Etorkizuneko lanek gaitasun eta trebetasun berriak eskatuko dituzte, eta hor STEMek (ingeleseko siglen arabera, zientzia, teknologiak, ingeniaritzak eta matematikak) aukera ematen dute beharrezkoak izango diren gaitasunak, trebetasunak eta ezagupenak garatzeko.

      • Nola irakatsi gai hauek ikasleei bokazio kopurua gehitzeko moduan: erronka horri erantzun nahi zaio Administraziotik, enpresetatik edo ikastetxeetatik, eta hori garbi geratu da Innobasquek antolaturiko jardunaldian: “Zergatik dira STEMak funtsezkoak XXI. mendeko hezkuntzan?”
      • Gaur goizean Berritzegune Nagusi, Begoñazpi ikastola, Elhuyar Fundazio, Tabakalera eta DeustoTech Learning-en jardunbide egokiak eman dira ezagutzera.

    Prentsa-oharra (PDF, 544 Kb)

    Bilbo, 2015eko abenduaren 15a. Gaur goizean izan da Bilbon Zergatik dira STEMak funtsezkoak XXI. mendeko hezkuntzan?” jardunaldia, Innobasquek antolatua Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean. Bertan azaldu denez, Europan zientzia, teknologia, ingeniaritza edo matematika arloetan (ingeleseko siglen arabera, STEMetan) enplegua gero eta handiagoa da, eta are gehiago izatea espero da datozen urteetan. Lanbide Bokazioaren Garapenerako Europar Zentroaren azterketaren arabera, unibertsitate-ikasketa hauetan titulua dutenen eskaria haziko da 2020ra arte, baina beste okupazio batzuetarako %3 bakarrik haziko da. Horregatik, funtsezkoa da jakintza-arlo hauetako bokazioak gehitzea eta ikasleek etorkizuneko profesionalei eskatuko zaizkien trebetasun batzuk garatzea. Horren haritik, Munduko Ekonomia Funtsak eta The Boston Consulting Group-ek 16 gaitasun, trebetasun eta nolakotasun identifikatu dituzte, ikasle orok izan behar dituenak lan-merkatuan arrakasta izateko; adibidez, aritmetika, IKTak, finantzak, kultura eta zibismoa, pentsamendu kritikoa, problemak ebazteko gaitasuna, sormena, komunikazioa, lankidetza, jakin-mina, ekimena, iraunkortasuna, egokitzeko gaitasuna, lidergoa eta gizarte- eta kultura-kontzientzia.

    Bata ere jardunaldian aztertu da nola irakatsi gai hauek era erakargarrian, eta honetan parte hartu dutenak ondorengoak izan dira: Elvira Gonzalez, Berritzegune Nagusian Natura Zientzietako aholkularia; Merkat Bernaola, Begoñazpi ikastolako zuzendaria; Danel Solabarrieta, Elhuyar Fundazioko hezkuntza-proiektuen koordinatzailea; Diana Franco, Tabakaleran Hirikilabs-en arduraduna; Maria Luz Guenaga, DeustoTech Learningen Ikerketa-unitateko arduraduna; Asier Perallos, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko Informatika Ingeniaritzako zuzendaria; Alberto Bokos, Innobasqueko Sozializazio zuzendaria.

    Gonzalezek Zientzia Hezkuntza ekinbidea azaldu du, nahitaezko irakaskuntzako irakasleei laguntzekoa, didaktika praktiko eta berritzailea bultzatzen duelarik zientzia-gaitasunak garatzeko. Hau eta GoLab online laborategiak Eusko Jaurlaritzaren mendeko Berritzegune Nagusiak hezkuntza ez-unibertsitarioaren berrikuntza eta hobekuntzarako duen laguntza-zerbitzuak sustatzen ditu.

    Bestalde, Bernaolak kontatu du haurrek nola ikasten duten matematika xakean eginez Begoñazpi ikastolan; Euskadin lehenengo ikastetxea da xakea eskola-curriculumaren barruan sartu duena. Honela, 4 urteko ikasleek xakea ikasgai gisa lantzen dute, eta irakasgai hau Lehen Hezkuntzako etapa osora hedatzea da helburua.

    Bestalde, STEMen inguruan detektaturiko ahultasunetako bat da mutil gehiagok egiten dituela honelako ikasketak neskek baino. Egoera orekatzeko, Elhuyar Fundazioak Sting europar proiektua koordinatzen du, zientzia-hezkuntzan genero-ikuspegia ere sartzeko. Honela, lau unibertsitate, hiru zientzia-zentro eta fundazioa prestakuntza-ikastaro bat ari dira garatzen, 10 eta 16 urte arteko ikasleei eskola ematen dieten zientzia-irakasleentzat.

    Halaber, Donostian Tabakalerako laborategien proiektua den Hirikilabs-en berezitasunaren berri eman da; bertan teknologia erreminta pedagogiko gisa erabiltzen baita.

    Azkenik, Deustotech Learning-eko Guenagak Trastea Club aurkeztu du; bertan jarduerak eta lantegiak antolatzen dituzte 4 eta 14 urte arteko ikasleentzat, ikasleei nahiz ikasten ari diren ikastetxeei zuzenduta.

    Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekinbide honekin Innobasquek berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.

    Partekatu albiste hau