Innobasquek eta Estatu Batuetako Cleantech Group enpresak, 2013ko apirilaren 16tik 18ra, CLEANTECH FORUM EUROPE 2013 antolatuko dute, teknologia berrien europar foro garrantzitsuena, lehenengo aldiz Europaren hegoaldean egingo dena, Bilbon, hain zuzen ere. Horrela iragarri dute gaur goizean Guillermo Ulaciak, Innobasqueko presidenteak; Agustín Delgadok, Iberdrolako Berrikuntza-zuzendariak; eta Ibon Aresok, Bilboko Udaleko lehenengo alkateordeak.

  • CLEANTECH FORUM EUROPE teknologia garbien Europako enpresa-topaketarik garrantzitsuena da; lehenengo aldiz egingo da Europako hegoaldean, Bilbon hain zuzen ere, eta bertan Latinoamerikako erakundeen presentzia berezia izango da.
  • Errentagarritasun ekonomikoa eta kostuetan eraginkortasuna ingurumen-eraginaren eta baliabide-kontsumoaren murrizketarekin uztartzen dituzten negozio-ereduen industria dira teknologia garbiak.
  • Europan, teknologia garbien industria urtean %7ko erritmoan hazten da, 319.000 milioi euro fakturatzen ditu eta 3,4 milioi pertsonari ematen die enplegua.

Prentsa oharra (PDF, 440 Kb)

Madril, 2012ko azaroaren 28a. Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta Estatu Batuetako Cleantech Group enpresak, 2013ko apirilaren 16tik 18ra, CLEANTECH FORUM EUROPE 2013 antolatuko dute, teknologia berrien europar foro garrantzitsuena, lehenengo aldiz Europaren hegoaldean egingo dena, Bilbon, hain zuzen ere. Horrela iragarri dute gaur goizean Guillermo Ulaciak, Innobasqueko presidenteak; Agustín Delgadok, Iberdrolako Berrikuntza-zuzendariak; eta Ibon Aresok, Bilboko Udaleko lehenengo alkateordeak. CLEANTCH FORUM EUROPE enpresa-topaketa bat da, eta urtero bertan izaten dira nazioarteko 400 zuzendaritzakide baino gehiago, inbertsio-funtsen, industria-korporazioen, ezagutza-zentroen eta start up-en arduradunak, teknologia garbiekin loturikoak eta betiere negozio-aukeren bila dabiltzanak. Foro honen bederatzigarren edizioak –aurrez Londres, Paris edo Munich-en egin izan da– teknologia garbien Latinoamerikako proiektu eta enpresen presentzia berezia izango du. Industria hau gai da 2020. urtera arte 1,5 milioi enplegu sortzeko Europar Batasunean (iturria: EU environment policy supporting jobs and growth).

Cleantech edo teknologia garbiek osagai berritzaile sendoa dute, Europako hegoaldeko herrialdeentzat garrantzi estrategikoko industriatzat jotzen dira, errentagarritasun ekonomikoa eta kostuetan eraginkortasuna ingurumen-eraginaren eta jarduera ekonomikorako beharrezkoak diren baliabideen kontsumoaren murrizketarekin uztartzen dituzten negozio-ereduekin erlazionaturik baitaude. Sektore honetan energia-teknologiak sartzen dira (smart grid-ak, energia berriztagarriak, etab.), mugikortasun iraunkorra, material aurreratuak, ur eta hondakinak birziklatzea eta kudeatzea, ekodiseinua ondasun eta ekipamenduetan, etab. Europan, 3,4 milioi pertsona daude (industria kimikoan edo automobilgintzan baino gehiago), 319.000 euro fakturatzen dituzte eta urtean %7ko erritmoan hazten dira. Cleantech Group-en arabera, 1.300 milioi euroko balioa zuten arrisku-kapitaleko inbertsioak izan zituzten 2011n. Munduan 2 bilioi euroko merkatua suposatzen dute, eta %6,5eko hazkundea dute urtean.

Horregatik, “merkatu honi erantzuteko lidergoa hartzen duten herrialdeek enplegu aldetik hazkunde garrantzitsuak izan ditzakete”, esan du Guillermo Ulaciak, Innobasqueko presidenteak, eta nabarmendu du aukera horri erantzuteko, Berrikuntzaren Euskal Agentziak SOUTHERN EUROPE´S CLEANTECH HUB bultzatzen duela, Europa hegoaldeko teknologia garbien plataforma, “gure enpresak, handiak eta txikiak, batera merkatu globalean kokatuko dituena”. Euskaditik abiarazitako ekimena da; bere adituen batzordea 20 korporazio eta trakzio-enpresek, ezagutza eta I+G zentroek, erakunde eta eragile espezializatu garrantzitsuek eratzen dute, Europaren hegoaldea industria honetan erreferente-gune bihurtzen dutelarik. Honako hauek daude batzorde horretan: Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila, Degremont, Iberdrola, Gamesa, Repsol YPF, Mondragon Korporazioa, CAF, Idom, Sener, Velatia (lehen Ormazabal taldea), Arteche, CIE Automotive, Gestamp, Mercedes Benz, ZIV, Ibermática, Ingeteam, Kutxabank, Tecnalia, IK4 Research Alliance, Cener, Deloitte eta B+I Strategy.

Iberdrola da SOUTHERN EUROPE´S CLEANTECH HUBeko kide den enpresa horietako bat eta gainera Innobasqueko Eko-Berrikuntza dinamikaren liderra da. Horren ordezkari gisa, Agustin Delgadok, Iberdrolako Berrikuntza zuzendariak, zera azpimarratu du: “SOUTHERN EUROPE´S CLEANTECH HUB bezalako plataformak izatea eta CLEANTECH FORUM EUROPE bezalako ekitaldiak antolatzea urrats estrategikoak dira teknologia garbietan polo berritzaile bat eraikitzeko. Energia berriztagarrietan munduan lider eta sare adimendunen garapenean erreferente den aldetik, Iberdrola bere arloan abangoardiarako bidea markatzen ari da eta, gaur gaurkoz, offshore eolika, itsas energia eta smart grid arloetako ekimen askotan dago murgilduta mundu osoan, etorkizuneko premiei erantzuten ahaleginduko diren ekimenetan”.

Bestalde, Ibon Aresok, Bilboko Udaleko lehen alkateordeak, berriro argi eta garbi azaldu du bere babesa CLEANTECH FORUM EUROPE Bilbon egiteko, aurreko aldietan forum honetan izan baitira, besteak beste, Ikea, E.on, RWE, Siemens, Veolia, 3M, Air Liquide edo EDF enpresetako zuzendaritzetakoak. Aresok esan du “Bilboko Udalaren kezka estrategiko garrantzitsuenetako bat, handiena ez bada, bere herritarrentzat ekonomia eta enplegua sortzea dela. Horren haritik, teknologia garbien eremuan hau bezalako topaketa bat bereziki ongi hartua da gure hirian, zeren eta, gainera, urrezko aukera baita gure enpresentzat. Bilbok eraldaketa garrantzitsua bizi izan du, arrakasta hori nazioartean ere aitortu dute, eta industria-hiri izatetik hiri atsegin eta zerbitzu-hiri izatera igaro gara. Hala ere, Bilbo ezin da geldi geratu, jarraitu egin behar du eraldatzen hiri adimendun bihurtu arte, eta bertan ezagutza edo jakintzak, berrikuntzak, garapenak eta teknologia berriek elkarren eskutik joan behar dute. Garrantzi honetako ekitaldiak lagungarriak izan daitezke eraldaketa berri hori bultzatzeko”.

Partekatu albiste hau