetan lanean. Proiektu horiek aurtengorako ezarritako erronkari erantzuna ematen diote eta aipatu beharrekoa da mundu osoko 88 herrialdetako 1.500 edizioetarako erronka bera izan dela: nola hobetu animalien eta pertsonen arteko harremana. Esteka honetan klik eginda , gertatukoaren inguruko irudien bildumara sartuko gara. Hemen klik eginda, aldiz, saritutako taldeen zerrenda osoa ikusiko dugu.

First Lego League bokazio zientifikoak eta teknologikoak pizten dituen nazioarteko txapelketa da. Horrez gain, lehen eta bigarren mailetako hezkuntzako ikasleen artean hainbat gaitasun garatzea bultzatzen du: taldeko lana, ekintzailetza, arazoak konpontzeko gaitasuna edo pentsamendu kritikoa. Gazteek taldeka hartzen dute parte eta urtero aldatzen den mundu mailako erronka bati erantzuna eman behar diote. Horretarako, adituek osatutako epaimahaiaren aurrean defendatu beharreko proiektu zientifikoa garatu, eta robot bat diseinatzen eta programatzen dute misio jakin batzuk bete ditzan. Hori guztia taldean lan eginda egiten dute, sormena, ekintzailetza eta berrikuntza oinarri hartuta. FLLren balioek robotaren jokoa eta proiektua puntuatzen dituzte.

FLL Euskadik zortzi urte daramatza enpresekin, teknologia-zentroekin, unibertsitateekin eta erakunde publikoekin lankidetza-eremu propioa bideratzen. Parte-hartzaile gazteek toki horietara prestakuntzako bisitak egiten dituzte eta, horietan, erronka tematikoarekin lotutako errealitatean Euskadin zer egiten den ikasten dute. Aurtengo edizioan, honako zentro hauek lagundu dute ikasleak prestatzen: Neiker Tecnalia, EHUren Kultura Zientifikoaren Katedra, Urdaibai Bird Center, Azti Tecnalia, Aberekin, Donostiako Aquariuma, EHUren SGIkerb Animaliategia, Hazi fundazioa, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Ertzaintza, Ethological Solutions eta Txepetxa Eraztuna Jartzeko Elkartea.

Txapelketa sendotu egin da Euskadin gazteenen artean zientzia, teknologia eta berrikuntza ikaskuntza-esperientzia dibertigarri eta zirraragarri baten bidez sustatzeko programa integral gisa.  FLL Euskadik egindako 8 edizioetatik ia 3.000 ikasle igaro dira dagoeneko eta Europako eta Estatu Batuetako nazioarteko faseetan parte hartu duten Euskadiko taldeak 10 izan dira orain arte. Gainera, urtero antolaketa-lanak egiten laguntzen duten ehun boluntariok baino gehiagok hartzen du parte.

STEAM hezkuntza

FLL Euskadi Innobasquek bultzatzen duen Berrikuntza Eskola programaren baitan dago. STEAM gaitasunak (zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika izendatzeko ingelesezko akronimoa) deitzen zaienen bidez gazteenen artean berrikuntza bultzatzea xede duen ekimena da.

Munduan gero eta handiagoa da diziplina horretan kualifikatutako profesionalen eskaera. Etorkizunean joera hori mantendu egingo dela aurrez ikusi dute; ondorioz, ingeniari, teknologo edo ikerlari gehiago beharko da. Dena den, bokazio zeintifiko-teknologikoak dituzten ikasleen kopurua ez da proportzio berean hazi. STEAM hezkuntzaren bidez, ikasleek berrikuntzarekin lotutako trebeziak eta gaitasunak gara ditzakete, etorkizunean lanbide zientifiko-teknikoa izango duten axola izan gabe.

First Lego League Euskadiri buruz

FLL Euskadi Innobasquek Euskaltel Konekta fundazioaren, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin bultzatutako ekimen publiko-pribatua da.   Gainera, honako hauen laguntza ere jaso du: Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniaritza Elkartea, Ausolan, Bridgestone, Basque Health Cluster eta Bilbao Dynamics.

Hona hemen gertatutakoaren inguruko laburpen txiki bat.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago