SPRI Taldeak eta Innobasque-k berrikuntza ez teknologikoko proiektuak martxan jartzeko laguntza emango diete ETEei, bereziki lehenago berrikuntzari laguntzeko programetan parte hartu ez dutenei. Hazinnova da ekimen honen izena. 

Hazinnova ekimenaren bitartez, SPRI Taldeak 2’5 milioi euroko lizitazio bat aktibatu du agente adituen (normalean aholkularien) sare bat sortzeko. Aditu horiek zerbitzuak emango dizkiete ETEei eta berrikuntza ez teknologikoko konponbideak ezartzen lagunduko diete. Innobasque-k figura bat sortu du, Hazinnova Agentea deitua (garapen-agentziak, elkarteak, e.a.), proiektuak martxan jartzen laguntzeko. 

Hazinnovak laguntza zerbitzuak emango ditu, epe laburrean emaitzak sor ditzaketen mikro-proiektuak garatzeko. Ekimenaren helburua da 15 hilabeteren buruan 500 bat mikro-proiektu garatzea 8 arlotan: ekonomia eta finantzak, produkzioa, logistika, barne-prozesuak, pertsonak, bezeroak, merkatu berriak eta markak eta diseinuak. 

Berrikuntzarako aholkularitza eta laguntza zerbitzu hau bereziki zuzenduta dago 2016 eta 2018. urteen artean Innobideak programaren laguntzarik jaso ez duten ETEei. ETE bakoitzak bi zerbitzu jasoko ditu gehienez, mota desberdinetako mikro-proiektu berritzaileak garatzeko. Orobat jaso ahal izango dituzte markak eta diseinuak erregistratzeko zerbitzuak mikro-proiektuetarako, kopuru mugaturik gabe. 

Hazinnova aholkulariak eta agenteak 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak, SPRI Taldeak eta Innobasque-k bultzatzen eta koordinatzen dute Hazinnova ekimena. Lizitazio bat abiarazi da, berrikuntza prozesuetako aholkularitza, laguntza eta jarraipen zerbitzuak eman nahi dituzten enpresa aholkulari espezializatuei zuzendua.  Aholkularitza, laguntza eta jarraipen hori fase guztietan eman ahal izango dute enpresa horiek: eskaerak atzeman eta tramitatzeko fasean, proiektua garatzean eta esperientzia ebaluatu eta sozializatzean. 

Aholkularitza horien lanak helburu hauek ditu: berrikuntza ez-teknologikoko konponbideak modu proaktiboan eraman ETEetara, berrikuntza ez-teknologikoen abantailei buruzko sentsibilizazio-lana egiten lagundu, eta Hazinnova ekimenean barneratutako ezagutzak aprobetxatu etorkizuneko ekintzak diseinatu eta ezartzeko. Orobat bilatzen da ebaluazioa objektiboa dela bermatzea, ziurtatzea proiektuak egokiak direla programarako, eta laguntza ematea enpresei beste laguntza batzuk lor ditzaten, baldin Hazinnova ekimena ez bada egokiena euren premiak asetzeko. 

Bestalde, Innobasque-k Hazinnova Agenteak koordinatuko ditu (garapen-agentziak, elkarteak, e.a.), zeintzuek proiektuen identifikazio eta aktibazioan lagunduko baitute. Agente horien helburua izango da enpresetara joatea detektatzeko ba ote den euretan premia eta interesik ekimen horren laguntza jaso dezakeenik, eta baita ere proiektu horien garapen eta ezarpen prozesuetan sartzea enpresa aholkularien bitartez.

Partekatu albiste hau